Maitane Azpiroz: "Zenbat eta arte gehiago, orduan eta zoriontsuagoa da jendartea"

Maitane Azpiroz: "Zenbat eta arte gehiago, orduan eta zoriontsuagoa da jendartea" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maitane-azpiroz-quotzenbat-eta-arte-gehiago-orduan-eta-zoriontsuagoa-da-jendarteaquot/@@download/image/gaztezulo_maitane_azpiroz_1.tif
2012/09/07
elkarrizketa

Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena, Argazkiak: Irantzu Pastor

Trapeziotik behera zintzilik edo honen inguruan huntzaren antzera kiribilduta, Maitane Azpirozek (Iruñea, 1982) gorputza du hizkuntza. Horixe zirku garaikidearen desafioa.


Zizur Nagusiko Kultur Etxeko eszenatokiko sabaiaren erdi-erditik eseki du trapezioa guretzat. "Hau da gutxien gustatzen zaidan zatia" dio eskailera gainetik mosketoiak ongi finkatzen dituen bitartean, "erabat orekatuta egon behar du". Babaz beteriko esku ondu gogortuak magnesioz igurtzi eta, soka baten laguntzaz, salto bakar batean goian da, biraka, buruz behera edo gora, nahieran mugituz. Hiru aste entrenatu gabe daramatzala kontatu digu, eta nahiko gogortuta nabari dituela giharrak, guk arrastorik hartu ez diogun arren. "Asteburu honetan banoa mendira, lantzera, trapezioa zintzilika daitekeen edozein lekuk balio dit".

Lau urte daramatza profesional modura, azken biak Euskal Herrian, nahiz eta zirku munduko ororena bezala, bere bizitza ere nomada samarra izan. Institutuko urteak amaituta Donostian ikasten zebilela, antzerki talde batean sartu zuen muturra. Iruñera itzulita, Oreka zirku eskolan egin zituen lehenengo urratsak eta FlakUtt taldean ere aritu zen dantzan, baina proiekzio gabeziak itota atera zen atzerrira eta zortzi bat urte pasatu ditu Madrilen, Italian, Bruselan eta Frantzian, "ikasten eta garatzen".  

Orain, etxean bueltan, zirkuaren kontzeptu berri honekin aretoak eta bihotzak bete nahian dabil, "arterik gabeko jendartea ez delako inoiz zoriontsu izanen".

Bakarkako bi ikuskizun –'Gonazpian' eta 'Codex'– dituzu esku artean.

Bai. Gonazpian zirku emanaldi labur batetik jaio zen 2010ean; generoa eta transgeneritatea ditu ardatz, eta kontatzen du nola bizi dituen protagonistak bere emakumetasuna eta gizontasuna aldi berean, nola badagoen hor tentsio bat. Indarkeria matxistaz ere ari naiz... ñabardura eta irakurketa asko eduki ditzake. Gero, Lander Fernandez de Arroyaberengana jo nuen hori bera bideoan lantzeko eta, nolabait, errealitate paralelo birtual bat sortzeko. Baina lehen-lehen emaitzak ez ninduen asetu, eta bideo-dantza ikastaro batean eman genuen izena. Orduan bai, hartatik ikasitakoarekin eta Ander Zugazarekin batera, hirurok, Codex garatu genuen. Hasiera batean, Gonazpian-en osagarri izateko jaio zen, baina azkenean berezko izaera hartu du; jendarteak ezartzen dituen identitate sozial homogeneoak eta komunikazio falta kritikatzen ditu.

Orain arte ez duzu astirik izan hauek behar bezala mugitzeko, ala?

Tamalez ez. Kontua da buru-belarri aritu naizela Kultura Bitartekotza izeneko lizentziatura amaitzen Frantzian. Baina aurten emanaldi data gehiago lotzea espero dut.

Prestatzera eta ikastera, hortaz, beti kanpora. Oraintsu ere Errusiatik itzuli zara, proiektu kudeaketa eta koordinazio ikastaro batetik.

Bai, hemen ez dago horretarako aukerarik. Antzerkian eta dantzan agian zer edo zer gehiago, baina zirkuari lotuta behintzat, oso oinarrizko gauzak bakarrik ikas daitezke Euskal Herrian. Pena da. Atzerrira ateratzea ona da, gustura joan nintzen, baina nahitaez egin behar izatea...

21 urterekin egin zenuen ospa. Zergatik?

Hemen gabezia handiak zeudelako. Azpiegiturak falta dira, irakasleak falta dira, dirua, babes instituzionala, ohitura, zirkuari arte balioa aitortzea falta da, artea bera kultura kontsideratzea ere falta da... Iruñea, gainera, Opus Deiren itzalean, oso hiri itxia da eta harrapatuta nengola sentitzen nuen, espazioa behar nuen besoak zabaltzeko, ametsak nituen buruan bueltaka...

Zer ikusi eta ikasi zenuen kanpoan?

Teknika aldetik, dena ikusi eta ezagutu nuen; ikasi batzuk bakarrik. Adibidez, nirean –aereoak–  sakondu nuen eta binakako akrobaziak landu nituen gehiago. Estilo nahiz kultura desberdinen arteko mestizajea ere bor-bor zegoen atzerrian, hemen oraindik oso puritanoak ginen garaian. Oro har, artearekiko bestelako begirunea ezagutu nuen lehen aldiz. Hemen oraindik artea ez da kultura modura ulertzen, aisialdi eta denborapasa gisa baizik, gure jendarteak oraindik ez baitu onartu arteak baloreak transmititzen dituenik. Oraindik ere, telebistaren pareko mailan jartzen da eta artistak bizizale hutsak direnaren ustea da nagusi. Frantzian, aldiz, artea hezkuntza da, adimena lantzeko modu bat.

Eta, itzulitakoan, sorpresa atsegina hartu zenuen ala berriz ere hormaren kontra jotzea izan zen?
Tira, denetarik pixka bat. Baina egia da gauzak aldatzen hasi direla edo, behintzat, horretarako saiakera badagoela, nahiz eta batzuetan norabidearekin asmatu ezinik ibili.

[Zatiketa administratiboak politika eta ekonomia hutsetik harago doazen ondorioak dituela kontatu digu, eta Euskal Herrian hiru errealitate bereizten dituela: Iparraldeko lurraldeetako kultur politikan ukitu frantsesa nabari dela dio, eta oraindik asko garatzeko dagoen arren, badela zerbait. "Baskongadetan" ere lehen baino gehiago inbertitzen dela uste du, baina bide luzea geratzen dela egiteko. Aldiz, panorama kaskarrena Nafarroa Garaikoa da bere iritziz: "Egiten den apurra oso modu kaotikoan eta kultur zentruen arteko koordinazio gabe egiten da. Artistontzat, hau da testuinguru zailena".]

Gure imajinario kolektiboan, garbi dugu zirku tradizionala zer den: eszenaratzea, pertsonaiak, ikuskizun mota... Aldiz, gehiago kostatzen zaigu zirku garaikidea irudikatzea. Emaizkiguzu argibide batzuk.
Definizio sinple bat emango dizut, sinpleegia agian: antzerki obra bat da, istorioa edo kontzeptua kontatzeko lanabes gisa zirku teknikak eta hauek ahalbidetzen duten transgresioa baliatzen dituena. Izan ere, antzerki soilak konta ezin ditzakeen gauza asko komunika ditzake gorputzak, eta hori da desafioa.

Irria, beldurra eta emozioa izan dira, historikoki, zirkuaren kodeak. Zuk egiten duzun honetan ere badaude?

Arriskua gehituko nioke zerrendari. Eta bai, noski, badaude. Baina kasu honetan ez da beldurra beldurragatik edo emozioa emozioagatik. Helburua beti da zerbait kontatzea, eta horiek bitartekoak dira.

Eta ze lengoia baliatzen duzu komunikatzeko?

Pff... denetarik! Zirku teknikekin batera, dantza, musika, argazkiak, bideoak... janzkerak berak ere komunikatzen du... Oraindik ez dut ahozkorik sartu, baina agian etorriko da hori ere.

Konparaketarekin jarraituz, zer duzu zuk zirku artista klasiko horiei aitortzen diegun izaera bohemiotik eta biziera nomadatik?

Bidaiatzearena... bai. Tira, ez naiz karabana batean bizi eta ez naiz karpa batekin mugitzen alde batetik bestera etengabeko biran, nahiz eta baditudan lagunak halaxe ibiltzen direnak, zirku garaikidea jorratzen baina betiko eszenaratze borobilari eutsita, berez performancerako aberatsena den horri fideltasunez. Aldiz, beste batzuk antzokietan aritzen gara gehienbat, eta horrek etxe finko bat edukitzeko aukera ematen dit. Eta, gero, bohemio ukitu hori... esango nuke artista guztiok dugula, egunean egunekoa bizi dugulako eta egindako hautuak ezegonkortasuna dakarrelako berarekin.

Zirkuaren kontzeptu berri hau gizarteratzen baduzue nahikoa lan, ezagutu ezean publikoak nekez kontsumituko baitu halakorik eta... ikusle gabe, artista izan al daiteke artista?

Ez. Artea eta kreatibitatea denok dauzkagu, eta denok sortu dezakegu. Baina artista zara soilik baldin eta egiten duzun hori komunikatu eta beste norbaiti helarazten badiozu.

Iruditzen zaizu Cirque du Soleil moduko esperientzia entzutetsuek balio izan dutela molde berriak ezagutarazteko?

Egia da mundu mailan oihartzuna izan duen proiektu handia dela, animaliarik erabiltzen ez duena. Baina garaikide itxura eman nahi izan dioten arren eta saioek oinarrian istorio bat duten arren, asko jota zirku modernoa dela esango nuke eta zirku tradizionalaren antolamendua mantentzen duela gainera: arriskua in crescendo doa emanaldi osoan zehar. Edozein kasutan, konpainia txikiak zapaldu dituen makroshowa da.

Telebistan, eta bestela ere, gero eta ugariagoak dira talentu lehiaketak; profesionalen onerako ala txarrerako?

–Muturra okertu du–... artista duin ageri bada, baikorra izan daiteke... baina ez dakit, ez zait axola, urteak daramatzat telebistarik gabe etxean.

Babes instituzionala falta dela aipatu didazu hizketan hasi garenean.
Bai, baina kontuz ibili behar dugu honekin. Gu haiengana baino gehiago, instituzioek hurbildu beharko lukete guregana. Beraiek baldin badatoz, guk ez dugu gure lan egiteko modua aldatu beharko ezta gure sorkuntza haien baldintzetara egokitu ere. Frantzian ikusi eta gustatu ez zaidan gauzetako bat hori da: arte esparru batzuk oso instituzionalizatuta daude, egileek diru asko jasotzen dute haiengandik, ondorioz erabat baldintzatuta aritzen dira, eta ahaztu egin zaie, gainera, bestela lan egiten. Diru-laguntzak galtzea heriotza-zigorra da haientzat.

Zer eskatuko zenieke zuk kultur arloko arduradun publikoei?

Behintzat ahalegina egin dezatela gure lana errespeta dadin eta aintzatetsi dadin. Zenbat eta sormen eta arte gehiago, orduan eta zoriontsuagoa izango baita jendartea.

Sortzeaz eta entrenatzeaz aparte, bulegoko lan asko egitea ere tokatuko zaizu...

Zortea dut gehiena elkarte batek egiten didalako, baina produkzio eta salmenta lanak nire gain hartzen ditut. Izugarria... –barrez–. Lan itxusia da, gorroto dut. Kontuan izan artistok biluztu egiten garela gure lanetan, abstraitu egiten gara eta gure intimitatea konpartitzen dugu ikusleekin. Zuk sinetsia duzun hori bezeroaren aurrean defendatzea ez da hain zaila, baina gogorra da ikustea nola batzuetan ez duten inongo arretarik jartzen edo ez dauden bere denbora zurekin galtzeko prest. Horrek autoestiman izugarrizko mina egiten dit. Baina saltzeko konstantea izan beharra dago; behin eta berriz ekin, eta pazientzia handia eduki.

Ze zirkuitutan aritzen zara zu?

Batez ere gutxieneko azpiegitura bermatzen duten antzokietan, trapezioa ezin dudalako edozein lekutan zintzilikatu. Gaztetxeren batean ere lortu dut muntatzea, hemen herriko festetan ere antolatu genuen kristorena –barrez–...

Gurean, arte eszenikoek aurrera egin badute, kalean eta plazetan izan da. Bat zatoz?

Dudarik gabe. Baina, hemen bezala, mundu osoan ere. Eta honek lotura zuzena du lehen instituzionalizazioaz komentatzen genuenarekin. Erakundeek formaltasuna ordezkatzen duten neurri berean, kaleak askatasuna iradokitzen du, eta artea hori bera da, libertatea. Horregatik, harreman naturala dago artearen eta kalearen artean, eta zirkuak zehazki badu underground kutsu nabarmena.

Hutsuneak betetzen hasteko asmoz, kultur espazio bat zabaltzera zoazte Aitzoainen.

Bai. Iruñerriko arte eszenikoen esparruko hainbat artista batu gara gure beharrak asetuko dituen sorkuntza eta entrenamendu gune bat martxan jartzeko. Kuota finko baten truke, nahi beste entrenatzeko aukera izango da bertan, eta nahi duenak emanaldietarako ere alokatu ahal izango du. Ideia da, beraz, leku berean sorkuntza prozesu osoa garatu ahal izatea. Textil tailerra zabaldu nahi dugu, eszenografia tailerra ere bai, dantza eta zirku areto bana, musika estudio bat eta laborategi moduko bat workingprogress-en dauden lanak, edozein puntutan daudelarik ere, jendaurrean aurkeztu ahal izateko, gu arduratuko baikara ikusleak lotzeaz.

Zuenera hurbiltzen den publikoak badu profil zehatzik?

Baietz esango nuke. Iraunkorrak diren ikusleetako asko mundillokoak izaten dira; beste asko gertuko jendea, senideak eta lagunak –barrez–; eta badaude beti hurbiltasunagatik etortzen direnak ere, inguruko herrietakoak eta abar. Aldiz, gutxiago dira kuriositatez edo arteak interesaturik gerturatzen diren ikusle puntual horiek, noizbehinkakoak, eta normalean emakumezkoak izaten dira, 30 eta 40 urte artekoak gehienetan.

Nahiko akats zabaldua da zirkua umeekin lotzea...

Bai eta nik, adibidez, ez dut haurrei zuzendutako ikuskizunik lantzen, baina zirku tradizionaleko pailazoek utzi diguten herentzia da. Dena den, aretoetako arduradunak gero eta gehiago saiatzen dira adin tarteak zehazten eta ikuskizun bakoitzaren hartzailegoa mugatzen. Niri ez zait gustatzen; nahiago dut askotariko jendea hurbiltzea. Ziur aski umeek ez dituzte ulertuko nik planteatutako gaiak, baina beste mezu batzuk jasotzeko gai dira.

Eta zuek? Honetatik bizi zaretenok baduzue zerbait komunean?

Batez ere elkartasuna. Zirkuan, lehia edo pikea beste diziplina batzuetan baino sanoagoa eta jatorragoa da, giroa atsegina da. Adibidez, Argentinara joanez gero eta han zirkuko jendea ezagutuz gero, badakit familiartean bezala sentituko naizela. Munduko edozein bazterretan familia duzula sentitzea zoragarria da.

Zergatik egiten duzu egiten duzuna?

Gustatzen zaidalako, komunikazioa maite dudalako, eta honek baduelako dimentsio espiritual bat neure burua hobeto ezagutzen laguntzen didana, neure buruarekin etengabe harritzera naramana.

Irakurleren batek bere burua zuregan islatuta ikusiko balu, ze aholku emango zenioke?

Pazientzia, borondatea eta norabidea argi edukitzea. Oso emozionantea da, artearen bidean monotoniak ez duelako lekurik, baina traidorea ere bada, bakardadea gertutik sentitzen duzu tarteka.


Maitane Azpirozen Kuttunak


Liburua: King Kong theorie. Virginie Despentes, 2006.
Abestia: I will survive. Gloria Gaynor, 1978.
Filma: Der Himmel über Berlin –Zerua Berlin gainean–. Wim Wenders, 1987.
Plaza: Moskuko plaza gorria.
Miresten duzun norbait: Kaki King, Edith Piaf, Martin Luther King, Mahatma Gandhi, ama...