'Maitasunaren itxiera' antzezlana Donostian

Miren Gaztañagak eta Eneko Sagardoyk bikote baten haustura lazgarria "pasioz eta gordintasunez" eszenaratzen dute Maitasunaren itxiera antzezlanean. Arriaga Antzokian estreinatu zen apirilaren amaieran Pascal Rambert egile eta eszena-zuzendari frantziarraren Clôture de l’amour lanaren euskarazko egokitzapena. Asteburu honetan, larunbatean eta igandean, ikusi ahal izango da Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:00etan. Donostiako emanaldian Easo Gazte Abesbatzak ere hartuko du parte.
Maitasunaren itxiera lanean bikote baten elkarrizketa latzaren lekuko izango da ikuslea. Bi maitale aurrez aurre, hainbat urtez eraikitzaile eta suntsitzaile izan duten harremana betiko itxi nahian. Protagonisten bakarrizketa-trukeak hiltzen ari den maitasunaren bortizkeria adierazten du. Beldurra eta askapena nahastuko dira bikotearen elkarrizketan, "gizon baten eta emakume baten arteko borroka suntsitzaile eta gupidagabean".
Gaztañaga eta Sagardoyren antzezpena honako hitz hauekin definitu dute: intentsitatea, emozioa, pasioa, gordintasuna, mina... Hizkuntzak eta haren erabilerak ere garrantzia handia du bien arteko elkarrizketan. Argudioak, kexak, gaitzespenak, mina, amorrua eta maitasuna gurutzatzen dira, "pasioz eta erraietatik adierazten den hizkuntza zehatz, kirurgiko eta uholdezko baten bidez".
Pascal Rambert bera aritu da Sagardoy eta Gaztañagarekin lanean. Antzezlanaren euskarazko bertsioa Eneko Sagardoyk eta Danele Sarriugartek ondu dute, eta Lucia Astigarraga eta Nagore Navarro aritu dira zuzendari laguntzaile lanetan.
Sarrerak Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko txarteldegietan eta Interneten eskura daitezke.