Maiakovski: Poeta iraultzailea

Maiakovski: Poeta iraultzailea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maiakovski-poeta-iraultzailea/@@download/image/5p43-1_1359556912.jpg
2001/02/05
erreportajea
Maiakovski: Poeta iraultzailea
Lerro hauek idatzi eta handik bi egunera, 1930. urtean, hogeita hamazazpi urte zituela hil zen Vladimir Maikovski, poeta errusiarra, iraultzaren alde sutsuki lan egin ondoren iraultzaren buruzagiek zentsuratu eta baztertua. Bere buruari tiro eman edo tiroari buru emanda hil zen.


Browning errebolber bat erabili zuen horretarako. Viktor Sklovskik dioenez, "pistolan bala bakarra zeukan, baina ez zuen adiskide nahikoa bizkorrik izan bala hura kentzera joateko, bera ikustera joateko, telefonoz deitzeko". Bere heriotza goiztiarraren aurretik denetik idatzi zuen: iraultza zabaltzeko propagandarako testu, eslogan eta marrazkiak, antzerkia, zine gidoiak... Bere ia bi metroko planta dotoreak film bat baino gehiagotan protagonista izateko aukera eman zion.

Aldizkariak sortu eta bere poemak fabriketan errezitatu zituen, langileen oihu gorestaile eta txalo zaparrada beroen artean. Errusia goitik behera zeharkatzeaz gain, munduan zehar ibili zen eta New York, Mexiko, Berlin eta Paris ezagutu zituen, besteak beste.

Puntuak eta komak traba jotzen zituen eta gorroto zituen, une batetik aurrera apenas erabiltzen zituen bere idatzietan. Ezaguna da Maiakovskik sorturiko "eskilara maiakovskiarra" idazkera: poemetako esaldiak banatu eta eskilara itxuran idaztean datza eskilara maiakovskiarra. Idazkera honen helburuak, askok uste dutenaren kontra, ez ziren bere joera estetiko abangoardisten adierazle huts, askoz ere helburu pragmatikoagoa zuten: lerroka ordaintzen ziotenez, are errublo gehiago kobratuko zituen lerro bakarrarekin hiru eginez gero.

Iraultzaren poeta izateaz gain Lili Brikekiko maitasunari ere lotu zitzaion ezagun egingo zuen poesia. Gaur egun ez dago aukera askorik Maiakovskiren liburuak irakurtzeko, gehienak edizio aintzinakoak edo deskatalogatuak baitira. Euskaraz, Koldo Izagirrek itzuli eta Susak 1993an argitaratutako "Poemak" antologia dago eskuragai.