Maialen Chourrautek zilarrezko domina lortu du Tokioko Joko Olinpikoetan

Maialen Chourrautek zilarrezko domina lortu du Tokioko Joko Olinpikoetan Hirugarren domina olinpikoa du piraguista lasartearrak, aurrez urrezkoa eta brontzezkoa ere lortua baita 2016 eta 2012ko jokoetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maialen-chourrautek-zilarrezko-domina-lortu-du-tokioko-joko-olinpikoetan/@@download/image/maialen domina.jpg
2021/07/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hirugarren domina olinpikoa du piraguista lasartearrak, aurrez urrezkoa eta brontzezkoa ere lortua baita 2016 eta 2012ko jokoetan.
Maialen Chourrautek zilarrezko domina lortu du Tokioko Joko Olinpikoetan

Maialen Chourraut piraguista lasartearrak beste mugarri bat ezarri zuen atzo Tokioko Joko Olinpikoetan zilarrezko domina irabazita. Euskaldunok poztu gaituen lorpena izan da ezbairik gabe. Falta zitzaion domina bakarra eskuratu du Chourrautek,  Rio 2016ko Joko Olinpikoetan urrea eta Londresen brontzea lortu baitzuen 2012an. "Azkenean, lortu dut. 38 urte ditut jada, ezin da gehiagorik esan", azaldu zuen gipuzkoarrak hunkituta. 

Hala ere, argi utzi zuen dominarik lortu izan ez balu ere, pozik bueltatuko zela etxera. "Tokiora helburu eta amets batekin etorri nintzen; helburua Maialen azkar bat ikustea zen, indartsua. Hori zen ikusi nahi nuena", esan zuen piraguistak. Horrekin batera, azken urteetan egindako ahalegina ikaragarria izan dela gaineratu zuen: "Bost urte izan dira, olinpiar ziklo gogorra. Asko kostatu zait goiko postuetan sailkatzea, asko borrokatu behar izan dut".

Jaitsieraren erdiko partean denbora pixka bat galdu zuen arren, amaiera bikaina egin zuen eta 106.63 markatu zuen helmugan emakumezkoen eslalomeko piraguismoko K1 probako finalean. Une horretan denborarik onena zuen, Ricarda Funk alemaniarrak, 105,50eko denborarekin, gainditu zuen arte. 

Familia eta gertukoak izan zituen gogoan Chourrautek: "Joko bereziak izan dira, Anerengandik (alaba) urrun. Etxera itzuli eta bera ikusteko irrikan nago. Familia, lagunak. Zorionekoa naiz inguratzen nauen guztiagatik. Eskerrik asko, eskerrik asko, eskerrik asko", adierazi zuen lasartearrak.

Donostiako Atletikoko kideek ere zoriondu dute Chourraut, lortu duen dominagatik.