Maiatzaren 14an hasiko da II. Señora Sariketa

Hainbat bertsolari eta bertsozale feministak, tokiko herri eragileen eta mugimendu feministako kideekin elkarlanean, lehen Señora Sariketa antolatu zute iaz, bertso-plaza berriak sortu eta emakumeei zein azpiratutako identitateei ikusgarritasuna emateko asmoz. Iazkoak emandakoa ikusita, bigarren edizioa jarriko dute martxan hilabete honetan, belaunaldien arteko aliantzak sendotu eta ahalduntze kolektiboaren bidean urrats gehiago emateko asmoz, lurraldetasuna kontuan izanda.
Sariketaren izenaren harira, andre zaharrarekin eta bakardadearekin loturiko kontzeptuari buelta eman nahi izan diote antolatzaileek, hitzari ematen zaion esanahia eraldatu. Maider Arregi bertsolari eta antolatzaileren hitzetan, “emakume indartsu bat da señora bat, ahaldunduta dagoena”.
Aurtengo sariketaren irudia kateorratza da, “señora guztiak” ordezkatu ditzakeen tresna dela uste baitute: “Makarren txapetan dago, punkyen belarritakoetan eta adinekoen zapietan. Zorrotza da kateorratza eta denak elkartzeko balio dezake aldi berean".
Bi kanporaketa eta finala
Lehen kanporaketa Hendaian izango da maiatzaren 14an, eta bigarrena maiatzaren 21ean jokatuko da Laudion. Azkenik, ekainaren 4an izango da final handia Leitzan.
Hamalau bertsolarik hartuko dute parte. Lehen kanporaketan, Amaia Iturriotz Etxaniz, Aner Euzkitze, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Irati Alcantarilla Urdanpilleta, Josune Aramendi Perez eta Paule Loizaga Legarra arituko dira bertsotan. Ainhoa Larretxea Agirre ariko da gaiak jartzen. Hendaiako Enbata gaztetxean izango da saioa, 17:00etan.
Bigarrenean, berriz, Andere Arriolabengoa Bengoa, Ane Beloki Lopez, Ane Labaka Maioz, Irati Anda Villanueva, Leire Vargas Nieto eta Sarai Robles Vitas izango dira Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktoriako oholtzan, 18:00etatik aurrera. Amaia Agirre Arrastoa izango da gai-jartzailea.
Finala Leitzako Herri Aretoan izango da, 17:00etan. Kanporaketa bakoitzetik sailkatutako bi bertsolariek abestuko dute finalean. Eurez gain, gonbidatu bereziak izango diren bi "señorek" ere parte hartuko dute; eguna iritsi aurretik iragarriko dute ohorezko bi parte-hartzaile horiek nor izango diren.
Kanporaketetarako sarrerak salgai daude dagoeneko Bertso Sarrerak webgunean.