Manga egileak japoniarren batez bestekoa baino hogei urte gutxiago bizitzen dira
Dragoi Bola, One Piece, Naturo… gure manga gustukoenek obra hauen egileen osasuna narriatu dute.
Martxoaren 1ean hil zen Akira Toriyama, Dragoi Bolaren sortzailea. Berari 68 urte soilik zituela agur esan beharra mingarria izan da zale askorentzat. Ez da erlatiboki gazte hiltzen den manga egile bakarra. Toriyamaren heriotzak eztabaida berpiztu du: gure telesail gustukoenak sortzen dituztenen muturreko baldintzak.
Kentaro Miurak, Berserk-en sortzaileak 54 urte baino ez zituen 2021ean, hil zenean. Yoshihiro Togashiren osasuna izugarri txarra da urte batzuetatik hona eta Hunter x Hunter-en argitalpena gerarazi beharra izan du. One Piece-en egilea den Eichiro Odak diabetesa eta hezureria du. Ez du ia jaten, ez lo egiten, manga amaitzeko lanean ari baita. Masashi Kishimotok Naruto-n lanean ari zen garaian egunero hiru bat ordu soilik egiten zituen lo.
Hauek mangaka famatuen adibide batzuk baino ez dira. Izan ere, blogak idazten aritzen den japoniar ezagun bat lanbide honek egileen bizitzetan nola eragiten duen biltzen hasi da. Bere ikerketa txikiaren bitartez behatu du mangaken bizi-itxaropena batez beste 62,6 urtetakoa dela. Japoniarren ohiko batez bestekoa, ordea, 83 urte ingurukoa da, ia hogei urte gehiago!
Osatutako zerrendak 219 mangaka biltzen ditu eta behatu liteke zerrendako izen ugari 30-40 urte inguruan hil zirela. Industriaren barruan normaltzat jotzen da hau eta onartuta dago egileek euren osasuna kaltetuko dutela sortutako obraren mesedetan.
Mangaren izen handietako asko astero argitaratzen dira. Egileek gutxienez hogei orri berri amaitu behar dituzte, astero, erritmo zorabiagarrian. Dieta eskasa, lo ordu gutxi, postura desegokiak, sekulako estresa eta marrazki-mahaira itsatsitako bizitzak ondorioak ditu, eta gehienetan, behar baino goizago behatzen dira hauek.
Zoritxarrez, praktika hauek ez dira berriak. Mangaren industriaren hastapenetatik ikusi izan dira. Bere garaian, Shigeru Mizukik, GeGeGe no Kitaro eta Akuma Kun mangen sortzaileak, kritikatu zuen bere lankideek harro ziotela ez zutela lorik egiten. Azkenean, Shotaro Ishinori eta Osamu Tezuka 60 urterekin hil ziren. Bitartean Mizuki bera 93 urtera arte bizi izan zen.
Dena den, badirudi gauzak pixkanaka aldatzen ari direla industria honetan. Black Clover deitutako argitalpenak bere erritmoa aldatu du. Hiru hiletik behin argitaratzen da egileek lasaitasun gehiagoz lan egin dezaten. Hala ere, oraindik asko dago aldatzeko eta bizi dituzten baldintza kezkagarriak eta muturrekoak dira.
