Maltzurrik maltzurrena

Maltzurrik maltzurrena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maltzurrik-maltzurrena/@@download/image/66p55-1_1365169356.jpg
2006/09/01
erreportajea
Gontzal Agote
Maltzurrik maltzurrena


Raoul Walsh zuzendariak eta James Cagney aktoreak bi maisulan egin zituzten elkarrekin, biak (zinema beltza ez den) gangster generoaren barnekoak: "The roaring twenties" (1939) eta "White heat" (1949) hau. Zaila da bien artean hautaketa egitea, baina aldizkari honetako orriak mugatuak direnez —tamainan, jakina—, 1949an filmatutakoaren alde egin dugu azkenean.

James Cagney zinemak eman duen "gaiztorik" ezagunenetako bat da. Mugagabeko zakarkeria zuen ka-mera aurreko ezaugarririk nabarmenena, eta horretaz baliatu ziren harekin lan egin zuten zinemagile gehienek. Jokatutako rol guztien artean, beharbada pelikula honetan eman zuen Cagneyk mailarik gorena, Arthur "Cody" Jarret-ena eginez.

"Cody"
gangster bat da, eta, alde horretatik, pistoladun batek behar duen guztia dauka: jenio bizia, agintzeko bokazioa, eta legez kanpo bizitzeko ohitura osasungarri baina arriskutsua. Baina, hori bakarrik izanen balitz, "Cody" gangster arrunta zatekeen, gisa horretako ehunka pertsonaia ikusi izan ditugu eta. "Cody", ordea, bestelakoa da; batetik, aitarekiko beldurrak eragindako gaixotasun psikikoa duelako, eta, bestetik, amaren magalera iltzatuta segitzen duelako. Hortaz, hamaika urte geroago Hitchcockek "Psycho"-n erabiliko zuen gaia (amaren mendekotasuna kendu ezin duen gaztearena), Walshen pelikula honetan ageri da dagoeneko.

Cody eta bere taldeak 300.000 euro lapurtuko dituzte tren batetik, eta bi gidariak hilko dituzte. Baina polizia gero eta gertuago sentituta, gangsterrak bere burua entregatzea erabakiko du. Ez nolanahi, jakina: beste lapurreta baten erantzule dela aitortuko du, eta horrela, ezkutatutako diruaz gozatu ahalko du espetxean denboraldi laburra eman ostean. Afera da, polizia batek ederki ezagutzen duela Codyren jokamoldea, eta trenaren lapurretarekin zerikusirik izan duela konbentzituta dagoela. Hortaz, gangsterra harrapatzeko eta dirua berreskuratzeko, sator bat sartuko du espetxean. Satorraren rol hori Edmond O´Brien aktoreak jokatu zuen, eta bere bitartez, gangsterraren krudelkeria eta gizatasuna erakutsiko digu pelikulak.

Filmak momentu gogoangarri asko ditu,  eta horien artean, ezin aipatu gabe utzi, sinbolismoz beteriko amaiera ikusgarria: munduko gailurrera ailegatu nahi zuen Codyk, baina, nahi horrek, eztanda eginen dio oinpean.

Film bortitz, bizi eta biribila da. Tarantino, Rodriguez eta gisako "iraultzaile" garaikideek asko zor diote James Cagney eta bere Arthur "Cody" Jarreti.



Jatorrizko izenburua:
“White heat” (1949)
Zuzendaria:
Raoul Walsh
Aktoreak:
James Cagney, Virginia Mayo, Edmond O´Brien.