Maite Aizpurua eta Garazi Navasek irabazi dute Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria

Maite Aizpurua eta Garazi Navasek irabazi dute Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria Hainbat diziplina nahastuko dituen performance proiektua aurkeztu dute, euskal kulturaren elementu tradizionalak eguneratzeko asmoz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maite-aizpurua-eta-garazi-navasek-irabazi-dute-eusko-ikaskuntza-laboral-kutxa-gazte-saria/@@download/image/ei_lk_gazteak_01.jpg
2024/05/09

Argazkia: Eusko Ikaskuntza

Hainbat diziplina nahastuko dituen performance proiektua aurkeztu dute, euskal kulturaren elementu tradizionalak eguneratzeko asmoz.
Maite Aizpurua eta Garazi Navasek irabazi dute Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria

Maite Aizpurua eta Garazi Navasen Adarbakarra eta soinujolea izeneko proiektuak irabazi du aurtengo Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria. Performance baten bidez, "euskal kulturaren irudimenean, mitologian eta erreferentzietan ikertuko dute, ikuspegi queer-feminista eta garaikidean oinarrituta".  Musika, literatura eta antzerkia uztartuko dituzte, "euskal kulturaren elementu tradizionalak eguneratuz". Umorea eta poesia baliatuko dituzte gaur egungo euskal topikoen inguruan esperimentatzeko, gogoeta eta begirada berriak ikusaraziz.

Navas eta Aizpurua egileek adierazi dutenez, "elkarrekiko mirespenak eta klasizismoaren, herri-tradizioaren eta euskal arteen garaikidetasunaren arteko bide berriak elkarrekin aztertzeko interesak" batu ditu proiektu honetan.

Maite Aizpuruak (Zumaia, 1990) Arte Dramatikoko Goi Mailako Ikasketak egin ditu Dantzertin, eta Soziologian eta Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziaduna da EHUn. Arte eszenikoetan eta gizarte-mugimenduetan aritua da. Garazi Navasek (Usansolo, 1995) akordeoi espezialitatea ikasi du Musikenen eta Musika Interpretazioaren Irakaskuntzan masterra du. Hainbat estilotako kontzertuetan parte hartu du.

Proiektu irabazleak 6.000 euro jasoko ditu, eta 2025eko udaberrian taularatzea aurreikusten da.