M8: Emakumeen borroka ardatz duten telesailak

Gaur Martxoaren 8a ospatzen dela aprobetxatuz, topiko irreal eta matxista horiek pikutara bidali dituzten emakumezko pertsonaiak ekarri nahi izan ditut eta horiekin batera parekidetasuna, feminismoa edota emakumeen borroka ardatz dituzten telesailak.
'Mrs. America’
(HBOMax)
Phyllis Schlafly Estatu Batuetako gizonen eta emakumeen arteko lan, dibortzio eta jabetza arloko eskubide berdintasuna sustatzen zuen proiektuaren aurka azaldu zen politikari ultrakontserbadorea izan zen. Feminismoaren aurkako arerio amorratua, neurri batean emakumeen eskubideak geldiarazi zituena, horrekin guztiarekin gozatzen zuen bitartean. Ekoizpen paregabe hau, hein handi batean Cate Blanchett aktoreak maisuki gorpuztu duen Schlafly-ren paperari esker, urteko telesail onenen zerrendara igoaraztea lortu du.
Telesaila korala dela ere esango nuke, Cate Blanchett protagonista den arren, emakumezko aktore zerrenda paregabea ere ageri delako,eta bakoitzari beharrezko arreta eskaintzen zaiolako. Ez dute protagonista bakarra aukeratu, kolektibo bat baizik: emakumea. Gidoi politikoek izaten duten eskema horretaz harago oso telesail dinamikoa iruditu zait, istorioa ezaugarri bera duten emakume oso ezberdinen artean kulunkatzen delako: ausardia. Fakzio kontserbadorearen diskurtso atzerakoiek eta feministen diskurtso liberalek, emakume indartsuak eta erabaki propioa dutenak, aurrez aurre jarri dituzte. Izan ere, hor datza Cate Blanchettek interpretatzen duen Phyllis Schlafly buruzagi kontserbadoreak etengabe aurre egin behar dion kontraesan handietako bat. Bere eskubideak zalantzan jartzen dituen emakume independente eta borrokalari da, jarrera maskulino batzuk suminduta ikusten dituen bitartean, baina aldiz izugarri lotsarazten duen bere alderdi feministari eusten saiatzen da.
Azken finean, 70eko hamarkadako mugimendu feminista estatubatuarra modu atsegin eta irakasgarrian kontatzen duen telesail bikaina. Ekoizpenaren indarra herrialde amerikarrarentzat funtsezkoa zen garai baten erretratu distiratsua oparitzean digula da eta batez ere, pertsonaia bakoitza, pertsonaia historikotzat ez ezik, emakume eta gizaki konplexu eta liluragarri gisa ere definitzen dituelako.
'The Handmaid’s Tale'
(HBOMax)
The Handmaid’s Tale, Margaret Atwood idazlearen eleberrian oinarritua, etorkizun distopiko batean kokatzen gaituen telesaila da. Diktadura fundamentalista moduko bat ezarri da eta emakume gazteak behartuak izan dira ohelagun gisa bizitzera beraien “jaunari” seme-alabak “emateko”. AEBtako presidentearen hilketa eta kongresuaren gehiengoaren ostean, erregimen teokratiko bat ezarri da, hau da, buruzagi politikoak eta erlijiosoak bat datozen eta bertako erlijioak gobernuaren politikan eragin handia duen gobernu era edo sistema politikoa.
Hortik aurrera, AEBak Gilead Errepublika bezala ezagutuko da. Gizarte berri horretan, balore moderno gehienak desagertu egin dira. Gilead-en hedatu den ugalkortasun arazo larri bat dela eta, emakumea bigarren plano batera baztertua izan da, objektu huts bilakatzera pasaz eta balio bakarra bere obarioak bihurtuz.
Black Mirror eta batez ere Children of men bezalako kontakizun bikainetatik zuzenean edaten duen istorio ilun eta gogor honen protagonista June da. Elissabet Moss aktore bikainak era zoragarrian gorpuzturikoa, diktaduraren hasierako fasean familia osoa galdu duen emakumea dugu. Aurreko bizitzako oroitzapenei eutsita bizi da, naiz eta senideak berriro topatzeko aukera oso urria dela badakien. Baina Junek (Offred bezala izendatua) bizirik jarraitzeko duen gogoa tinko mantentzen duen euskarri bakarra hori da. Bere “nagusien” kapritxoen menpe, bizitza miserable eta gogor baten lokatz nazkagarrian harrapaturik bizi baitira.
‘Hacks’
(HBOMax)
Hbo Max-en katalogoan berandu samar sartu duten harribitxia. Ibilbidearen amaieran dagoen Stand-Up komediagile arrakastatsu bati, bakarrizketak berritzeko idazle gazte baten laguntza inposatzen diotenean eztanda egingo du. Zahartzen ari diren edota hasten ari diren emakumeei entretenimenduaren industriak egiten dienaren erretratu gordina da, oso burutsua, umorea erabiliz kritika zorrotza egiten baitu. Jean Smart eta Hannah Einbinder tandem zoragarria osatu dute atalez atal hobetzen doan telesail hau gauzatzeko.
‘We Are Lady Parts’
Peacock (Filmin-en egondakoa)
Osagarri ez ohikoak eta oso erakargarriak dituen telesail aparta eta oso freskoa. Lady Parts izeneko Londresko punk banda da protagonista nagusia, emakumezkoak dira, nerabeak eta musulmanak. Taldekide berri baten bila hasiko dira, gitarra-jotzailea, eta moldeak apurtzeko helburuz aurrera egingo dute. Komedia honetan, nerabe musulmanei dibertigarriak, sexualak, barregarriak eta gatazkatsuak izateko aukera ematen zaie. Nerabe arrunt gisa erretratatu dituzte azken finean, eta hori eskertzekoa da. Emakume musulmanak benetan diren bezalakoak, besterik ez, estereotipo zaharkituei ostikada ematen dien telesaila. Oso dibertigarria.
‘Fleabag’
(Amazon)
Ez ahaztu izen hau: Phoebe Waller-Bridge. 'Fleabag' telesailaren gidoilari eta protagonistak, azken urteetako umorezko telesail desberdin, garratz eta lotsagabeena sortzeaz gain, azkenaldian ikusi dugun emakumezko pertsonaia harrigarriena sortzearen meritua baitauka
Edinburgo hiriko antzezlan independente batean oinarrituriko telesail honek -Fringe First Award saria irabazi zuena-, 30 urte inguru dituen Fleabag-en istorioa kontatzen digu. Oinarritzen den antzerki horretan, bizitzari, sexualitateari eta erlazioei zentzua bilatzen zien emakume baten bakarrizketa ikus zitekeen. Telesailean aldiz, bere egunerokoan, sexu harremanak mantentzea, lehentasun handienetarikoa bilakatu den emakume -hartu arnasa- zoro, lotsagabe, suntsitzaile, berekoi, perbertitu, ziniko, kaotiko, heldugabe eta batez ere dibertigarria aurkezten digute. Izaera hori, azken urteetan, Louie, Love, Girls edo Catastrophe telesailetan ikusi dugun antzeko umorearekin nahastean, ekoizpen beltz, garratz eta hainbat uneetan deseroso batean bilakatzea lortu dute. Epel uzten ez duen horietakoa azken finean.
Topiko guztietatik erabat aldentzen den emakumezko pertsonaia zoragarria. "Emakume moderno" baten erretratu hori, ez da beste istorioetan ikusi dugun irudi baldar ala histeriko baten bitartez islatzen. Handinahitik erabat aldendu eta errealitatetik gertuago kokatzen baita. Hori bai, mota honetako telesail ugaritan gertatzen den bezala, muinean, drama bat dagoela ohartarazi nahi dizuet. Bai, nahasmen eta erokeria horren guztiaren azpian ageri dena, tragedia moduko bat delako. Ez pentsa beraz barre hutsak bakarrik ikusiko dituzuenik. Algara eta drama modu orekatuan uztartzen dituen ekoizpen burutsu bat baizik. Badakizue beraz, Fleabag gorrotatu ala maitatuko duzuen jakiteko, has zaitezte axolagabe utziko ez zaituen umorezko telesail xelebre hau ikusten.
‘The Great’
(Rakuten Tv – Starz)
Katalina II.a Errusiakoa -edo Katalina Nagusia- boterera nola heldu zen azaltzen duena. Ez pentsa kontakizun historiko aspergarri eta astun bat ikusiko duzunik, guztiz kontrakoa. Benetako istorioa distortsionatzeko lizentzia hartzen baitu hasieratik, asko eskertu dudan umore-sen berezi eta dibertigarri baten mesedetan. Katalina Errusiakoaren igoera islatzen du baina ukitu satiriko eta pop-modernoa erabiliz. Elkarrizketa eta egoera lizunez josia, tonu lotsagabea eta eszenaratze manierista dira kontakizun honen gakoak, umorearen azpian boterearen atzaparrak ezkutatzen diren bitartean.
‘I May Destroy You’
(HBOMax)
Michaela Coel aktoreak berak jasan zuen sexu-eraso batean oinarrituta, ia gogoratzen ez duen baina gertatu zaion bortxaketa baten biktima izateak uzten duen traumari buruzko kontakizun paregabea da honakoa. Tinder belaunaldiko sexu-adostasunari eta harremanen merkantilizazioari buruzko erradiografia aparta. Bera, trauma bat baino askoz gehiago dela frogatu nahi duen kontakizun desberdina eta iraultzailea.
Nabarmentzekoa lehenik, hasieratik erakusten duen ausardia ikaragarria. Askok polemikotzat edo asaldatzailetzat jo dute dagoeneko, ziurrenik gizarte gisa erabat prestatuta ez daudelako gai horiei buruz hitz egiteko. Harrigarria iruditu zait beharrezkoak diren gai ugari nola jorratu dituen, gizonen zein emakumeen aurkako sexu-indarkeria islatzen duten azpitramak txertatuz; trauma-osteko sindromearen normalizazioa, gehiago entzuteko beharra duen belaunaldi baten gizarte-isla leiala, arrazismoa, transfobia, homofobia, suizidioa, depresioa, baina figura arrakastatsuen bidez azalduz, bakardadea, eta noski, gero eta polarizatuagoa den mundu batean geure lekua edota izena sortzearen nahiak sortzen duen antsietatea.
Telesail hau sexu-hezkuntzako klaseetan jarri beharko litzatekeela iruditzen zait. Deserosoa eta gogorra izan arren, beharrezkoa da bertan planteatzen zaizkigun gaiei heltzea eta gogoeta sakonak egitea. Bizitzaz diharduelako azken finean, baina bizi dugun errealitate berriaren betaurrekoetatik, sare sozialez eta sexuaz.
‘Maid’
(Netflix)
Iaz Netflix ez zebilen oso fin telesailen kalitateari dagokionez, baina badirudi azken boladan berpiztu egin dela apur bat. Horren adierazle, harribitxia iruditu zaidan Maid telesail bikaina. Bizitza berregiten saiatzen den ama gazte baten zailtasunetan zentratzen da, tartean abusu emozionalek uzten duten orbain sakonak bistaratuz. Lehen atalek istorio berri eta fresko bat aurkezten dute, gogorra eta latza hori bai, Alex protagonistaren bitartez, zeinarekin lehen kapitulutik azkenera arte sekulako enpatia maila lortzen den. Gidoiak indar handia du, ez baita denborarekin mugitzen, pertsonaiek beraiek sortzen baitute gidoi dinamiko eta erakargarri horren erregaia. Margaret Qualley protagonista eta Andie MacDowell-en arteko kimika eta bien antzezpen erakustaldia ere sekulakoa iruditu zait.
‘Unorthodox’
(Netflix)
Neska judutar ortodoxo gazte batek New Yorken hitzartutako ezkontza utzi eta Berlinera ihes egitea erabakitzen du. Istorioa, Deborah Feldmanen memorietan oinarritzen da, non, lehen pertsonan, bere komunitate erlijioso zorrotzetik nola ihes egin zuen azaltzen duen. New Yorketik Berlinera doan neskaren ibilbidea kontatzen du, eta, aldi berean, bere erlijio-komunitateak ezartzen dituen maskara eta arau guztiak alde batera uzteko, bere burua nola deskubritzen eta ezagutzen duen. Horren adierazlerik argiena sekuentzia jakin baten islatzen da: hondartzan ileordea kentzen duenean (ilea ezkutatzera eta senarrari bakarrik erakustera behartzen dituzte), emakume bezala duten benetako askatasuna onartuz. Azaletik bada ere, Williamsburgen, XXI. mendeko New Yorken, judaismo jasidikoaren arauak erakusten dizkigu telesailak, beste erlijio batzuetan gertatzen den bezala, emakumeen askatasuna hertsatzen eta zapaltzen dituenak.
Erraza da protagonistarekin, Shira Haas bikainarekin, enpatia sentizea, eta oparitzat jaso duen iparrorratz txiki hori samurtasunez ikusten duen bitartean, aldaketa hau guztia berarekin batera bizitzea. Ikusle gisa, inguratzen duen mundua jakin-minez eta beldurrez aurkitzeko duen modua guztiz ulertzen dugu, eta aldi berean, horri guztiari ausardiaz aurre egiteko duen jarrera miresten dugu.
‘Unbelievable’
(Netflix)
Marie, bortxatu izana faltsuki salatzeaz akusatu duten nerabea, eta egiara iristeko bide bihurgunetsua egin zuten bi detektibeen benetako istorioa azaltzen duen telesail paregabea.Neska batek bortxatua izan ondoren aurre egin behar dion guztian sakontzen du. Ez bakarrik ondorio emozionaletan, kasu honetan lagunekin edo harrera-familiekin dituzten harremanetan islatuak, baita polizialetan ere, gizarteak gutxien ezagutzen duen alderdietako bat ziurrenik. Zenbat galdera erantzun behar ditu neska batek bortxatua izan dela jakinarazi ondoren? Zenbat gizonek beldurtu behar dute "egia esateagatik"? Kasua 2008koa da, Estatu Batuetan girotua, eta kronologikoki jarraitzen ditu gertaerak: Mariek bortxaketaren sufrimendua jasan izana, lehen gizonezkoen polizia-ikerketa, ondorengo neskaren aurkako etengabeko aurreiritziak eta guztia aldatuko duen bi emakumezko detektibeen etorrera.
Kutsu eta mami feminista duen drama kriminal paregabea da, edulkoratzailerik gabea, emakume detektibeen agerpenaren aldarrikapen isila eta errealitate gaixotu baten garrasi itoa ardatz dituena, hala nola neska gazteei gaizki ikertutako (edo zuzenean ikertu gabeko) bortxaketak. Sistemaren aurkako kritika telesail osoan txertatua dago. Dardara eragiten duen kritika da. Emakumeak bere ikuspegitik hartzen ditu -inolako eskarnio edo gehiegikeriarik egin gabe- eta gizonei, gizartea osatzen duten guztiei, interpelatzen die, beste aldera gehiago begiratu ez dezaten. Errealista, zuzena, gordina eta oso eraginkorra. Ikusi.
‘Heimebane’
(Filmin)
Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko borrokan, oraindik eskubide eta oihartzun mediatikoan diferentzia handiak badaude, zalantzarik gabe horiek futbolean topatu ditzakegu. Norvegiako futbol ligako lehen mailara igo berri den talde bat kokatzen da telesailen honen erdigunean. Denboraldia hasi baino lehen entrenatzaile gabe geratzen diren arren, presidenteak bere ordezkoa topatu du: Helena Mikkelsen. Emakumezko entrenatzaile bat, gizonezkoen futbol ligan. Uste dut ez dela askoz gehiago azaldu behar zer gertatuko den jakiteko ezta?
Erretorika matxista berehala sartzen da jokoan, emakume batek entrenatzaile gisa duen gaitasuna ahultzeko edo gutxiesteko helburuz. Are gehiago, zuzendarien, futbolarien eta zaleen aldetik nolabaiteko gorrotoa, aurreiritziak eta adostasuna sentitzen da hasieratik. Mikkelsenek beste inork baino gehiago erakutsi behar du posturako baliagarria dela. Pertsonaia borrokalaria, gatazka interesgarriak dituena, inperfektua, ausarta, karismatikoa eta enpatikoa. Diskurtso hori pantailaratzeko modua da gehien gustatu zaidana, modu sotil eta organikoan egin baitute. Istorioa bera ez da mezua soilik goraipatzearren arriskuan jartzen, honek modu naturalean aberasten baitu gidoia.
‘Mare of Easttown’
(HBOMax)
Telesaila premisa nahiko sinple eta konbentzional batetik abiatzen da, Pennsylvaniako Easttown izeneko herri txiki batean Erin McMenamin gaztearen gorpua agertzen da. Nork hil du? Zergatik? Mare Sheehan (Kate Winslet) polizia bertaratu da gertatutakoa argitzeko. Ama helduak, ama oso gazteak, ama bakartiak, sufritzen duten amak dira Easttown herri endogamikoan gertatzen den polizia-drama indartsu honen protagonista nagusiak, eta Mare. poliziaren paperean Kate Winslet, sekulako erakustaldia eskaintzen. Telesail honek bere tonuagatik, protagonistagatik eta ustekabeko umore distirak oparitzen dizkigulako Happy Valley gogoratzen du hasiera batean. Baina atalak igaro ahala. Broadchurch, True Detective, Sharp Objects edota zergatik ez Twin Peaks-en zantzuak ere antzeman ditut. Kate Winslet-en lana eta bere pertsonaia aipatzeko idatzi propioa sortu nuke. Ordu luzez hitz egin nezake hemen eskaintzen duen lana goraipatzeko. Azken hamarkadetako aktorerik onenetakoak, pisu handia du telesailean. Langile klasekoa da, Estatu Batuetako galdutako herri txiki bateko polizia. Bere semearen suizidioak, familia kargek eta oraindik gainditu ez duen dibortzioak zauritu dute. Motxila zamatsu horrekin, herriko neska gazteen bahiketa eta hilketa batzuei aurre egin beharko die. Harribitxia.
‘For All Mankind’
(Apple tv+)
Gerra hotza ilargian. Horrela laburbilduko nuke telesail honen mamia: sagar hozkatuaren plataformak egin duen telesailik onenenetarikoa. Istorioa errealitate alternatibo batean hasten da garatzen, non sobietarrek ilargira iristeko lasterketa amerikarrei irabazten dioten. Ukronia batean kokatzen gaituela esan daiteke, beraz. Gertaera zehatz hori salbu, 70eko hamarkadako unibertsoa gurearen bera da, baina hortik aurrera tximeleta efektua bailitzan dibergitzen hasiko da, gertaera jakin horrek ondorengo hamarkadaka guztiak betiko aldatuko dituen arte. Arrazaren araberako bereizketa, emakumearen gutxiespena, homosexualen jazarpena eta gerra hotzaren paranoia ere erakusten ditu telesailak. Aitzakiaren bat jarri beharko banio, ikuspegi “amerikarregia” duela esango nuke.
‘Somebody Somewhere’
(HBOMax)
Bizitzari aurre egiteko (ia) ilusio gehienak galdu dituen 40 urtetik gorako emakume baten begietatik (Sam), bakardadeari, etsipenari eta frustrazioari buruzko erretratu zoragarria marrazten duen telesaila da honakoa, guztia pertsonaien irribarre ahaltsuekin bustia. Pertsonaia horiek, bizitzak ez dituela merezi duten moduan tratatu sentitzen dute, eta telesaila maisuki mugitzen da komedia eta dramaren artean, ikusleari etengabeko irribarreak zein malkoak ateraz. Maite duzun pertsona bat galdu ostean bizitza berreraikitzea ez da batere erraza. Are gutxiago atzean utzi nahi izan duzun leku berean egitea eta iraganeko oroitzapen mingotsek bonbardatzen zaituzten bitartean. Istorioaren erdigunean Sam kokatzen da (Bridget Everett), ahizpa hil ondoren, hilabeteak galduta daramatzan emakumea; bizi den herrixkan etorkizunik ez duela uste du, ez da eroso sentitzen bere familian eta ez du gainditzen galeragatiko dolua. Baina lanean Joel eta bere lagun taldea ezagutzen dituenean, ikuspegi ezkor hori aldatzen hasiko da. Zergatik ikusi beharko zenuke proposamen hau? Hasteko Bridget Everett-en interpretazio lana zoragarria iruditu zaidalako, hunkigarria eta dibertigarria aldi berean. Iraupen laburra duten zortzi ataletan, homofobia, alkoholismoa, depresioa, gutxiengoentzako gune seguruak sortzearen garrantzia, Estatu Batuetan hiri handietatik deskonektatuta bizitzeak eragiten duena, erlijioak gizartean duen eragina, iragana onartu eta bizirik irauteko beharra, edota espero ez zenuen adiskidetasun-harremana sortzea zeinen zoragarria izan daitekeen mahaigaineratzen du. Foku mediatiko eta marketin kanpaina guztietatik at geratu den ekoizpen txiki hau harribitxia iruditu zait.
‘The Queen's Gambit’
(Netflix)
Ez dut xakea batere gustuko. Tira, jokatzen ere ez dakidala aitortzen hasi beharko nuke lehenik agian. Aitortza horren ostean beste bat: telesail hau oso entretenigarria, dinamikoa, zaindua eta oso txukuna iruditu zaidala. Xakearen unibertsora hurreratu gaituen The Queen's Gambit telesail laburra, Netflixeko 2020ko urteko fenomenoan bilakatu zen zalantza izpirik gabe, eta batez ere xakezaleak ez garenontzat pizgarri polita izan zena.
Anya Taylor-Joy-ek maisuki antzezten du Beth Harmon pertsonaia nagusia, txiki-txikitatik xakerako dohain ikaragarria duen umezurtza. Erdi-ezkutuan jolasten hasiko da, gizonak nagusi diren mundu batean nabarmentzeko intentzioz. Bere alderdi ludikoaz gain, ekoizpenak, protagonistak lasaigarriekiko duen mendekotasuna ere jorratzen du, hainbat ataletan ikusgai dugun umezurztegian ematen zizkiotena. Horrez gain, kalte emozionalak eta alkoholarekin arazoak ere garatzen joango da. Sekulako abilezia duen neska gazte bati buruzko istorio bat baino gehiago, txikitatik sistemak huts egin dion pertsona baten gaineko istorio sakona iruditu zait. Alkoholarekiko eta “zoriontasunaren” pilula berde horiekiko mendekotasun horrengatik kaltetua izan ostean, abiatu beharko duen heldutasun-bidaia delikatu eta zirraragarria.
Koktel horrekin guztiarekin, xakeari, jokalariaren bakardadeari eta, azken batean, zelatatzen gaituzten deabru pertsonalen aurkako borrokari begirada aparta osatzea lortu dute sortzaileek.