Maialen Odriozola (Durangoko Azoka): "Bidelagun askoren babesari esker egin dugu aurrera"

Maialen Odriozola (Durangoko Azoka): "Bidelagun askoren babesari esker egin dugu aurrera" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maialen-odriozola-durangoko-azoka-bidelagun-askoren-babesari-esker-egin-dugu-aurrera/@@download/image/maialen_da_azal_1417545315.jpg
2014/12/02
elkarrizketa
Saioa Baleztena @SaioB
Durangoko Azokaren 49. edizioaren ateak zabaltzeko 48 ordu falta direnean, dena prest omen dute antolatzaileek. Aurtengo egitarauari errepasoa egiteko izan gara Maialen Odriozolarekin (Zumaia, 1988), Durangoko Azokako komunikazioa arduradunarekin.


Hastear da Durangoko Azokaren 49. edizioa, dena prest?
Ia dena prest dugu, eta irrikatan gaude heltzeko!

Errez erraten da, 49. edizioa. Nola laburtuko zenuke azokaren bilakaera, sortu zenetik?
Formaz asko aldatu da, nik ez nituen hasierako urte horiek bizitu, baina argazkiak ikusita argi ikusten da bilakaera; eliza baten arkupetan hasi zen, eta erabilera anitzeko pabiloi modernora pasa da, 19 standeko erakusleiho batetik 245 erakustoki hartzen dituen azokaraino. Dena den, badira hainbeste aldatu ez diren gauzak ere; Durangoko Azokak betidanik hartu baititu euskal kulturgintzaren joerak eta abangoardiak.

Berrikuntza gisa, auto ekoizleen plaza antolatu duzue aurten. Zein helbururekin?
Sektorearen errealitate berriak hartzeko asmoz sortu dugu autoekoizleen plaza. Sortzailea gero eta gehiago da ekoizle eta garrantzitsua da errealitate hori azokara ekartzea. Aurten 16 sortzaile izango ditugu autoekoizleen plaza deitu diogun eremuan. Eurek izan dira, erabaki dute, gainera, espazioa nola kudeatu: nola partekatu azpiegituraren kostua, bete beharreko txandak, diru-sarrera kontuak eta baita beraien lanak iragartzeko modua ere, eta blog bat sortu dute.

Honetaz aparte, zein izango dira berrikuntza nagusiak?
Gogoetaren Plaza aipatuko nuke nik berrikuntza nagusi gisa.  Garrantzitsua iruditzen zait horrelako espazio bat izatea patxadaz kulturgintzak bizi duen momentuaz eta etorkizunen izango dituzten erronkez hitz egin ahal izateko. Horretaz aparte aurten Ahotseneak bi karpa izango ditu eta beraz, eskaintza inoiz baino handiagoa izango da gustukoen ditugun idazle eta musikariekin gozatzeko.

#Dazokat Instagram lehiaketa ere antolatu duzue aurten...
Kultur zaleen Durangoko Azoka ezagutu nahi dugulako egin dugu leihaketa.  Zuetako guztion bizipen pertsonalak agertu nahi ditugu: nola zabiltzaten standetako pasilloetan, guneetako agertoki atzean, alde zaharreko kaleen artean, bueltako autobusa poltsaz beterik hartzerakoan... Zuen begiradek osatzen dutelako Durangoko Azoka.  Hori bai, zuen elkarlana eskertzeko sariak izango ditugu!

Sariak aipatzen dituzula, zuek ere sarituak izan zarete aurten, Korrikak Durangoko Azoka omenduko baitu...
Korrikaren mailako ekimen batek gu saritzeak poztasun bikoitza ekarri digu. Azken batean, lotura handiak ditugu elkarren artean: herrigintzatik ateratako proiektuak gara bata zein bestea, eta bidelagun askoren babesari esker egin dugu aurrera.

Goazen orain egitaraua errepasatzera. Zenbat kontzertu izango dira guztira?
Ahotsenean 55 kontzertu egongo dira, eta Plateruenean, berriz, Vendetta, Hesian, Gatibu eta Kometa taldeek joko dute. Zuzenekoak ikusi eta bizitzeko gogoa daukanak badauka, beraz, hitzordua Durangon.

Irudieneak ere, egitarau interesgarria dakar. Zer azpimarratuko zenuke?
Euskal zinemaren izen handiak ekarriko ditu aurten ere ikus-entzunezkoen plazak; film labur zein luzeak eta Laburbira zikloa azpimarratuko nuke. Ordu erdiz azpiko piezak bata bestearen atzetik jarrraian izango ditugu, ikusi, gozatu eta bizitakoa sortzaileekin partekatzeko.

Aurtengo edizioak eskaintzen duen guztiaren artean zer azpimarratuko zenuke zuk?
Saguganbarako ipuin kontaketak edo transmisioari begira antolatu dituzten tailerrak, Kabiako Tabu hitzaldiek ere oso itxura ona dute, Szenatokian antzerki maratoiak,  Gogoetaren Plazako elkarrizketa mamitsuak, Ahotseneako literatur solasaldiak, Azoka TB-n bideoklipen saioa,  Irudieneako laburmetraiak, Plateruko kontzertuak… Horiek dira nireak baina norberak bereak bilatu baietz!

Nolakoa da Durangoko Azoka prestatzeko jarraitzen duzuen lan dinamika? Urte osoa behar izaten duzue?
Irailetik aurrera hasi nintzen ni, baina Gerediagako langileak azokaren inguruan lanean zeuden ordurako. Askotan komentatu izan didate azoka bat bukatu bezain laster balorazio mamitsua egin eta hurrengo urterakoari begira jarri behar direla jada. Dena den, Gerediaga Elkarteak beste ekintza batzuk ere antolatzen ditu urtean zehar, ez azoka bezain masiboak baina bai kulturari lotutako ekintza interesgarriak. Guneetako arduradunak ere urte guztian zehar biltzen dira azokaren inguruan hitz egiteko.

Ekonomikoki Durangoko Azoka egoera larrian dagoela jakinarazi duzue, baina zein da egoera zehazki?
Ekonomikoki laguntzen beherakadak eta beraien ziurgabetasunak kezkatzen gintuen. Momentu batean estu ikusi genuen geure burua eta guk eskaintza zabala duen kalitatezko azoka honetan sinesten dugunez, besoa altxatu eta erakundeei gure arazoak azaldu eta gure indarguneak nabarmendu genizkien. Ordutik esfortzu handia egin dugu zer garen eta nolako azokan sinisten dugun mundu guztiari azaltzeko, badirudi askok onartu dutela azokaren izaera, eta babesa emango dietela adierazi dute. Horrek aurrera egiteko indarrak eman dizkigu, noski.

GAZTEZULOko irakurleei mezurik utzi nahi diezu?
Azoka hain gertu dagoen honetan Durangora etorri eta kulturaz gozatzeko aldarria egin nahi dut. Egitaraua begiratzera ere animatu nahi dut jendea, nire pena bakarra hainbeste ekintza prestatu ostean horietan ezingo dudala egon da. Beraz, zuek ahal duzuela, etorri eta ongi pasatu azoka egunetan!