Lutxo Egiak eta Iñigo Cobok irabazi dute Cafe Bar Bilbao Antzerki Laburreko Saria

Guztira hemezortzi gidoi aurkeztu dira hogeigarren edizio honetan, zortzi euskaraz eta hamar gaztelaniaz. Antolatzaileen arabera, "aukeraketa zaila" izan da aurkeztutako gidoien "kalitate handiagatik". Lutxo Egiaren Hamalau eta Iñigo Coboren Canciones tristes para gente alegre gidoiak saritu dituzte. Ez da biek irabazi duten lehen aldia; Egiak 2016an ere eskuratu zuen saria eta Cobok 2017an.
Honela azaldu dute Egiaren Hamalau lanaren nondik norakoa: "Eraikin bat hiri batean. Hamalaugarren solairua. Terraza bat. Gizon bat dabil batetik bestera eraikineko hamalaugarren pisuko terrazan. Notarioa da eta bere bezero baten zain dago. Hain zuzen ere, bezero horren suizidioa egiaztatzera joan da. Ez da ohiko lana, baina nor da notario bat juzku moralik egiteko? Dena baldintza egokietan dagoela ziurtatzera mugatu behar da. Eta notarioa denez, bide batez, ohartarazi English suizidio baten aurrean gaudela. Absurduaren baitan koka genezakeen komedia da euskarazko gidoi irabazlea. Ez da suizidioari buruzko lan bat, testuinguruan hura egon arren. Giza-kondizio korapilotsuari begiratzeko nahi bat dago egilearen hitzetan, alde biri bereziki: alde suntsitzailea eta alde autosuntsitzailea".
Lutxo Egia kulturgile kultur kudeaketa lanetan zein sortzaile moduan aritzen da. Poesia, narrazioak, eleberriak, kronikak, saiakerak eta antzezlanak idatzi ditu.
Hamalau antzezlanaren irakurketa dramatizatua egingo dute Bilboko Zazpi Kaleetako Lautan Hiru jaialdian otsailean. Gainera, Pabellon 6ko Antzerki Laburreko jardunaldietan ere taularatuko da.
Iñigo Cobo, zine mundutik antzerkigintzara
Gaztelaniazko gidoi irabazlea, berriz, Canciones tristes para gente alegre izan da, aspaldian, gaztetan, harreman afektiboa izan zuten bi pertsonen topaketa kontatzen duena. Hainbat urte pasa eta gero elkarri galdetzen diote ea zenbat eta zertan aldatu diren. Pertsonaiek haien bizitzari buruz hausnartuko dute eta haien arrakastak eta porrotak onartzen saiatuko dira.
Iñigo Cobo Santurtziko Santurzine Festibalaren sortzailetariko bat da eta gaur egungo zuzendaria. Bere ibilbidea zinemagintzan hasi bazen ere, antzerkiko egile eta zuzendari modura lan egin du azken urteotan.
Lanak sarean
Aurtengo gidoi irabazleak Cafe Bar Bilbaoren webgunean irakur daitezke. Aurreko edizioetako lanak ere bertan daude irakurgai.