Made in Euskal Herria

Made in Euskal Herria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/made-in-euskal-herria/@@download/image/39p20-1.jpg
2004/03/05
erreportajea
Arropa multinazionalei aurrea hartzea ez da erraza, baina Euskal Herriko arropa egileak eta markak merkatuan toki bat hartzen ari dira. Batzuk, gainera, atzerrian ere arrakasta lortzen ari dira.

Multinazionalak arroparen negozioan jaun eta jabe dira gaur egun. Zara, Stradivarius eta antzeko multinazionalek arropa merke saltzen dute. Katean egindako arropa da, horrek esan nahi duen guztiarekin: ez dago ondo amaituta, ez da kalitate handikoa… Gainera, makina bat aldiz entzun dugu horrelako produkzio kate handietan lan baldintzak ez direla onenak. Hori gutxi balitz, multinazionalek uniformizazioa bultzatzen dutela diote adituek. Zorionez, moda horretik aldentzen diren marka eta egileak badira gurean, eta pixkanaka pixkanaka bidea urratzen ari dira.

Skunk Funk, txikia baino berezia
Skun Funk dugu marka horietako bat. Gero eta gazte gehiagok jazten du marka honetako arropa Euskal Herrian. Bizkaia da marka honen sorleku. 1999an hasi ziren kamisetak serigrafiatzen. Ondoren, diseinatzaile bat sartu zen lan taldean, eta mota guztietako arropa ekoizteari ekin zioten. Euren arropek hainbat herrialdetako kaleak alaitzen dituzte jada: Irlanda, Ingalaterra, Frantzia… Gurean Bilbon beraien denda bat dute eta Euskal Herriko beste 50 dendatan aurki daitezke euren produktuak. Denda horietako erakusleiho bati so egitea besterik ez dago Skunk Funk-ekoen eskaintza berezia dela ikusteko. "Gure erreferentea ez dira multinazionalen dendak. Merkatuan daude, baina, gu ezin gara haiekin lehiatu, ez prezioetan ez bestelakoetan. Haiek guk ez bezalako planteamendua dute: enpresa handiak dira. Gurea mundu horren guztiaren alternatiba izan daiteke. Etxe txikia gara, eta burukomin galantak pasata ere, aurrera egiten ari gara", esan digu Gernikako Luis Gandariasek, Skun Funk markaren sortzaileetako batek.

Loreak Mendian: moda eta musika
Loreak Mendian marka ere, oso ezaguna da. Pasaian du egoitza nagusia, eta gazteen kamisetetan makina bat aldiz ikusi dugun koloretako loretxoa da euren bereizgarria: seguru noizbait ikusi duzula. Mota guztietako arropa ekoizten dute: galtzak, gonak, kamisetak, burukoak, bainujantziak… Xabi Zirikiain da markaren sortzaileetako bat. Surf zaleei zuzendutako arropa ekoizten zuten hasieran, baina hiritartu egin dituzte produktuak, eta ez doakie batere gaizki: Tokion denda bat zabalduko dute aurten! Marka hau estu lotuta dago Sirope kultur kolektiboarekin, eta arropa ekoizteaz gain, musika ekimenak sustatzen dituzte. Horrexegatik, ez da harritzekoa euren dendetan erosketa musikaz lagunduta egitea. Musika erosteko aukera ere izaten da. Xabi Zikiainek dioenez, "diseinu maila ona dugu hemen. Gurea inguru aberatsa da, eta kultura eta industria lotuta doaz". 

Istilu eta Tartaloren serigrafia alaiak
Bestelako taldeak ere badira Euskal Herriko egileen baratzean. Istilu eta Tartalo etxeak, esaterako. Lehendabizikoek, Elgoibarko tailer txikian  lan egiten dute, eta artisauak dira ia. Duela urtebete hasi ziren, eta momentuz arropa erosi eta serigrafiatu egiten dute: tangak, txanoak, soinekoak… Euskal zapiak dira euren produktu berezienak: "Zapiaren ohitura berreskuratu nahi dugu. Modu askotan jar daiteke", esan digu Nahia Merino Larrañaga Istiluko kide debatarrak. Euskal ikurrak ikus daitezke euren serigrafietan, eta "gaur egungo txapela" egiteko asmoa dute. Dendarik ez dutenez, herrietako azoketan saltokia jarri ohi dute. Beste hainbeste egiten dute Tartalokoek ere. Mota guztietako arropa serigrafiatzen dute Tolosako egoitzan, eta merkatuetan saldu ohi dute. On-line ere eros daitezke batzuen zein besteen produktuak.

My Jok: artea eta moda
Bestalde, Miarritze eta Donibane Lohitzuneko Maiana eta Jokinek osatutako My Jok arte plataforma ekimen berritzailea da. Urtebete daramate martxan. Arte ederretako eta antzerkiko eskoletan ibiliak dira, eta kamisetak serigrafiatzen dituzte. Kamiseta bakotzean, gainera, eskuz marrazki edo bereizgarriren bat jartzen dute eta, ondorioz, kamiseta guztiak ezberdinak dira. Baina eurena kamisetak ekoiztea baino gehiago da, izan ere, antzerki show-ak ere antolatzen dituzte, trufa egiteko eta euren kamiseten eta ekimenen sustapena egiteko. My Jok-eko sortzaile Maianak dioenez, "behin Miarritzeko denda batean gure kamisetak salgai jarriko zituztela jakinarazteko, zakur bat kamiseta batekin jantzi eta paseatzeari ekin genion. Biharamunean egunkarietan agertu ginen". Ilusioz ari dira lanean, izan ere, ekimena harrera ona izaten ari da: kamisetak Euskal Herriko 25 dendatan salgai dituzte. 

Batzuk hasi berriak dira, besteak berriz eskarmentudunak. Baina, esan bezala, bidea urratzen ari dira. Gure arreta merezi dute. Zergatik erosi bertan eginikoa? Kalitatezkoa delako, ez zarelako eskoletako uniformedunak bezala ibiliko, eta bertako ekimen bat lagunduko duzulako.

Kukuxumusu, moda baino gehiago



Kukuxumusukoak zakur zaharrak dira modaren arloan. 1995ean zabaldu zen Kukuxumusuren lehen denda Iruñean. Garai hartan serigrafiatutako kamisetak saltzen zituzten. Gaur egun, 15 denda dituzte: Baionan, Donostian, Gasteizen, Bilbon… Europara ere jauzi egin dute, eta baita Indiara ere. Arropa saltzeaz gain, mota guztietako produktuak saltzen dituzte: poltsak, ordulariak, postalak, diru-zorroak, keramika…Haur literaturako ilustrazio proiektuetan ere aritu izan dira. Euren bereizgarria? Animalien marrazkiak.

Baita pasarela handietan ere


Paco Raban, Modesto Lonba eta Cristobal Balenziaga dira gure diseinagile ezagunenak. Dena dela, diseinagile gazteen harrobi aparta dago gurean: Miriam Okariz, Ainara Garcia eta Marta Teran bilbotarrak, Fernando Lemoniez donostiarra, Iñaki eta Aitor Ailanto algortarrak, Ion Fiz eibartarra, Iruñako Nekane Le Frik…Horietako asko Euskal Diseinagileen Elkarteko kide dira, leku bila ari dira naziorteko pasareletan eta, adituen arabera, euren proposamena apurtzailea da. Iaz, euren diseinuak erosle arruntari hurbiltzeko, ekimen bitxia abiatu zuen elkarteak Bilbon: Modorra. Erriberako merkatuan moda erakustaldia antolatu zuten, moda herritarrei hurbiltzeko. Modeloak ez ziren profesionalak.