Madonna auzitara kontzertu bat bi orduko atzerapenarekin hasteagatik
Kontzertua bi ordu beranduago hasi zelako New Yorkeko Michael Fellows eta Jonathan Hadden-ek demanda kolektibo bat jarri dute Madonna, Live Nation eta Barclays Center-en aurka.
Celebration Tour deitutako biraren barruan ospatu zen abenduak 13ko kontzertua 8:30ean hasi behar zuen, baina demandaren arabera, Madonna ez zen oholtzara 10:45 arte igo. Kontzertua berandu hasteagatik, bertaratutakoek garraio mugatua eta kostu handiagoak pairatu behar izan zituzten, ikuskizuna goizeko ordubatetan amaitu baitzen.
Horretaz gain, kontzertua horren berandu bukatzeak, hurrengo egunean ere ondorioak eragin zizkien zaleei “goiz jaiki behar baitzuten lanerako edo euren ardurak betetzeko”. Demanda jarri duen bikoteak argumentatzen duenez, Madonnak ez zuen kontzertua iragarritako unean hasi eta hori “kontratua ez-betetzea” da eta baita “iragarki engainagarria ere”.
Kontzertura joan zirenek kalte-ordainak eskatzen dituzte. Ez da lehen aldia Madonna iragarritakoa baino beranduago ateratzen dena oholtzara. Antzeko demanda bat jaso zuen 2019an Miamin eman zuen kontzertu bategatik, ura ere bi ordu beranduago hasi baitzen. Madonnak ez du oraingoz erantzun publikorik igorri.
