Manderlay ****

Lars von Trier zinemagile daniarra Ameriketako Estatu Batuei buruz osatzen ari den trilogiaren bigarren filma da Manderlay. Dogville gordinaren hariari jarraiki, Grace xaloa eta haren aita Manderley izeneko herrixkara iritsiko dira. Kotoi-sail handia baino ez da herrixka, eta bertan langile beltzak esklabutza bukatu ez balitz bezala ari dira lanean. Hortaz, Grace idealistak esklabutzarekin amaitu, eta demokrazia ezarriko du. Bere ahaleginak, ordea, kaosa ekarriko du. Arrazismoa gaitzesteaz gain, herri bati bere ongizatea lortzeko bada ere ezin zaiola arau arrotzik inposatu ere salatzen du Lars von Trierrek. Zentzu horretan, Irakeko inbasioa duela gogoan dirudi. Nicole Kidmanekin izandako arazoen ondorioz, protagonista aldatu behar izan zuen zinemagile danimarkarrak. Hala, Bryce Dallas Howardek jokatzen du rol nagusia film honetan. Bestalde, Dogville filmeko dekoratu minimalistak berreskuratzen ditu Von Trierrek. Drama politiko intelektual ausart eta aparta da.