Lur Live Festibala egingo dute Oiartzunen, abuztuaren 10etik 13ra
Lur Live Festibala abuztuaren 10etik 13ra egingo da, 19:30etik 21:30era, eta Lur Lorategian izango da, Iñigo Segurola paisajistaren Oiartzungo lorategi esperimentalean.
Idoia Lizeagak, Iñigo Segurolak eta Amaiur Gaztañagak osatutako Lur Live Arte eta Natura elkarteak antolatzen du jaialdia. Elkarte honen asmoa artearekin eta naturarekin loturiko jarduerak egitea da, pertsonak eta kultura ingurune naturaletara hurbiltzea eta natur guneetako jarduerak sustatzea. Artisau-lanbideen eta mota guztietako arte-diziplinen tresnen eta ezagutzen bitartez, gizakiak naturarekin duen harremanari buruz hausnartzeko proiektuak garatzea du helburu.
Lur Live Festibala Oarsoaldeako Lur Garden gunearen inguruan kultur eta arte dinamikak sortzeko jaio zen. Diziplina askotako ekintza performatiboak egiten dira, elkarrekin lankidetzan arituta. Paisajismoari lotutako ekintzak izaten dira: land art, lore-artea, dantza, mugimendua, terapia, zentzumenen antzerkia, dantza garaikidea, zuzeneko musika...
Bertaratzeko interesa izanez gero, beharrezkoa da aldez aurretik erreserba egitea.

