Maitasun likidoa

Maitasun likidoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maitasun-likidoa/@@download/image/sexuak_151_1398694404.jpg
2014/05/05
erreportajea
Testua: Nerea Sancho. Bitxigorria
Maitasun likidoa
Hainbat pentsalarik likidotzat duten garai honetan, lana, bizilekua, zaletasunak edota lagunak lehen baino sarriago aldatzen ditugu. Eta maitasunean ere halaxe gertatzen da. Bizi dugun garaiaren ezaugarriez jabetzen bagara, askeagoak izateko perspektiba izango dugu.


Askoren ustez, gazteak kezkatuta daude harreman iraunkor eta betierekoak izatearekin: alegia, ez dute lotura sendorik nahi. Garaiotan, harremanek azalekoak eta ordezkagarriak izateko joera dute, konpromiso eta betebeharrik gabekoak. Horren ondorioz, kalitaterik ez lortzerakoan, eta sostengua urria denez, kantitatea izan ohi da konponbidea. Horrek, amorante bakar batekin erotismoaren eta maitasunaren azken ondorioetara iritsi ordez, zapping sexuala egitera eraman gaitzake.

Bikotekide eta maitasun bila dabilenak prekarietatea eta ezjakintasuna gainditu nahi ditu kosta ala kosta, asetuta sentitu eta seguru egon ahal izateko. Baina garai likido honetan, bikote finkoa lortzean, desioa desagertzen hasten da. Lortutakoaren emozioa joaten denean amaiera ematen zaio esperientziari, justu sakontze eta katramilatze garaia hastear denean. Umiltasunik eta adorerik gabe ez dago maitasunik.

Maitaleek (maitatzen direnek) zalantzak dituztenean, bikotea kontrolatzen edota haren nahiak betetzen saiatzen dira, maitasunaren labainkortasunaz jabeturik. Jokabide horiek bikotea gehiago uxatzen dute, ordea. Teknologia berriek eskaintzen duten kontrol gaitasunak, gailuetan online dauden edo ez ikusteko aukerak, adibidez, antsietatea biderkatu dezake.

Agurraren erritua
Bikoteek elkar agurtzen dute egunero, astero… eta litekeena da ausentzian batak bestea faltan botatzea. Garai likidoko teknologiarekin, baina, badirudi agurra ez dela guztiz gertatzen. Adibidez, lehen, trena hartu eta itzuli bitartean ez zegoen maitearen berririk izateko aukerarik. Orain, aldiz, momentuoro konektatuta egon gaitezke.

Lehen, itxaronaldiak, informazio ezak, gogoa pizten zuen. Orain, trenean gaudenean ere, hitz egin dezakegu, edota zertan gabiltzan adierazi argazki edo mezu bidez. Telefono mugikor bidez konektatuta egoteko aukerak distantzia hobeto eramaten laguntzen du, eta era berean, topaketaren emozioa eragotzi. Eta kontuan hartzeko beste kontu bat: Sarean ditugun elkarrizketa edo hartu-emanak aurrez aurreko elkarrizketaren ordezko bilakatzen ari dira, aurrekari edo beroketa izan beharrean.

Intimitatea ikusgai
Sarean, exhibizionismo egolatra da nagusi; celebrityen selfiak dira horren adibiderik adierazgarrienak. Intimitatea edonoren begibistan jartzea, geolokalizazioa baliatzea… denak balio du existitzen zarela erakusteko. Baina denok dakigu Sarean partekatzen den informazioan bizitzako alde baikor eta polita nabarmentzeko joera dagoela, eta gerta liteke, norbere bizitza besteen bizitzaz dugun irudiarekin alderatzerakoan, galtzaile sentipena izatea, besteen harremanak gureak baino zoriontsuagoak direla ikusiko baitugu.

Desira Plazer 68-08



Idazlea: Askoren artean. Txalaparta

Desira plazer: hitz biren uztarketa perfektua. Sonia Gonzalezi lapurtua. Ustez existitzen ez zen kontinente hori definitzeko: euskal poesia erotikoarena. Berrogei urte eta hainbat autore kontinentea esploratzen hasteko. Gizonezko zein emakumezko, hetero, homo zein lesbo, poeta andana batek zapaldu duen lurraldea esploratzeko gida-liburua. Antologia guztiak bezain eztabaidagarria. Euskaldunoi buruz idatzi diren topikoen gainetik eta sexua dela-eta bota izan zaizkigun irain guztien azpitik dagoen kontinente eder zabal aberatsa. Zatoz, esploratzaile hori. Edorta Jimenez

‘Desira plazer’ (Sonia Gonzalez)
Helduko da eguna
desirak endregatzeari utzi eta
elkarren begietatik zintzilik
    mundu ziztrin hau ahazteko bidaian
        abiatuko garena
Egun horretan
ezpainak ikutuko dizkidazu
bero daudela ziurtatzeko,
zureetan pausatuko duten musua ere
bero izan dadin.


Bitxigorriaren iradokizuna:
1. Bikotekideari irakurtzeko liburu aproposa, oparitu iezaiozu striptease berezia.
2. Jantzi arropa sexya, hartu liburua eta jarri bere parean.
3. Aukeratu gustuko duzun poema bat, eta errezitatu zure amoranteari.
4. Biluztu itzazu zure sentimenduak, eta nahi izanez gero, baita zure gorputza ere!