Maite Larburuk 'Krak' diskoa kaleratu du
Maite Larburuk kRaK izeneko bakarkako bigarren diskoa osatu du. Helburu anitzekin sorturiko doinuak eta Axut! antzerki kolektiboaren Amua antzezlanerako idatziriko musika biltzen ditu lan berriak, eta "kantu zatiz josiriko puzzlea dela" adierazi du sortzaileak. "Rubik disko multikoloretzat" jo du Larburuk, eta "kRaKez betea": "Japonian, hautsitako ontziak urrezko hautsarekin itsasten dituzte. Kintsugi deitzen zaio arte horri. Objektu horiek originalek baina balio handiagoa dutela sinesten da ekialdean, “bizitakoa” azalean erakusten dutelako. Inperfekzioa edertasunaren zantzu. Diskoak kantuz pitzatutako ontzi horietako bat osatzen duela nahi izan dut amestu; kRaKateko bat sentitu dudan bakoitzean, zartatu naizen guztietan, zabaldu egin naizela, eta are indartsuago batu, musikaren eremuan".
Musika Maite Larburuk sortu du eta hainbat hitz ere berak idatziak dira. Harkaitz Cano ere bidelagun izan du letragintzan, eta hark itzulitako Raymond Carver idazlearen poema bat ere bada tartean. Horretaz gain, Amua antzezlaneko gidoitik hartutako esaldiak batzen dituen kantu bat dago eta diskoko harribitxietako bat Aldabako Arizmendi baserrian aurkitutako bertsoak dira, emakumezko batek idatzi eta ezkutatu zituenak.

Instrumentazio aldetik, Larbururen ahots, biolin, biola, gitarra klasiko eta elektrikoaz gain, Carlos Taroncherren klarinete baxua, Karlos Aranceguiren bateria eta Garazi Navasen akordeoia izango dira entzungai azken lan honetan.

Larburu musikari polifazetikoa da. Biolina musika klasikoaren ildotik ikasi ondoren, antzinako musika edo mugimendu historizistan espezializatu zen Amsterdameko kontserbatorioan. Ondorioz, arlo horretako Europa erdialdeko talde esanguratsuenekin egin du lan azken 15 urteetan. Hala ere, biolina ez da bere sormen-lanabes bakarra, musika tresna desberdinen eta hots-hitz-armonien tarteak arakatzea ere maite baitu. kRaK lanaren aurretik, hiru disko plazaratu ditu: bi Neighbor bikotearen izenpean, Josh Cheatham musikariarekin, eta Hezurren Azpian bere lehendabiziko bakarkakoa. Azken honekin 2020ko Musika bulegoa saria jaso zuen album onenaren sailean eta 2020ko musika independentearen MIN sarien finalista izan zen, euskarazko album onenaren atalean.
Diskoaren aurkezpena eta antzezlana Donostian
Gaur aurkeztuko du Larburuk bere bakarkako bigarren lana, 19:00etan, Gazteszena Aretoan. Kontzerturako sarrerak agortuta daudela jakinarazi dute.
Musika emanaldiaz gain, antzerkian ere arituko da, ordea, Larburu asteburuan toki berean. Ostiraletik igandera, urriaren 1etik 3ra, 19:00etan, Larburu bera, Ximun eta Manex Fuchs anaiak protagonista dituen Amua antzezlana taularatuko du Axut! Kolektiboak. Komedia sentimental politiko honetan Ana bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatuko ditu Iratiko etxola batera, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean azken asteburu bat igarotzeko elkarrekin. Maitale ohiek ez dute jakingo, ordea, hiru izango direnik.

Antzezlana ikusteko sarrerak hemen eskura daitezke.

