Mafalda, komikigintza aldatu zuen neska errebelde eta feminista

Mafalda, komikigintza aldatu zuen neska errebelde eta feminista Joaquín Salvador Lavado Tejón, Quino, zendu da, Mafaldaren aita; bere ibilbideari errepasoa egin diogu, haren lana inoiz baino gaurkotasun handiagoa duen garaiotan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mafalda-komikigintza-aldatu-zuen-neska-errebelde-eta-feminista/@@download/image/Quino-800x450_center_center.jpg
2020/10/01
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Joaquín Salvador Lavado Tejón, Quino, zendu da, Mafaldaren aita; bere ibilbideari errepasoa egin diogu, haren lana inoiz baino gaurkotasun handiagoa duen garaiotan.
Mafalda, komikigintza aldatu zuen neska errebelde eta feminista

Ia nahi gabe sortu zuen Quino argentinarrak (Mendoza, 1932-2020) sei urteko neskato hori, hainbat belaunaldiren ikur bihurtuko zena: Mafalda. Galderak bata bestearen atzetik botatzen zituen eta neskatila inkonformista hori Quinok sortu zuenean bezain gaurkotasunekoa da gaur egun ere, 50 urte baino gehiago igaro diren arren. Komikigile argentinarra 88 urterekin zendu da; duela hiru emaztea hil zitzaion, eta geroztik ez zen berbera izan. Baina Mafaldaren pertsonaiak oraindik asko du aldarrikatzeko, Quinok berak esan zuen moduan, "gizarteak tontakeri berak egiten jarraitzen duelako".

Mafalda 60ko hamarkadan jaio zen, Argentina eta Hego Amerikako urte iraultzaileetan; Mafaldaren lehen komikia 1964ko irailak 29an argitaratu zen Primer Plana astekarian, baina neskatoa urtebete lehenago jaio zen, Porteko publizitate agentziaren iragarki baterako sortua – Inoiz argitaratu ez zuena –, non Quinok bere marrazketa grina finantzatzeko lan egiten zuen. Etorkin andaluziarren semea, hamahiru urterekin Arte Ederrak ikasten hasi zen Mendozan, baina akademiako klasizismoaz nazkaturik, 18 urterekin Buenos Airesera joan zen bizitzera, bere lehen tira komikoa Esto Es astekarian argitaratuz 1954an.

Mafaldaren abenturak 1964 eta 1973 artean argitaratu ziren, baina geroztik etengane berrargitaratu, itzuli, eta errepikatu dira munduan eta belaunaldi ezberdinetan zehar. Halere, Quinok 73an Mafaldako tirak egiteari utzi zion, hark azaldu izan zuen moduan, pentsatzen zuena adierazteko askatasuna galdu zuelako: "Marrazten jarraitzen banuen, tiro bat jasoko nuen".

Mafaldaren arrakasta itzela da, batez ere, Quinok sortutako pertsonaiaren ezaugarriak aztertzen baditugu; komikigintzan emakume protagonistarik ia existitzen ez zen garaian, marrazkilari argentinarrak neska adimentsu, ziur eta jakintsu bat aukeratu zuen umorearen bitartez Argentinako eta munduko gaitzak salatzeko. Mafaldaren amaren etxekoandre rola kritikatuz, Susanitaren ideia patriarkalak atzekoz aurrera jarriz, Manolitoren kapitalismoa salatuz eta Miguelito eta Feliperen ikuspuntuak kontrajarriz, soilik Libertad lagunak gainditzen zuen bere ideia askatzaileekin, eta orduan ere, ahizpatasuna erakusten zigun. Ekologismoa, sozialismoa, feminismoa, ahizpatasuna, maitasuna eta elkartasuna aldarrikatu dituen pertsonaia hilezkorra bilakatu da. 

Amaitzeko, anekdota bat: paradoxikoki, Quinori zopa gustatzen zitzaion. Hark adierazi zuen moduan, "Bai, bai, zopa militarismoari eta inposatze politikoari buruzko metafora bat da".