Maddi Soroak, Iñaki Viñasprek, Izar Mendigurenek, Oihane Pereak eta Ruben Sanchezek lortu dituzte Mikel Laboa Katedraren sariak

EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Bertsozale Elkarteak GRAL Saria eta Ikerketa Proiektu Saria lortzeko deialdia egin zuten uztailean. Ikerlanak eta proiektuak aztertu ditu epaimahaiak, eta Maddi Soroak bere aldetik, eta Iñaki Viñasprek, Izar Mendigurenek, Oihane Pereak eta Ruben Sanchezek taldean egindako lanak hautatu dituzte.
Maddi Soroa Navarroren Bertsolariaren formazioan bertsoa sortzeko eta interpretatzeko konpetentzia arloak ikerlanak irabazi du Gradu Amaierako Lanaren Saria. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, GRAL Sariaren deialdira aurkeztutako lanak kontsultatzeko moduan daude Xenpelar Dokumentazio Zentroan.
Ikerketa Proiektu Saria, berriz, Bertso-eskola Zaballako espetxean: presoen, espetxearen eta bertso mugimenduaren arteko elkarreragina izeneko proiektuak irabazi du. Iñaki Viñaspre Simon, Izar Mendiguren Cosgaya, Oihane Perea Perez de Mendiola eta Ruben Sanchez Bakaikoak taldean aurkeztutako proiektua da, eta urtebete izango dute ikerlana egiteko.