Maiatzaren 23an egingo dute Sherpa Summit topaketa

Maiatzaren 23an egingo dute Sherpa Summit topaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maiatzaren-23an-egingo-dute-sherpa-summit-topaketa/@@download/image/sherpa_summit_1366789670.jpg
2013/04/24
berria
Xabier Uribe-Etxebarria Sher.pa laguntzaile pertsonalaren sortzailearen ekimenez, eta Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean, Sherpa Summit mugikorretarako laguntzaile pertsonal, interfaze eta bilatzaileetan aditu direnen elkargune bilakatuko da Bilbo maiatzaren 23an. Izena emateko epea zabalik da dagoeneko.


Sher.pa laguntzaile pertsonalaren bidez, zure mugikorrari edo tabletari aginduak eman diezazkiokezu ahotsez, eta aparailuak, bere kabuz, eskatutakoa egingo du. Musikari buruz edota hegaldien inguruan galdegin diezaiokezu, mezuak idatzi, sare sozialetan aritu… denetarik! Android sistema eragilearekin funtzionatzen du, eta adituen hitzetan, gaztelerazko laguntzaile pertsonal onena da. Ba Xabier Uribe-Etxebarria ingeniari elektroniko euskaldunak sortu du Sher.pa!

Berak abiatuta, Sherpa Summit topaketa egingo dute maiatzaren 23an Bilbon, eta merkataritza elektronikoan, plataforma mugikorretan eta osagai elektronikoetan adituak diren nazioarteko ordezkariek hartuko dute parte.

Besteak beste, hizlarien artean izango dira Mitchell Baker Mozillaren lehendakaria, Doug Solomon Apple enpresako Munduko Estrategiarako Zuzendari ohia, edota Javier Santiso Telefonica Europa enpresako presidentea. Halaber, Chris Shipleyk, Sillicon Valleyko andrazkorik eraginkorrenaren izendapena eskuratu duen emakumeak, aurkeztuko ditu topaketak.

Aro berri baterantz
Orain arte ezagutu dugun bilaketaren amaiera lelopean, laguntzaile pertsonal, interfaze eta bilatzaileei buruz jardungo dira adituak topaketaren lehen edizio honetan. Bilatzaileen belaunaldi berriaz, bilaketa mugikorraz edota ahots bidezko bilaketaren inguruan, besteak beste, eztabaidatuko dute, beren ekarpenak elkarbanatu eta etorkizunerako baliagarriak izango diren ondorioetara ailegatzeko asmoz.

Topaketan parte hartzeko, zabalik da dagoeneko izena emateko epea; eta ekimenaren webgunea baliatuz egin ahal izango da.