Macaco: “"Beren herria musika edo artearen bidez ezagutarazten dutenak atsegin ditut"

Macaco: “"Beren herria musika edo artearen bidez ezagutarazten dutenak atsegin ditut" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/macaco-quotberen-herria-musika-edo-artearen-bidez-ezagutarazten-dutenak-atsegin-ditutquot/@@download/image/2010922378macac_1361959570.jpg
2010/09/03
elkarrizketa
Testua: Raul Perez
Macaco: “"Beren herria musika edo artearen bidez ezagutarazten dutenak atsegin ditut"
Azpeitira eta Gasteizera ekarri du udaran Macacok 'Puerto Presente' bira. irailean bermeon, eta urrian Donostian joko du. Euskal Herriko zeharkaldiaren erdian egin dugu topo berarekin.

Kalean hasi zen musika jotzen Macaco. Kalea izan zen, beraz, Bartzelonan jaiotako mutil kankailuaren lehen eszenatokia. Atari zabalean hainbat jatorritako jendeaz edan zuen eta hori islatzen da bere taldean, han eta hemengo musikariak baitaude. Kalekumea da, eta kalea izan zuen eskola, baina itsasoak liruratzen du. Itsasgizonek eta musikariek komunean dutenaz hitz egitea gustatzen zaio. Marinelak portuz portu nola, hala ibiltzen dira musikariak hiri batetik bestera, Macacoren aburuz. Barcelonetako hondartzan igeriketa saio luzeetan kargatzen ditu pilak. Munduan barna denetarik ikusi du, baina maitasun kutsua dario Italiako La Rivoltako etxe okupatuaz hitz egitean. Eredugarria deritzo, "oso proiektu interesgarriak egiten dituztelako". Kontzertuz kontzertu dabil hilabeteotan eta gauzak ondo, Gabonetan diskoa plazaratuko du, bere taldearen hamargarren urteurrena ospatzeko.

Bartzelonako Las Ramblasetan musika jotzen hasitako mutil koskor haren arrastorik geratzen al da?

Topikoa dirudi, baina ilusioari, intuizioari eta musika sortzeko bidearekin gozatzeko nahaiari eusten diet. Musika egiteko prozesu osoak poz handia ematen dit, geroko urratsak baino gehiago; bira bera ondo doala ikustea baino gehiago, adibidez.

Zer irakaspen utzi zizun kalean jo izanak?

Kalean jotzeak oso komunikazio zuzena dakar. Ahoz ahokoak indar handia duela ikasi nuen. Nork bere proiektuak aurrera eramateko bide bat baino gehiago dago eta kalean aritzea da bide bat. Pena da horrenbeste muga jartzea kalean jarduteko. Ulergarria da zarata mugatu behar dela, baina hori muturreraino eramatea ere… Bestalde, sasoi hartan, gerora etxe okupatu bihurtuko zen Escudellers ostatuan bizi nintzen garaian, ez nuen ezer, baina, era berean, ez nion inori ezer zor. Orain talde zabala mugitzen dut eta horretaz arduratu behar naiz; erantzukizuna askoz ere handiagoa da.

Rumba eta reggae musikaren arteko nahasketa ordezkatzen ei duzu.

Rumba nire jaioterriko musika da. Haurtzaroan hasi nintzen rumba entzuten. Haztean joera anglosaxoietara jo nuen, baina azkenerako berriz ere rumbari lotu nintzaion. Istorioak kontatzeko balio izan dit niri. Gato Perez, Peret edo El Pescadilla maisuak izan ziren. Beste aldetik, adoptatutako musikak ere ondo daude eta reggaea da horietako bat. Pertsonaien bidez istorioak kontatzeko eta aldarrikapen mezuak zabaltzeko egokiak dira, bai rumba bai reggaea. Kritikariek diote nire ahotsa rumba eta reggae abeslarien arteko nahasketa dela, eta bat nator baieztapen horrekin. Ez zaidana gustatzen da nahastea nahasteagatik, besterik gabe. Estilotik haratago, zure bidea hartzea, zure ahotsa ezagun bilakatzea eta musika ona egitea da kontua; oilo ipurdia jartzen dizun musika, hunkitzen zaituena, dantzarazten edo negar eginarazten dizuna.

Ojos de Brujo aipatuz gero, zer datorkizu burura? Talde hartan ibili zinen hastapenetan
.
Juanlu batez ere, bera izan zelako taldearen sortzailea. Hari bururatu zitzaion izena ere. Nik aurrena Macaco diskoa atera nuen eta gero Ojos de Brujorekin hasi nintzen. Asko gozatu genuen Juanluk, Ramonek eta hirurok taldean, baina orain esango nuke Macacok eta Ojos de Brujok ez dutela elkarren artean zer ikusirik.

Euskal Herrian askotan jo izan duzu. Emanaldi gogoangarririk bai?

Bakar bat nabarmentzea ezinezkoa zait. Lagun asko ditut Euskal Herrian. Jende irekia da, lasaia, ondo pasatzeko gogoa duena. Estimua diot Euskal Herriko jendeari. Adibidez, Mikel Laboa eta Bob Dylanekin jo nuen 2006an, Donostian, eta Dylanen jarrera ez dut gustuko, itxiegia iruditu zitzaidan. Mikel Laboa, aldiz, gertuagokoa ikusi nuen. Elkar agurtu genuen, baina ez nuen harekin gogaikarria izan nahi izan.

Toki askotan egona zara mundu zabalean, baina Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan emandako kontzertua bereziena izan dela esan izan duz
u.
Kontzertua anekdota hutsa izan zen. Nik munduan barrena asko bidaiatu dut eta toki guztietan bada barru-barruan ukitzen zaituenik. Saharan, beren eskubideen alde egiteko hitza baliatzen dute. Oso bide motela da, baina oso zintzoa. Euren seme-alabak oso ondo hazi dituzte, elkarbanatzen eta elkar komunikatzen irakatsi diete, eta delinkuentziarik kasik ez dago. Bandera zalerik ez naiz, baina bat hartu beharko banu sahararrena hartuko nuke, hitz egitea eta entzutea direlako haien bi ardatzak.

Politika ez duzula batere gustuko diozu. Zergatik?

Nire aitona Aragoiko herrixka bateko nekazaria zen. Askotan antzematen nion etsipena politikaz zer edo zer entzun edo irakurtzen zuenean. Politikariek gora egin ahala agindutakoa ez betetzeko eta ustel jokatzeko joera dute. Nahiago ditut euren hizkuntza, euren kultura eta euren herria ezagutzera musika edo artearen bidez ematen dutenak; Euskal Herrian bada horrelako jende asko.

Itsasoarekin lotzen duzu zure musika maiz. Azken diskoko izenburua, adibidez, 'Puerto Presente' da.

Itsasgizonaren bizitzak eta musikariarenak badute elkarren antza. Musikariok ere asko bidaiatzen dugu, eta batzuetan lurra zapaltzeko beharra sumatzen dugu, oreka ez galtzearren. Baina era berean bizimodu horrek zaildu egiten zaitu. Horrekin guztiarekin batera, Barcelonetatik gertu bizi naiz, eta, adibidez, kaiaren inguruko tabernak asko gustatzen zaizkit.

Natura babesteko deia ere egin izan duzu zure abestietako batzuetan, tartean oso ezagun bilakatu den Moving kantan.

Ama Lurra izugarri handia da, eta gu, gizakiok, xomorro txiki batzuk besterik ez gara. Ama Lurraren erritmora egokitzen ez bagara, bide okerretik joango gara. Kontua da eragiteko gaitasuna dutenak botere ekonomikoa eta soziala dutenak direla. Nolanahi ere, gainerakook egin ditzakegun urratsak ere garrantzitsuak dira. Dena dela, ni ez naiz orain naturaren alde abesten hasi; aspalditik nabil horretan.

Kirolzalea ere bazara.

Itsaspeko kirolak gustatzen zaizkit eta baita igeri egitea ere; Bartzelonan nagoenean bizikleta hartu, Barcelonetako hondartzara joaten naiz eta ordubete aritzen naiz igerian. Bestalde, txikitan eskiatzen ikasteko aukerarik izan ez banuen ere, snowboarda asko gustatzen zait orain. Baita berriki ezagutu dudan windsurfa ere. Edozein egoeratan moldatzen den pertsonatzat dut nire burua. Luxuzko hotelean bezain eroso nago kanpin denda batean. Niretzat kirola droga baten modukoa da. Horrek harrapatzen nau orain, kantak egitearekin batera. Garai batean beste drogak probatu nituen eta ez diet batere estimurik. Hala ere, drogen legalizazioaren aldekoa naiz, uste baitut legezkoak izango balira, jendeak ez lukeela horrenbesteko kaka irentsiko.

Zure abesti askotan kutsu baikorra zabaltzen duzu. Egunerokoan horren baikorra al zara?

Ez dut inoiz jatekorik falta izan, baina krisialdi ekonomikoak barru-barrutik ezagutu izan ditut. Nire ustez, baikor izan beharra dago, eta gauza ñimiñoak aldatuta ere, zure izaera alda dezakezu. "Ni horrelakoa naiz eta kito" esaten dutenekin ez nago ados.

Zuk esana da: "Ez naiz ezeren irakasle, ikasle baizik". Zer ikasten ari zara?

Denok gara irakasleak eta ikasleak. Ez zaizkit gustatzen ameslariak edo oro jakitunak bailiran jokatzen dutenak, ezta euren zilborretik haratago begiratu nahi ez dutenak ere.

Sare sozialen garaian, komunikazioa aldarrikatzen duzu lau haizetara. Ez al dago gaur egun komunikatzeko inoiz baino bide gehiago?

Ez ditut sare sozialak atsegin. Internetek bi aldeak ditu: oso gauza onak ditu, baina gai bati buruz tutik jakin gabe ere eman dezakezu iritzia. Horrelakoak zubi hutsak dira. Komunikazioa aurrean duzun pertsonaren larruan jartzea da. Teknikoki aurrerapen handiak gerta daitezke, baina ez badugu hitz egiten ondokoarekin eta ez badiogu aldamenekoari aditzen, gureak egin du.

Ez al duzu irudipena zure abestiak komertzialagoak direla orain duela urte batzuk baino?

Juzkatzeko ohitura handia dago. Nik esango nuke lehen diskoetan abesti puskak zeudela, baina itota bezala gelditu zirela; kanten formari garrantzi handia ematen nion eta mamiari, ez horrenbeste. Oraingo diskoetan ez da hori gertatzen.

Amak jarri zizun macaco ezizena ume koskorra zinela. Orain zer dio?

Batzuetan nire kasara ibiltzen nintzelako eta beste hainbatetan ausartegia nintzelako. Hori ikusita Mico –tximino katalanez– goitizena jarri zidan. Gerora, kalean aritzen hasi nintzenean Afrikako lagun batekin batera, jauzi handiak ematen nituenez, ba Macaco ezizenarekin geratu nintzen. Gurasoak ere musikariak izan ziren. Hasieran beldur pixka bat zuten kalean jotzen nuela ikusita, baina orain oso pozik daude.