Maisha MC: "Rapa poliki sartzen da, baina elektronika tiro bat da"

Maisha MC: "Rapa poliki sartzen da, baina elektronika tiro bat da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maisha-mc-rapa-poliki-sartzen-da-baina-elektronika-tiro-bat-da/@@download/image/maisha_09_1391603043.jpg
2014/02/10
elkarrizketa
Testua: Aitor Abaroa, Argazkiak: Galder Izagirre
Rap kantaria, DJa, musika ekoizlea, irrati kolaboratzailea, zinean eta antzerkian lehen urratsak ematen hasi da... Artista multidisziplinarra da Maisha MC, Eneko Axpe fisikari barakaldarraren alter egoa.


Euskadi Irratiko uhinetan ezagun egin da Maisharen ahots bereizgarria. Irati Anda eskalatzaile eta bertsolariarekin entzuten dugu orain Faktoria saioan, gai ezberdinen inguruan iritzi zorrotza ematen. Hasi baina, DJ Makalarekin batera hasi zen, udako musika jartzaile bezala. Maisharena musika baita; zerbaitengatik du abizen MC, Maisha MC. 121 Krew taldeko kide gisa, euskarazko raparen erreferenteetako bat da. Patrol Destroyersekin aldiz, euskal gazteria leher egin arte dantzan jartzea du helburu.

Maisha MC elkarrizketatzeko Eneko Axperengana jo dugu, 27 urteko fisikari barakaldarrarengana. Izan ere, Maishari tarte bat lapurtzeko, Enekoren agendan aurkitu behar da lekua. Fisikaria da Eneko, Euskal Herriko Unibertsitatean lan egiten du eta motxila beteta agertu da. Bilboko sormen lapikorik intentsoenetakoa den ZAWP kolektiboaren Zorrotzaurreko instalazioetan elkartu gara, bertan du-eta Nasty Bilbao musika estudioa. Motxila zabaldu eta minutu bakarrean ikusi dugu eraldaketa. Eguzkitako betaurrekoak, eskularruak, praka eta zapata beltzak, eta argazkilariaren beharren arabera konbinatzeko, Berlindik ekarritako kamiseta, koadrodun alkandora edo Bilboko Casualirreal diseinatzaileek esklusiban egindako jertsea. Izan ere, 6 Pabilioiko lagun antzerkilariei bezala, Maisharen maskarak ahalbidetzen dio Enekori egunerokotasunetik atera eta sormenari bide ematen.

Zertan ezberdintzen dira Eneko Axpe eta Maisha MC?
Maisha (‘bizitza’ esan nahi du swahiliz) Enekoren alter egoa da, rapero edo musikarion artean aka (also known as) bezala ezagutzen duguna. Nik biak ezberdintzen ditut. Maisha nire alde artistikoa da, sormenaren munduan dabilena, musika ekoizlea, raperoa, dokumentalak eta film laburrak zuzentzen hasi dena, antzerki munduan ere sartzen ari dena... eta irrati kolaboratzailea. Horiek denak egiten dituena Maisha da. Eszenatoki gainean egiten ditudan gauza asko ez nituzke inoiz Eneko Axpe moduan egingo, edota irratian ere gauza batzuk ez nituzke Enekoren izenean esango. Bai ordea Maishak duen alde artistiko horretatik.

Maisha MC 121 Krew taldeko kidea da. Nola sortu zenuten taldea?
121 Krew 2000. urtean sortu zen grafitigileen talde bezala. Gero Endika Lahaine eta Doble R DJa musika lantzen hasi ziren, rapeatzen lehena eta plateretan bigarrena. Hor hasi zen 121 Krewren alde musikala. Ondoren, Lama eta Abu+E gehitu ziren MC lanetan, eta jarraian Euskal Herriko beatbox txapelduna den Rufoh, Hawa DJ eta beatmakerra, eta ni batu ginen. Eta David Nanclaresek ere laguntzen digu musika egiten. Familia handi bat gara. Eta familia handiago baten babesa dugu, Taupaka Elkartearena. Dagoeneko 200 bat kontzertu eman ditugu Euskal Herriko txoko ezberdinetan, Bartzelonan, Madrilen, Italian edota Venezuelan.

Euskal raparen oinarriak baina, beste batzuek jarri zituzten, ezta?
Bai. Esaten da euskarazko raparen historia 2000. urtean hasi zela. Historia guztiek bezala, aurrehistoria bat ere badu, baina hori zaleek ikertu dezaten utziko dugu. 2000. urtean Selektah Kolektiboak euskaraz editatu zen lehen rap CDa plazaratu zuen, gero Ipar Euskal Herriko MAK taldea agertu zen, eta biak bakarrik aritu zirela esan daiteke 2005era arte. Orduan 121 Krew musika egiten hasi zen, eta beste hainbat talde ere agertu ziren, Norte Apache edo Indarrap, adibidez. Euskal Herriko txoko ezberdinetara zabaldu zen rapa. Eta hori gehiago nabarmendu da azkenaldian, adibidez Iparraldean 2Zio agertu da, Nafarroan Goienetxe anaiak, eta Gipuzkoan Norzzone eta Neat.

Rapak hitzetan du funtsa, indarra. Azter dezagun ‘Hiriaren taupadak’ (MusikHerria) diskoan diozuena. ‘Lehenengo taupada’: "Soinu berri bat heldu da hirira" eta "Euskaldunberria saiatzen ari da".
Talde modura plazaratzen dugun tesia bi esaldi horietan laburbildu daiteke. Euskal Herrian, Europako beste hainbat lekutan ez bezala, asko kostatzen zaigu musika estilo berriak entzutea, eta gu hori aldatzeko saiakeran ari gara hainbat urtez; baita doinu berri horiek euskal hiritik herrietara igaro daitezen ere. Bestalde, barakaldarrak izanik, taldeko kide guztiak euskaldun berriak gara, eta alde horretatik ohore bat da gure hizkuntza bandera moduan eramatea. Baina horrek, era berean, zalantza edo galdera bat planteatzera narama: Gipuzkoako herri askotan rapa egiten dutenek zergatik egiten dute gaztelaniaz? Ez dut ulertzen. Horregatik diogu "euskaldun berria saiatzen ari da". Zergatik euskaldun zaharra ez?

‘Hirian’: "Hirian argiak amatatu egin dira". ‘Baraka’: "Barakaldo zikinean nintzen jaioa".

Ni Barakaldokoa naiz, baina oso lotuta nago Bilbo hirira, eta bietan iluntasun handia dago. Hiri ilun eta grisean bizi bazara, burua kanpora eraman behar duzu zure errealitatea aldatzen saiatzeko, eta horretarako bi modu daude: bidaiatzea eta sortzea. Hirugarren bidea drogak izan daitezke, baina guk sormenaren bidea hartzea erabaki genuen, musika eginez Barakaldo eraldatzen saiatzea, bai musikaren arloan zein euskararenean. Izan ere, kontrakoa uste den arren, gero eta jende gehiagok erabiltzen du Barakaldon euskara. Eta hori gure esku dago, hiriko irakasleon, tabernarion, raperoon esku. Gainera, biztanleen gehiengoa etorkinak dira, eta prozesu oso polita litzateke hiria euskalduntzea, Barakaldo etorkin euskaldunen hiria izatea.

Orain arteko zuen arrakastarik handiena, ‘Guztiok bat... euskal rap! Mixtape Vol 1’. (MusikHerria, 2009) bilduman kaleratutako ‘Gora Baraka, behera Neguri’ abestia izan da. Gaur egun ere oraindik ezkerraldearen eta eskuinaldearen arteko ezberdintasunak existitzen dira?

Jendeak ezetz esango du, baina bai, argi eta garbi. Ez da berdina Neguritik paseatzea, edo Barakaldo edo Sestaoko auzo batzuetatik paseatzea. Industrializazioak utzitako ondorioak dira horiek; ingeniariak eta Bilboko burgesia eskuinaldeko gune batzuetan batu ziren, eta langileria guztia ezkerraldean. Gu horien seme-alabak gara, horien oinordekoak. Eta ezberdintasunak ikusten dira, adibidez, jendea Barakaldon baino politagoa da Negurin, hori horrela da. Genetikoki ezaugarri batzuk mantendu egin dira, elikadura hobea izan dute mende oso batez... eta ondorioz, ezberdinatsunak oraindik nabariak dira. Gauzak aldatzen doaz, baina oraindik badaude ezberdintasunak.

‘Farenheit 451’ kantan flamenko doinuak ageri dira nabarmen. Rapean ere mestizajea gero eta ohikoagoa da?
Bai, eta normala da, gure gizartearen isla da hori. Barakaldon, eta ezkerraldean oro har, ijito komunitatea oso handia da, eta guk baditugu lagun ijitoak. Kantan abesten duena adibidez, Gustavo, ijitoa da, eta bere laguntzarekin bi musika estiloak fusionatu nahi izan ditugu. Abesti hori Barakaldoren argazki bat dela esango nuke.

‘EH komantxe’: "...nire amonak ulertzen ez duen hizkuntza; baina hizkuntza ez dira geneak, bizipenak dira".
Etorkinak batez ere hirietan kontzentratzen dira, eta eurengana hurbildu eta euskararen zein Euskal Herriaren xarma transmititzeko ahalegina egin behar dugu. Nik etorkin asko ezagutzen dut, magrebiarrak, senegaldarrak, hego amerikarrak... eta heltzen direnean sarritan ez dakite euskara zer den, ezta Euskal Herria zer den ere. Ikusten duten bakarra da kartelak bi hizkuntzatan daudela. Gure eskuetan dago euskarara hurbil daitezen laguntzea, eta eurek erabaki dezatela. Ez dugu inor derrigortu behar, baina gure buruaz harro egon behar gara, eta tematiak izan, jende hori euskarara erakartzeko.

‘Kantuz’ abestian, bertsoak eta trikitixa ageri dira. Bertsoak eta rapak antzekotasunak dituztela esango zenuke?
Horri erantzuteko, ohiko rapa eta raparen freestylea ezberdindu behar dira. Azken horretan badago inprobisazioa, eta beraz, badu neurri baten bertsolaritzarekin zerikusirik. Hala ere, ez dakit zergatik, freestylean irainak, oilar-borroka deritzen aurrez aurrekoak eta antzerakoak izan dira arrakastatsuak, eta horiek ez datoz bat gure filosofiarekin. Bertsolaritzarekin lotzeko rap mota hori da erakargarria, eta bere momentuan ohartu ginen gure bidea ez zela hori, gurea ez zela inprobisazioa, homofobia, matxismoa eta antzerakoak gailentzen direlako. Gu horien kontra gaude, guztiz. Hala ere, nik esperimentu bezala Aritz Sound Systemekin Bertso-hop egitasmoan parte hartu nuen, eta oso gustura aritu nintzen. Are gehiago, lehenengo aldiz, euskal kulturaren parte sentitu ginen raperoak bertsolariekin eszenatoki gainean egonda.

‘Piratak’: "Zuen banderan femurrak, burhezurrak; bankuak dira orain piratak, lapurrak". Rapa injustizien kontrako salaketa egiteko espresiobidea da?
Gure kasuan bai. Rap komertzialagoa eta makarragoa ere existitzen da, baita Euskal Herrian ere, baina ez euskaraz. Pertsona bakar batek herrialde oso bateko biztanleek baino diru gehiago duen mundu batean bizi bagara, ezin gara geldirik egon, isilik egon, zerbait egin behar dugu. Gainera, langile auzo batetik etorrita, baliabideak eta laguntzak denontzat izan behar direla exijitu behar dugu. Euskal Herriko Anek eta Zambiako Ibtisamek aukera berdinak izan behar dituzte, eta hori ikusi arte ezin gara isilik egon.

Rapak sorterri duen AEBetara begiratzen badugu baina, badirudi hango rapak gaur egun lotura gutxi duela auzo txiroekin?
Hala da. Rapa AEBetatik dator, hango gune txiroetatik, baina egia da azken urteetan guztiz prostituitu dela. Negozioaren bidetik jo dute, kotxe garestiak, bideoklip ikusgarriak... sustraietatik aldenduz. Esan genezake han rapa aberatsen musika bihurtu dela. Gurera etorrita, gaur egun Bilboko ezkerraldean rapa egiten da, eta eskuinaldean aldiz reggaea eta hondartza-doinuak jotzen dituzte, rapa oso gutxi.

Rapaz gain, Patrol Destroyers taldean musika elektronikoaren aldeko apustua egiten duzu.
Rapa maite dugu, baina estilo askotako musika entzuten dugu, eta horien artean dago dubstepa. Berba teknikorik erabili gabe esateko, dubstepa musika elektroniko gordin eta zoroa da. 2011n wobble bass oinarriak nola egiten ziren ikasi eta taldea sortu genuen. Hawa DJ aka LemmonHead DJ eta neu gara ekoizleak, eta Rufoh Beatbox ere kide dugu. Patrol Destroyersek bi zutabe ditu. Alde batetik, jaia eta ondo pasatzea, euskal gazteek, munduko gainontzeko gazte guztiek bezala, ondo pasatzea merezi dutelako. Eta bestetik, euskal nortasuna.

‘Hotza’ kanta 2013ko ‘Entzun’ aldizkariaren 20 onenen aukeraketan sartu zuten.
Oso pozik gaude. Kanta hori Gorka Suaia aka Askapen Sound System-ekin egin genuen, reggaea eta dubstepa fusionatzeko helburuarekin. Kristoren arrakasta izan du, badakit Euskal Herriko hainbat diskotekatan jarri izan dela eta mila deskargatik gora izan ditu Interneten. Zuzenekoetan beti azaltzen da norbait esanez kanta maite duela, barruraino heldu zaiola, eta hori plazer handia da.

2013ko Aste Nagusian Kaskagorri konpartsaren txosnan aritu zineten. Gure herrietako txosnetan hainbeste urtez bueltaka ibili den CDa aldatzeko ordua da?
Begira, kontzertu horretan 1.000 pertsonatik gora zeuden, eta guztiak dantzan, ondo pasatzen. Hurrengo egunean mezuak jaso genituen esanez: "Kabroiak, kristoren agujetak ditut, apurtuta nago..." Dantzatzea eta ondo pasatzea denok gura dugu, eta Patrol Destroyers izan daiteke formula bat Euskal Herriko musika espektroaren zati bat baino ezagutu ez duena dantzara erakartzeko. Gauza berriak probatu eta ideia berriak plazaratzea, hori da Euskal Herriak behar duena.

Mofetaz mozorrotuta aritzen zarete taula gainean.
Maria ke Fisherman markaren buru den María Lemus diseinatzaile madrildarra 2011n ezagutu nuen, sortzaileen elkarte batean, eta mofeta jantziak egin zizkigun. Orain nazioartean arrakasta izaten ari da. Adibidez, Miley Cyrusi kontzertuetarako hainbat arropa egin dizkiote. Hara, esan genezake Miley Cyrus eta Patrol Destroyers lotuta daudela! Kar, kar, kar.

Musika ekoizlea ere bazara, eta Hawa DJrekin batera, Nasty Bilbao estudioa sortu zenuen.
Ohartu ginen Bizkaialdean ez zegoela euskarazko rap, new wave, dubstep, moombahton edota electrohouse estiloak lantzen zituen estudiorik. Hutsune bat zegoen, eta hori bete nahi izan dugu. Gainera, ZAWPen dugu estudioa, 6 Pabilioia eta beste hainbat egitasmo interesgarrirekin batera, eta ondorioz aktoreak, antzerkilariak, moda diseinatzaileak, arkitektoak eta beste hainbat sortzaile ezagutu ditugu. Hor sortzen diren sinergiak izugarriak dira. Artean, musikan, baina baita zientzian eta bestelako arloetan ere, multidisziplinartasuna bultzatu behar dugu, eta horretarako politika berritzaileak behar dira.

‘Faktoria’ saioan kolaboratzailea zara, Euskadi Irratian. Musikak ematen ez dizun zer ematen dizu irratiak?
Aurretik izan nituen irratian beste esperientzia batzuk, baina ez ziren zuzenekoak, eta niri zuzenekoen puntu hori gustatzen zait. 40.000 lagunekin komunikatzea, nahiz eta aurpegirik ez ikusi, ahotsarekin. Zuzenekoak motibatu egiten nau, borbor jartzen nau. Beste gauzek ematen ez didaten adrenalina puntua ematen dit. Gainera zortea izan dut, entzuleen oniritzia jaso baitut. Izugarria da. Urte askotarako izan dadila.

Saioan erakusten duzu musikaz ezagutza zabala duzula. Nondik dator ezagutza hori?
Urteetako praktika, etxean ditudan mila CDak... melomano bat naiz. Gogoratzen dut hamaika bat urterekin paga guztiak diskoak erosteko gordetzen nituela. Nire auzoan jendeak dirua asteburuetan gastatzen zuen, alkoholean, drogetan... Nik musikaren aldeko apustua egin nuen, eta musikak bueltatu egin dit apustu hori horrelako opariekin.

Tas Tas Irrati Librean ere aritu zinen, eta albisteak rapeatzen zenituzten!
Albiste bat pasatzen ziguten, eta guk, Endikak, Hawak eta hirurok, albiste horrekin rap bat grabatzen genuen, eta irratian aireratzen zuten. Gogoratzen dut bat bereziki, duela bost urte egin genuena. Braille itzultzailea den itsu bati buruzko albistea zen, Durangoko Azokan braillez idatzitako liburu bat aurkezten zue edo sariren bat jaso, eta Begiak, egiak izeneko abestia egin genion. Emozionatu egin zen, berari buruzko berria rap doinuan entzun zuenean. Bere zentzumenik garrantzitsuena entzumena izanik, mezua abesti bezala jasotzea oso hunkigarria egin zitzaion, malko batzuk ere atera zitzaizkiola esan ziguten.

Irrati librea zen Tas Tas. Esango nuke irrati libreek lan handia egin dutela irrati komertzialetan lekurik ez duten talde eta bakarlariei lekua egiten.
Hala da. Adibidez, irrati libre askok egin dute euskarazko raparen aldeko apustua. Gure abesti batzuk ezagun egin badira, eurei esker izan da. Irrati libreek Euskal Herriko espektro osoa betetzen dute musikaren arloan. Gonbidatu nahi dut Gaztea irratia Euskal Herrian egiten den espektro hori berak ere bete dezan. Euskal Herria ez da soilik pop-rocka eta ska, musika asko egiten da. Gaztean, adibidez, behin eta berriz jartzen dituzte rap, house edota electro-rap kantak, baina ez hemengoak, kanpokoak soilik. Irrati libreek aldiz, bai.

Irrati komertzialetan, DJak dira orain erregeak. Nola azaldu daiteke hori?
Jendeak ondo pasatu nahi du, eta DJ bakar batek behar hori bete dezake, hainbat pertsonako talde baten beharrik gabe. Horretaz gain, nik ikusi dut Berlinen, Amsterdamen, Parisen... hamaika tabernatan, diskoteka edo puba izan gabe, tabernek euren DJak dituztela. Euskal Herrian ez da hori pasatzen. Egia da, iturginak bezala, DJak ere onak eta txarrak daudela, eta lehenik eta behin musikaren kalitateateri begiratu behar diogula, baina Euskal Herriko gauean DJak beharrezkoak dira. Eta DJ bikainak egon badaude. Adibidez El_Txef_A DJ gernikarra mundu osoan zehar da ezaguna, egun baten Dubain pintxatzen du, hurrengoan Berlinen, eta gurean ez da ezagutzen. Euskal Herrian badugu hutsune hori.

Zein leku dute rapak eta elektronikak gurean?
Gu oso tematiak izan gara, eta horrek emaitzak ematen ditu. Aritz Sound Systemi eskertu behar diogu musika beltza eta elektronikoa zabaltzen egin duen lana, eta orain beste batzuk hartu dugu bere lekukoa, eta emaitzekin gustura gaude. Rapari dagokionez, adibidez, Donibane Garazin oso arrakastatsua izan da 121 Krew. Eta Patrol Destroyersekin herrietan pintxatu izan dugunean, Lekeition edo Iparraldeko herri txikietan adibidez, jendeak gelditu gabe dantzatu du egiten dugun new wave musikarekin.

Elektronikak arrakasta gehiago du rapak baino?
Rapak, batez ere letran du garrantzia, eta beraz, raperoak harrapatu behar zaitu. Euskaldunok itxiak gara, eta pertsona batek gu seduzitzea kosta egiten da. Aldiz, elektronika zuzenagoa da, batez ere dubstep, electrohouse edota moombahton bezalako estiloak; horiek erraz harrapatzen dute jendea. Gogoan dut lehenengoz dubstep abesti bat entzun nuenean kaskoak kendu nituela, baina bigarrenetik aurrera ezin izan nion entzuteari utzi. Flipatu egiten nuen. Rapa poliki sartzen da, baina elektronika tiro bat da.

Musika eta estetika ere sarritan lotzen dira, musika estilo baten zaleak, sarritan, modu jakin batean janzten baitira. Ari gara hori ere aldatzen?
Bai, nik adibidez duela gutxi aldatu dut itxura. Beti esan izan dut bakoitza kaletik nahi duen moduan joan daitekeela, eta Bilbok eta Europako hiriburuetara bidaiatzaek begiak zabaltzen laguntzen dizute. Itxurari lotuta, bada gauza kurioso bat: Euskal Herrian erdaraz rapa egiten duten asko ohiko rapero estiloan janzten dira, praka zabalekin, futbol amerikarreko kamisetekin, biserekin, baina ez dut momentuz ezagutzen horrela janzten den euskarazko raperorik. Azaldu ezin dudan fenomeno bat da.

Eta neskak? Non daude euskal raperak?
Duela bost urte Pau Lee ezagutu nuen, euskaraz zein gaztelaniaz rapeatzen zuen Hernaniko neska. Baina denbora da berataz ez dudala ezer entzun. Hala ere, hilabete honetan Fanyrekin grabatuko dugu, Donostiakoa da, 22 urte ditu eta euskaraz rapeatzen du. Gainera, Euskal Herrian neska grafitigile asko dago, break dantzariak ere bai, rapa gustuko dutenak, eta nik animatu egin nahi ditut, idazten saia daitezen, ez dira damutuko eta.

Ziur etorkizun laburrera begira ere proiektu bat baino gehiago duzula esku artean.
Hasteko, euskarazko rapean inflexio puntua izango den Norzzoneren Hamairu dok diskoan ari gara lanean Nasty Bilbaon. Zalantzarik gabe, euskaraz egin den rap diskorik onena izango da. Bestetik, aurki aterako dugu 121 Krewkoek Norte Apacheko lagunekin hiru kantako EP bat. Eta Patrol Destroyersen bideoklip berri bat bidean da, Imanol Zubiauzen zuzendaritzapean, eta abesti berri bat ere bai, Kaliforniako (AEB) Bart Farrell raperoaren eta Nicole Alfama house abeslariaren kolaborazioekin. Eta gauzak ondo bidean, hilaren 22an, 6 Pabilioiko lagunekin batera elektro-antzerkia deitu genezakeen zerbait estreinatuko dugu, Faustoren bertsio berezi bat izango da, Fausto, ciudadano ejemplar. Galder Perezek zuzenduko du eta Mikel Losada, Lander Otaola, Diego Perez eta Mirian K. Martxante izango dira aktoreak. Eurek antzerkia egingo dute eta gu tartean sartuko gara musika elektronikoarekin eta raparekin. Bestalde, zinea ere oso gustuko dut, eta Maite Goirienaren testu batean oinarritutako film labur bat zuzentzen ere ari naiz, Ez begirik itxi izenekoa.

Maisharen kuttunak


Liburu bat: Ten Little Niggers (Agatha Christie, 1939).
Film bat: Das Cabinet des Dr. Caligari (Robert Wiene, 1920).
Musika talde bat: Rage Against the Machine.
Abesti bat: Baga-Biga-Higa (Mikel Laboa, Gernika zuzenean 2).
Kolorea: Gorria.
Miresten duzu... Behartsuak laguntzen euren bizitza osoa ematen duten pertsona anonimoak.
Zoriontsu zara... Egunero eraberritzean, bidaiatzean, zuzenekoetan... baina batez ere, sortzerakoan.
Desio bat: Maite nauten guztiak zoriontsu bizitzea.