Mamuak uxa itzazu!

Mamuak uxa itzazu! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mamuak-uxa-itzazu/@@download/image/56p14-1.jpg
2005/10/07
erreportajea
Larraitz Arando
Sexuan, harremanetan... zein gauzei diegu beldurra? Zeintzuk dira uxatu beharreko mamuak? Hona hemen zerrenda koxkor bat. 

Beldurra beharrezkoa izaten da egoera batzuetan, une batez gelditu, eta zer egin birritan pentsatzeko. Hala ere, azkenaldion izuaren fenomenoa gehiegi zabaldu da, eta gazte asko gure gorputzari beldurra izatera heldu gara. Askotan, garen bezalakoak izateko eta gure benetako desirak kanporatzeko beldurra izaten dugu. Izan ere, izutu egiten gaitu gure desirak gure ingurukoenen bestelakoak ote diren pentsatze hutsak.

Izan ere, oso zaila da bestelakoa zarela onartzea. Horrexegatik, errefuxatuko ote gaituzten beldurrak eraginda, lasai bizitzen uzten ez diguten "mamuak" sortu dizkigute. Zenbat gauzei ez ote diegun beldurra…

"
Gustuko zaitut" esateari
Zenbat kostatzen den, "zurekin gaua pasatuko nuke" edo "zu ikustean, gorputza puzten zait" esatea, ezta? Bakoitzaren abildadearen arabera, arma bat edo beste erabili ohi da horrelako gauzak esateko: gutunak, abesti bat konposatzea, keinu probokatiboez jositako dantza, musika cd-ak trukatzea, keinu sentsualak egitea, ukitu goxoak….

Hauetako edozein kode erabilita ere, "gogoko zaitut" adierazten ari gara. Dena den, horrelako mezuak bidaltzerakoan, hartzailea adi egotea eta bere interpretazio gaitasuna oso garrantzitsuak izaten dira: zuk bidalitako mezua deskodetzeak ere bere lana du eta.

Ikastetxeetan eta unibertsitatean igorle gisa ditugun gaitasunak landu eta garatuko bagenitu, askotan ez ginateke gauden egoeran egongo. Zenbat aldiz gertatu zaigu, norbaitek gu gustuko gaituela adieraztea, eta gu konturatu ere ez egitea?

Hala ere, norberak bere buruari erronkak jarriz, eta pentsatzen duguna datorren bezala esanez, igorle modura treba gaitezke. Asko ikasten da horrela.

Ezetz esateari… eta "ez" entzuteari

Harreman kontuetan, errazagoa izaten da "bai" esatea, "ez" esatea baino. Ezetz esateko traba gehiago izaten ditugu: besteak pena ematen digulako, mina egin diezaiokegulako, adiskidetasuna puska daitekeelako… horrelako aitzakia asko egoten dira hainbeste kostatzen zaigun ezetz hori justifikatzeko.

Horrelako egoeretan, batzutan sentimenduak nahasten dira (batzutan soilik), eta gauzak konplikatu egiten ditugu. Sentimenduekin tentuz ibili behar dugula esan digute, eta horrelakoren bat tartean denean, alarma gorria pizten dugu. Askotan, alarma horrek, lagundu baino, korapilatu egiten gaitu. "Ezetz" entzuteak ere ikara sortzen digu: ez garela haren estilokoa, ez dela bere momentua, edo beste bat gogoko duela jakiteak kokildu egiten gaitu.

Hain zuzen, kokiltze honek urratsa ematen galarazten digu, eta askotan, hainbeste atsegin dugun horrek zer esango lukeen jakiteko gogoarekin gelditzen gara. Baina urratsa eman gabe, ezetza segurua da beti: beraz, pausoa eman behar da, agian ezustekoren har dezakegu eta.

Bakarrik geratzeari

Normalean, gaitz honek hogei urteak bete eta handik puska batera erasotzen gaitu. Gure gizarte ordenatu hau bikoteka bizitzeko antolatuta dago: ezkontza, etxebizitza, familia eredua, seme-alabak… Bikotea izatea beharrezko baldintza dela sinestera heldu gara, eta ondorioz, denok bikote hori bilatzeko ahalegina egin behar dugula. Badirudi, zoriontsu izateko, ezinbesteko baldintza dela bikotea izatea.

Jaiotzen garenetik, zintzoak, politak, kirolari onak eta argiak izaten erakusten digute. Eta askotan, esperantza izaten dugu prestakuntza honek guztiak bikotea aurkitzen erraztuko digula.

Logika horren arabera, denok bikotea izan gura dugu, eta bikoterik ez duenak, ezin duelako izango da. Ziur pertsona batzuk bikote gabe gustura sentitzen direla, eta horrela jarraitu nahi dutela: bikotea izateak ez baitu pertsona bat zertan zoriontsuago egiten!

Pausoa emateari

Umetatik, guztia eginda izaten dugu (janaria, ohea, maleta…), eta ikastetxean ere, dena eginda eman ohi digute. Guztia horrela jasotzeak, eragin nabarmenak ditu guregan: izan ere, gure gogoa betetzeko egin beharreko ahalegin hori, erabat garatu gabea dugu askotan.

Hori dela eta, harremanak tarteko direnean, asko kostatzen zaigu pausoa ematea. Pausoa emateko beldur hori, oztopo bilaka daiteke praktika erotikoetan edo harremanetan (bakarka, bikoteka edo taldeka).

Orain arte, praktika erotikoetan, gizonezkoek eman behar zuten lehen pausoa: orain diskurtsoa aldatu egin da, eta teorikoki, emakumeek lehen pauso hori eman dezakete, edo ematera behartuta daude.

Hala ere, bizkarrean daramagun esperientziaren motxila pisutsuak, ez digu gehiegi laguntzen ekimena hartzeko unean. Dena den, lehen pauso hori emateko gaitasuna izan badugu, eta berau erabiltzeak sor dezakeen gozamena ikaragarria da. Gogoa izanez gero, jakinarazi edo proposa ezazu gustura gauzatuko zenukeen desira hori, merezi du eta!

Hainbat praktika erotikori

Guztiok ezagutzen dugu "misioneroa" izeneko sexu-jarrera ospetsua. Aldiz, hortik kanpora gelditzen diren sexu-praktika eta sexu-jarrerak ez dira hain ezagunak, eta gainera, badirudi beste jarrera horiek, misioneroa baino lizun edo ausartagoak direla.

Askotan, ezezagutzak eta jendearen esamenesek mugak sortzen dizkigute aztertu gabeko sentsazioetan barneratzeko orduan.

Esaterako, masturbatzeko hamaika modu daude: gorputz osoan krema emanez, jaboiarekin izterrak edo zakila igurtziz, hatzamarrekin titiburua ukituz, etxeko objeturen batekin klitorisa laztanduz, ispiluan begiratuta norbera seduzituz… sistema bakarra? Baita zera ere!

Beste hainbeste gertatzen da masturbatzeko garaian buruan ibiltzen ditugun fantasiekin. Izan ere, beldurra diegu mugarik gabeko fantasiei: fantasiak nebareekin, sexu berekoekin, animaliekin… hala ere, ez da sekula ahaztu behar fantasiak eta errealitatea ez direla gauza bera. Fantasiak soilik norberarenak dira, eta horietan nahi duzuna egin dezakezu…

Beraz, katalogatu gabeko sentsazioak eta sexu-jarrerak mugagabeak dira, eta errepikaezinak direnez, monotoniaren kontrako erremediorik hoberenak dira.

Ipurdiko zuloari
"Zozoak beleari ipurbeltz!", "Zoaz ipurdiko zulotik hartzera!". Uzkia da gorputz atal zigortuenetarikoa. Hau ez da kasualitate hutsa, gizarte eredutik (hetero, koito eta gazte) kanpo gelditzen den espresio, bizimodu edo adierazpen oro zigortu izan baita. Ipurdiko zuloa zuzenean gizon homosexualekin lotzen denez, gutxietsitako gorputz atala izan da. Hala ere, frogatua dago, pertsonon plazer gune handienetariko bat ipurdiko zuloan dagoela. Hau dela eta, uzkian kili-kiliak egin, txupatu, behatza sartzeak… eman lezakeen gozamena frogatu gabe, mesedez ez dezagun ipurdiko zuloa gutxietsi! Eta frogatutakoa gustuko baduzue, txalotu!

Puzkerrak irtetzeari

Besteren batekin gaudenean puzkerra irtetea, jarrita gaudenean gure mitxelinak ikustea edo ukitzea, bizkarrean ileak ditugula erakustea, bibotea kentzen dugula jakitea, ile harrotuaren azpian ditugun hutsuneak erakustea… Onartuak ez izateko beldur horrek, benetan garena gordetzera eta disimulatzera eramango gaitu.

Beldurrak garen bezalakoak izatea galerazten digu. Gure ondokoak ez epaitzea, eta gorputz guztiak diren bezala maitatzea (ile, puzker.. eta guzti), denon mesederako izan daiteke. Hain zuzen,  gure buruarekiko maitasun hori izan daiteke beldurrei aurre egiteko modurik onena. Ez ahaztu, beraz: beldurra izatea osasuntsua da, baina apika, soberan dauden mamuak uxatuta lasaiago biziko gainetexe. Utikan mamuak!