Maite Rosenderen ilustrazioekin osatutako erakusketa ipini dute Donostiako Aiete Kultur Etxean

Maite Rosenderen ilustrazioekin osatutako erakusketa ipini dute Donostiako Aiete Kultur Etxean Kolore biziko ilustrazio dinamiko eta geometrikoak egiten ditu Rosendek, hainbat teknika erabilita. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maite-rosenderen-ilustrazioekin-osatutako-erakusketa-ipini-dute-donostiako-aiete-kultur-etxean/@@download/image/Maite Rosende irudia-bertikala.jpg
2022/06/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Kolore biziko ilustrazio dinamiko eta geometrikoak egiten ditu Rosendek, hainbat teknika erabilita.
Maite Rosenderen ilustrazioekin osatutako erakusketa ipini dute Donostiako Aiete Kultur Etxean

Hiru hilabetero irudigile baten lana eskaintzen du Ilustratzailearen Txokoak eta oraingoan Maite Rosenderen txanda da. Rosendek batxiler artistikoa bukatu eta Horma Pinturako goi-mailako gradua ikasi zuen Bartzelonako Goi Mailako Arte eta Diseinu Eskolan. Ondoren Ilustrazio Goi Mailako zikloa egin zuen Bartzelonako Llotja Eskolan. Diseinu grafikoaren, argazkintzaren eta bideo edizioaren arloetan ere jaso du formazioa. Euskal Irudigileak eta Galtzagorri Elkarteetako kide ere bada.

Kartelgintzan lan ugari egin du eta 2015, 2016 eta 2017an irabazi zuen Donostiako Zinemaldiaren kartel lehiaketa, sail ezberdinetarako eginiko lanekin. Muralismoaren alorrean ere lan egiten du. Bestetik, liburuen ilustraziogintzan aritzen da. Hain zuzen ere, Pello Añorgarekin batera Din dilin dan (Denonartean, 2022)  liburua ilustratu berri du eta argitaletxe berarekin plazaratuko du Jon Lorentek idatzitako Guruyi  komikia eta yoga lantzeko karta jokoa. Bakarkako zein taldekako erakusketak ere ipini ditu, Donostiako Arteuparte Galerian eta Zaldi Urdina gunean, Tolosako Gko galerian eta Aranburu jauregian.

Kolore biziko ilustrazio dinamiko eta geometrikoak egiten ditu Rosendek, teknika ezberdinak erabiliz. Haurrek mundua ikusteko duten moduak inspiratzen du. Bere iritziz, marrazteko ez omen da “asko pentsatu beharrik”, marraztuz “ondo pasatzea” baita haren helburua.

Irailaren 11ra arte egongo da erakusketa zabalik, Aiete Kultur Etxean. Asteartetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era izango da irekita; larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara; eta igandetan, 10:00etatik 14:00etara. Ekainaren 24tik irailaren 4ra, berriz, asteartetik ostiralera goizez bisitatu ahalko da, 10:00etatik 14:00etara, arratsaldez izan beharrean. 

Ilustratzaile ugariren txokoa
2012ko urrian Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, ilustratzaile klasiko eta berriak izan dira bertan: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran, Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain Lora, Paul Caballero, Irrimarra bikotea (Irene Irureta eta Karmele Gorroño), Ana Ibañez, Ane Arzelus eta Iñaki Landa.