Maitasun aske eta anitzaren inguruko 'R&J' antzezlana taularatuko dute Bilbon
La Dramatica Errante konpainiak bere bosgarren antzezlana, R&J, oholtzaratuko du asteburuan, Bilboko BBK aretoan. William Shakespeare autoreak idatzitako Romeo eta Julietaren maitasun istorio tragikoaren eta orainaldiko loturen arteko elkarrizketa da. Maitasuna jartzen du mahai gainean, sare sozialak, maitasun likidoa, arintasun emozionala eta maitatzeko modu ugari dauden garaiotan.
Antzezlanean gaur egungo ikuspegitik aztertuko dute gaia, maitasun paradigma berri baten bilaketan. Hainbat elementu nahastuko dira eszenan: maitasun mito zaharrak, desira berriak, neurrigabekeria, laztanak, gorrotoa, teknoa, sexua...

Egileek azaldu dutenez, "maitasun askatuari egindako kantua da, maitatzean ditugun bekatu modernoen azterketa". Maria Goiricelay zuzendariaren hitzetan, "maitasunezko trantsizio-garai bat bizi dugu, aspalditik oihu egiten duena herrestan daramagun inertzia hausteko eskatuz, eta maitale izateko modu berriak eraikitzera gonbidatzen duena, desira eta gure maitasun-harremanak modu argiago eta helduagoan bizitzera, maitasuna aukera tinkoa, barne-iraultza, bilakatzera. R&J maitasuna aizkoratzen, zalantzan jartzen eta besarkatzen duen pieza da: likidoa, anitza, grinatsua, kontzientea, kontraesankorra, gorputzekoa, disidentea. Klasiko handi hau hartzen duen eszenatokia, aurreiritziak desegiteko eta maitasunaren paradigma ezezagun eta liluragarri berri hau ospatzeko".
Goiricelayak berak egin du egokitzapena, eta Azegi´ñe Urigoitia arduratu da eszenografiaz eta jantziez. Aktore lanetan, berriz, honako hauek arituko dira taula gainean: Ane Pikaza, Aitor Borobia, Nagore Gonzalez, Egoitz Sanchez eta Luix Mitxelena.
Bi emanaldi izango dira BBK aretoan, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Euskarazkoa igandean izango da, 19:00etan, eta gaztelaniazkoa, berriz, larunbatean 19:30ean. Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean ere egingo dute emanaldia, hilaren 25ean.

