Makala: Hondartzako doinu eklektikoak

Makala: Hondartzako doinu eklektikoak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/makala-hondartzako-doinu-eklektikoak/@@download/image/57p12-1.jpg
2005/11/04
erreportajea
Aritz "Sound System"
Makala: Hondartzako doinu eklektikoak
Hamaika estilo nahastuta, "Hondartzan" izeneko lehen diskoa argitaratu du Makala zarauztarrak Metak diskoetxearekin.

Euskal Herria lurralde txikia izanda ere, oparoa da musika sorkuntzari dagokionez. Aberastasun horren adibide da Mikel Unzurrunzagak, Makalak, dakarkiguna. Makala disko-jartzaile ezaguna da, baina horrez gain, beste aurpegi anitz ditu: musikaria da (baxua, eta beste hainbat tresna jotzen ditu), ekoizlea, kontzertu eta festa antolatzailea (Getariko Ketarri aretoan)… eta abar. Horrez gain, Elektronikaldia jaialdiaren antolatzailea da.

Makalak Metak diskoetxearekin kaleratu du "Hondartzan" izeneko lehen diskoa, "nahiz eta nire musika ez den diskoetxeek kaleratzen dituzten diskoen estiloan sartzen. Hala ere, aukera eman didate, bere garaian Selektah Kolektiboari edo Afrikari eman zieten bezala".

Hamaika lagun

Diskoa grabatzeko prozesua ez da berria Makalarentzat. Bere garaian, Novophonic diskoetxeko katalogoari astindu ederra eman zion, diskoetxeko hainbat diskorekin "saioa" osatu zuenean. Oraingoan, berriz, azken bi urteotan konposatutako kantuak eraman ditu estudiora, eta kantu guztiak berak konposatuak izan arren, musikari askoren laguntza izan du grabaziorako.

"Hainbat taldetako jendea aritu da nirekin: Ttatunpa perkusio taldeko Aran eta Mikel, 12 Tribu reggae taldeko Ladis baxuan, Borja saxofoia, Txato bateria, Javi Pez orquestrako Jon Tronbon, Basque Dub Foundation-eko haize sekzioa osatu duten lagunak…  eta abar. Lagun asko, benetan". Diskoaren produkzio lanetan Roberto Sanchez aritu da. Roberto, maila handiko reggaea egiten duten zenbait taldetan ari da: Basque Dub Foundation, Lone Ark, Nortones… Santanderren grabazio estudio txiki bat du, eta han grabatu ditu Makalak diskoko kantuak.

Eta hamaika estilo

Makalaren diskoan kolore beltza da nagusi: "Eklektizismoa da nire gaixotasuna, eta ezin dut disko bat norabide bakarrean eraman. Estilo ugaritasuna da nire zigilua, eta azken finean, pintxatzen ditudan musika estiloak nabarmendu daitezke diskoan: latin, disko, reggae, funk, afro-funk… eta abar".

Estilo hauek Euskal Herrian oraindik ezezagunak direla jakin arren (edo agian, horrexegatik), kantuak zuzenean aurkezteko asmoa du Makalak. "Lehenik biratxoa egingo dut disko jartzaile modura. Raslarekin batera sound systema osatuko dugu, eta Euskal Herriko hiriburu eta herritan, eta Bartzelonan, Madrilen eta Alemanian zerbait egitea gustatuko litzaidake. Datorren ur-tean, berriz, taldetxoa osatuko nuke, boskotea edo seikotea gehienez, bateriarik gabe: zerbait sinplea leku txikietan jotzeko". Denok hondartzara!