Maitasuna, heriotza, eta mitologia izan dira idazle gazteen Azkue literatur sarietako gaiak

Maitasuna, heriotza, eta mitologia izan dira idazle gazteen Azkue literatur sarietako gaiak 526 lagun aurkeztu dira lehiaketan, eta epaimahaikideek bizitzaren ertz guztiak “sakon aztertzeko gogoa” sumatu dute partaideengan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maitasuna-heriotza-eta-mitologia-izan-dira-idazle-gazteen-azkue-literatur-sarietako-gaiak/@@download/image/2021_azkue_sariak2.jpg
2022/05/16

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

526 lagun aurkeztu dira lehiaketan, eta epaimahaikideek bizitzaren ertz guztiak “sakon aztertzeko gogoa” sumatu dute partaideengan.
Maitasuna, heriotza, eta mitologia izan dira idazle gazteen Azkue literatur sarietako gaiak

Akademiak eta BBK-k 1991tik antolatutako sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi. Bi genero saritzen dira Azkue sarietan, narrazioa eta poesia, eta genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).

Literatura eremuko pertsonek osatu ohi dute epaimahaia, eta aurtengoan honako hauek izan dira epaimahaikideak: A mailan, Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni; eta B mailan, Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta. Guztira 526 partaide aurkeztu dira lehiaketan, eta epaileek azpimarratu dutenez, “gai sakonak” jorratu dira aurtengo idatzietan, eta sarritan “ikuspuntu originalak” proposatu dituzte. "Bizitzaren ertz guztiak sakon aztertzeko gogoa” sumatu dute partaideengan.

A mailako narrazioaren alorrean, Karla Loinazen I can’t breathe lanak irabazi du lehen saria. Epaileen iritziz, “Estatu Batuetan poliziak belaunarekin sakatuta gizon beltz bat hil zueneko pasartea dakar gogora. Oso ondo idatzia dago eta, gaia ezaguna izan arren, era berri batez aurkeztu du, ikuspuntu originala duela. Horrez gain, gaia sakontasunez garatuta dago, era pertsonal, hurbil eta, era berean, sakona lortuz". Bigarren saria Maddi Mitxelenaren Jaizkibel idazlanarentzat izan da, hirugarrena Larraitz Olazabalen Arrantzalea eta sirena lanarentzat, eta aipamena Maria Ruizen Zisnearen hegaldia-rentzat. 

Maila horretako poesia arloan, berriz, Nerea Cestonaren Ezinegona lana izan da garaile. "Pesimismo egoera baten adierazpen poetikoa da, eta profetikoa ere bai; metafora baliatuz, eta errima lagun, poema indartsu bat osatzen du", adierazi du epaimahaiak.  Bigarren saria Hegoa Aizpuruaren Gauaren atseden ilunean lanak eskuratu du, hirugarrena Aner Elorzaren Itsasoak soilik daki idazlanak, eta aipamena Irati Oskozen Testuinguruan bakarraraziz testuak.

B mailako narrazio atalari dagokionez, Malen Sarasolaren OpoIpiApaRTZUpuN idazlanak eskuratu du lehen saria, "errealitatetik mitologiara eta mitologiatik errealitatera modu polit eta dibertigarrian jauzi egiten duen ipuina, idazkera arin eta ederraren bitartez”.  Peio Enbeitaren Kaleko urdanga izan da bigarrena, eta Oihane Retegiren Zentzumenen memoria hirugarrena. 

Olerkiaren atalean, Sara Uribe-Etxeberriaren Argiak itzaltzen diren tokia hautatu dute lehen postuan. "Harresiak desegiteko eta altzairuzko bihotzak apurtzeko poesia, kritika pizteko eta emozioak berpizteko; agian, lo daudenak esnatzeko", azaldu du epaimahaiak. Esteban Borroméeren Larrazkeneko gau epela izan da bigarren, eta Alvaro Diezen Oda bizitzari hirugarren. 

Oiartzungo Haurtzaro ikastola izan da lanik gehien aurkeztu duen ikastetxea, eta sari berezia jaso du horregatik.