'Malala ikasle ausarta' erakusketa zabaldu dute Donostiako Aiete Kultur Etxean

'Malala ikasle ausarta' erakusketa zabaldu dute Donostiako Aiete Kultur Etxean Asier Iturralde ilustratzaile donostiarraren marrazkien bidez kontatzen dira Malalaren bizipenak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/malala-ikasle-ausarta-erakusketa-zabaldu-dute-donostiako-aiete-kultur-etxean/@@download/image/Malala-horizontala.jpg
2023/04/20
Asier Iturralde ilustratzaile donostiarraren marrazkien bidez kontatzen dira Malalaren bizipenak.
'Malala ikasle ausarta' erakusketa zabaldu dute Donostiako Aiete Kultur Etxean

Malala ikasle ausarta erakusketa ireki dute Giza Eskubideen Zinemaldiaren baitan, eta bertan Malala Yousafzai Bakearen Nobel saridun eta nesken hezkuntzaren eta emakumeen berdintasunaren  aldeko aktibistaren bizitza eta lana ezagutzeko aukera dago.

Erresuma Batuan bizi den pakistandar aktibistaren bizitzako pasarteak kontatzen dira, 2012an jasotako erasotik hasita, Asier Iturralde ilustratzaile donostiarraren marrazkien bidez. 

2009an Malalak talibanen agindupeko bizimodua eta egunerokoa kontatzen zuen BBCren blogean eta nesken hezkuntza eskubidea aldarrikatzen zuen. The New York Times-ek haren bizitzari buruzko dokumentala egin zuen hurrengo urtean, eta Malalaren ikusgarritasuna eta eragina handitu zuen horrek. 2012an, Malala bere eskola-autobusera igotzen ari zela, gizon batek tirokatu egin zuen. Egoera larrian egon zen, baina Ingalaterrako ospitalera eraman zuten osatzera. Gertaera honek nazioartean oihartzun handia izan zuen eta, ondorioz, 2015ean, Nazio Batuen Hezkuntza Globalerako Mandatari Bereziak NBEren eskaera bat abiarazi zuen Malalaren izenean, mundu osoko haurrak eskolara joan ahal izatea exijituz, eta horrek Pakistanek hezkuntzarako eskubidea berresten lagundu zuen. 

2020an, Malala Oxfordeko Unibertsitatean lizentziatu zen Filososofian, Politikan eta Ekonomian. Gaur egun, Malala Fundazioak nesken eta emakumezkoen lidergoa eta hezkuntzarako eskubidearen alde lan egiten du. Hainbat sari ere jaso ditu Malalak, tartean Gazteen Bakearen Sari Nazionala, Suediako Haurren Munduko Saria eta Bakearen Nobel Saria.

Jarduera osagarriak
Erakusketa osatzeko, hainbat jarduera programatu dira. Hasteko, erakusketan oinarritutako komikia egin dute, hiriko kulturgunetan zabalduko dena. Marrazki eta testuekin bideo-booktrailerra ere osatu dute.

Apirilaren 26an, Davis Guggenheim-en Él me llamó Malala (2015) pelikula proiektatuko da eta hurrengo egunean, Malalaren arkatz magikoa tailerra egingo dute, 5 eta 11 urte bitarteko haurrentzat, 17:30etik 18:30era. 

Azkenik, apirilaren 29an, Malala ikasle ausarta tailerra emango du Aitziber Alonso ilustratzaileak, 17:00etatik 18:30era. 5 eta 11 urte bitarteko haurrek parte hartuko dute, heldu batekin.