Mamu taldeak 'Mapa eta lurraldea' diskoa kaleratu du
Unai Luzuriaga, Jon Txirapozu, eta Alex eta Jokin Erkorekak osatutako Mamu talde bilbotarrak lehen lana argitaratu du: Mapa eta lurraldea. Kideak hainbat taldetan ibiliak dira, hala nola Raust, Sen Horx, Ukabila eta Haxotz, eta oraingoan bide berri bati heldu diote elkarrekin, "hardcorearen eta punkaren alderdi emozionala jorratzeko asmoz".
Mapa eta lurraldea diskoa euren geografia emozionala esploratzen duen abesti bilduma dela azaldu dute taldekideek: "Mapa hibrido baten antzera, zalantzaren garrazkeria, nostalgiaren zama eta lotsaren ziztada lotzen die tokiei, Baztango haranetik Bermeoko portura, Gasteiztik Donostiako Egia auzora". Bilboko Errekaldeko Eten Espazio Sonoron grabatu dute diskoa, Urtzi Iza ekoizle bilbotarrarekin batera. Iñaki del Olmok egin du diskoaren irudia.

Ostiralean, martxoak 3, emango dute lehen kontzertua Villabonako Sharijai ekimenaren barruan, 22:00etatik aurrera, Bananas talde donostiarraren aurretik.
