Macintosh is different

Macintosh is different https://www.gaztezulo.eus/albisteak/macintosh-is-different/@@download/image/18p38-2_1370346762.jpg
2002/04/05
erreportajea
Macintosh is different


Batzuetan informatika mundua PC-en menpe dagoela dirudi. Ez da egia. Gaur macintosh-en munduan murgilduko gara. 

Sagarraren taldeak zerbait aurkezten duenean, ustekabez betetzen zaigu aurkezpena. Microsoft-ek (Apple-ri Windows egiteko ideia kopiatu ondoren gailurrera iritsitako enpresa) egin ohi duen bezala, Applek ere komunikabidez betetako aurkezpenen bidetik jo eta iMac berria aurkeztu du duela gutxi.

Lehengo iMac-ak sekulako eragina izan zuen diseinuan. PC-entzako karkasetatik hasita, bulego altzari, plantxa edota mikrogailuetaraino, hamaika objektuk jaso zuten haren eragina, neurri batean edo bestean. 

Aurkeztu berri den iMac-en eragina ere hain handia izango omen da, non Time bezalako aldizkari garrantzitsuek, eta berez, informatika eta ordenagailu munduarekin zerikusirik ez dutenek, Apple-ri eta bere zuzendariari azala eskaini baitiete.

Jakina denez, iMac berria hemisferio bat da, pantaila guztiz lau bat eusten duen metalezko beso bat duena. Diseinu honek Steve Jobs-en taldeak Asian erosi ohi dituen osagairik onenak ditu eta Jonatan Ive Appleko diseinu buruaren gidaritzapean egindako bide luzearen emaitza da. Lehendabiziko iMac-en arrakasta paregabearen ondoren, Steve Jobsek hurrengo modeloa pentsatzen hasteko esan zien bere taldekoei. Hasieran, injineruek, "konkordun" pantaila lau bat eraman zioten; konkor horretan osagai guztiak zeuden, goitik behera jarrita. Hala ere, diseinu harekin, CD eta DVDen errendimendua txikiagoa zen, ez zegoen pantaila mugitzerik, eta abar, eta abar. Hortaz, diseinuak ez zuen Jobs konbentzitu eta Ive deitu eta iMac-en filosofia berriak ahalik eta espazio gutxien hartzea, batetik, eta pieza guztien arteko koherentzia, bestetik, izan behar zuela esan zion. 

Emaitza ezinhobea da: 27 zentimetroko diametroko hemisferio itxurako oinarria, metalezko beso bati lotua (besoari buelta eman dakioke), zeinek 15 hatzbeteko pantaila guztiz lau bat eusten duen. Pantaila digitala da eta paregabeko kalitatea du. "Iglu" zuri eta misteriotsu horren barruan, Applek sortutako mirari teknologiko bat dago. 

Dena ondo dago, baina prezioa da okerrena. Mota honetako ordenagailu bat PCa baino askoz garestiagoa da, zerbitzuak ere askoz hobeak diren arren. Horrexegatik, ordenagailuok profesionalei zuzenduta daude.

Gure gomendioa



Mac-en mundua interneten ezagutu nahi baduzu:
www.espaciomac.com
www.apple.com/es/