Lumak dantzan

Lumak dantzan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lumak-dantzan/@@download/image/20121256964luma_1360054075.jpg
2012/12/05
elkarrizketa
Testua: Igone Fdez. Mariezkurrena
Lumak dantzan
Urte amaiera honetan liburu berri bana kaleratu duten bi idazleri, Kirmen Uriberi eta Iban Zalduari, eleen jolaserako enbitea bota diegu.

Sarri entzun dugu euskal literaturak idazle gehiago dituela irakurleak baino, honek ere ez omen duela dirurik emanen. Hala bada, luma dantza honetara ekarri ditugun bi gonbidatuak, hasiera hartan behintzat, ez zituen poltsikoaren deiak hurreratuko honetara. Helduen mundutik ihes egiteko manera izango zen akaso, edo gauzen egoerarekin gustora ez egoteak eragindako bulkadaren ondorioa.

Mussche (Susa, 2012) izeneko nobela aurkeztu berri du Kirmen Uribek (Ondarroa, 1970), eta Idazten ari dela idazten duen idazlea (Elkar, 2012) ipuin liburua kaleratu zuen Iban Zalduak (Donostia, 1966) urrian. Literaturatik prestatu diegu ondorengo galdetegia, bueltan literatura apur bat jasotzeko gogoz.

1.- "Batzuentzat / Jesukristo gurutzera /(lapurren artean) / igo zenean, /hasten da historia. (...) / Niretzat / David Bowiek ilea moztu zuen / egunean" (Anfetamiña. Xabier Montoia, 1983). Zuretzat? Noiz hasten da historia?
2.- Ze izenburu jarriko zenioke historiaren une honetan karriketan arnasten duzuna jasoko lukeen lanari? Ze genero aukeratuko zenuke eta zergatik?
3.- Zein litzateke lehenengo esaldia (...) eta azkena?
4.- Zer erantzungo zenioke ondorengoari? "Bai, literato gehienak ezkerrerantz makurtzen zarete. Erromantikoa dirudi, baina tranpa izugarria izan daiteke." (Fuck Machine. Charles Bukowski, 1977).
5.- "Egunero dago erantzun nahi ez dudan deiren bat jasotzeko arriskua. Horregatik beti daukat piztuta eskuko telefonoaren erantzungailua." (Nora ez dakizun hori. Irati Jimenez, 2009). Zer dio jaso nahi ez duzun deientzako zure erantzungailuak?
6.- Nork idatziko luke zure bizitza istorio gisa hartuko lukeen eleberria? Zergatik?
7.- Ze egoeratan pentsatu duzu "denbora pasatzen da eta ez da ezer pasatzen" (Lagun Izoztua. Joseba Sarrionandia, 2001)?
8.- Zure egingo zenukeen literatur esaldi borobila?

Kirmen Uribe: "Helduen lan munduari ihes egitearren naiz idazle"



1.- 1545ean, Beñat Etxepare izeneko apaiz txoro bati poema-liburua euskaraz argitaratzea otu zitzaionean...

2.- Nik uste liburu hori idatzita dagoela, Scott Fitzegeraldek idatzi zuen aspaldi, The Great Gatsby. Garai batean, gure jatorria ahaztu bagenu bezala bizi izan gara, halako amets ero batean, ematen zuen denok izan nahi genuela aberats. Eta eromen hori ikaragarri ondo azaltzen du Fitzgeraldek bere nobelan. Zertarako idatzi beste bat.

3.-
Nobelako lehen esaldia zoragarria da: "Haurtzaroan aitak aholku bat eman zidan eta geroztik ezin izan dut burutik kendu". Eta bukaerakoa, are ederragoa: "Eta horrelaxe goaz aurrera, korrontearen kontra egiten dugu arraunean, nahiz eta, behin eta berriz, urak iraganera eramango gaituen".

4.- Bitxia da, askotan pentsatu izan dut honetan. Idazle asko hasten dira idazten mundu hobeago batean amesten dutelako eta, aitor dut, horixe izan zela nire lehen asmoa ere. Baina gero, ikusten duzu idazlea gai dela beste inor baino maltzurrago jokatzeko, berekoia dela oso, inbidiak galtzen duela. Kosta egiten zait kontraesan hori ulertzea.

5.- Ama ez dago etxean.

6.- Ez dut uste nire bizitzak interes handirik duenik nobelatzeko. Horrexegatik saiatzen naiz beste mundu batzuk asmatzen, nire iragana bera ere aldarazten, bigarren aukera bat ematen bizi izandakoari.

7.- Kartzelaldian. Lo asko egiten nuen, denbora azkarrago igaro zedin. Eta baita lanean ere. Nik uste dut idazlea naizela lan munduak ikara pixka bat ematen zidalako. Gure aitak ez zuen nahi izaten seme-alabok portura hurreratzea. Bere lanetik urrun nahi gintuen. Idazteak libre egiten nau neurri horretan, ez daukat nagusirik, nik neuk antolatzen dut lanaldia. Inozoa da agian, baina sentipen hori daukat, helduen lan munduari ihes egitearren naizela idazle.

8.-
Asko daude eta zaila da hautatzea. Baina gaur, hauxe aipatuko dut: "Eguzkipean / gure itzal luzeak. / Dena da itzal". Tomas Transtromerren haikua da, denboraren iragankortasunari buruz. Poeta ikaragarri ona iruditzen zait suediarra, niri behintzat.

Iban Zaldua: "Egoera aldatu nahi izateak ez du inor automatikoki ezkertiar bihurtzen"



1.- Nire ikasleei erantzungo niekeena: morroi batek, ziurrenik makila bat erabiliz, edo edozein motatako arma primitibo bat, bere kideak gehiago produzitzera eta "soberan" lortzen zutena berari ematera behartu zituenean. Handik gutxira zibilizazioa delakoa sortu eta idazketa hasi zen, historiaren abialdiarekin lotu ohi den gertakaria. Nire buruari erantzungo niokeena: Cecilia izeneko nerabe bat, Egiako tunelean behera desagertzen ikusteaz batera, ez zela sekula nirea izango ulertu nuen arratsaldean, hots, orduan nintzen aurrenerabearena. Handik gutxira hasi nintzen neu ere idazten.

2.-
Atmosfera huts. Ipuina aukeratuko nuke, gainontzeko generoak minor direlako, noski. Eta zientzia fikziokoa izango litzateke, ezinbestean: gaur egun, gaur egunekoari buruz idatz daitekeen oro bihurtzen delako, modu batean edo bestean, garai batean zientzia fikzioa deitzen zena (eta argitaratu bezain pronto, genero historikokoa…). Bai, badakit antzeko izenburuko film bat dagoela, Sean Connery duena protagonista, baina ez naiz ona izenburuak asmatzen eta, edonola ere, edukiak ez luke zer ikusi zuzen-zuzena izango harekin… bueno, agian bai.

3.-
Munduko gobernuek, krisi ekonomikoari aurre egiteko, aire-hornikuntzaren inguruko azkeneko murrizketak agindu ostean, komunikabide gehienek harridura azaldu zuten hilkortasun tasaren bat-bateko hazkundea zela eta. (...) Dena den, titular nagusiek burtsa-indize gehienen igoera azpimarratu zuten, bereziki oxigenoaren ekoizpen eta banaketarekin lotutako konpainiena, eta baita kantari birmaniar baten bideoaren arrakasta ere, Sarean biralki zabaltzen ari zena eta, antza denez, dantza-pauso benetan bitxiak egiten zituena.Esaldi bien artean ez da, akaso, beste ezer gehitu behar….

4.-
Ez nagoela seguru literato gehienak ezkerrerantz makurtzen ote diren (garen): horren plantak egiten dituztela (ditugula), agian bai. Azken finean, Vargas Llosa bezalako boltxebike batek behin baino gehiagotan esan duen bezala, idazletzaren bulkadetako bat gauzen egoerarekin gustura ez egotea da, egoera aldatu nahi izatea; baina onartu behar da horrek ez duela automatikoki ezkertiar bihurtzen inor, Vargas Llosaren kasuak berak frogatuko lukeen bezala. Ordea, tranpa bat izatearen kontu horretan guztiz bat nator Bukowskirekin: literato izatea eta, batik bat, zeure burua literatotzat hartzea tranpa izugarria da.

5.-
Nireak, ziurrenik, bereziki ondo ulertuko ez liratekeen hitz murduskatu batzuk, atzeko zaratarekin eta musika-doinu urrunen batekin nahastuta: oso dorpea naiz mota horretako teknologiarekin, eta egin ditudan ahalegin gehienetan hori izan da emaitza, edo antzekoren bat. Alde horretatik, niretzat sekulako lasaitua izan dira telefonoek egun eskaintzen dituzten erantzungailu automatiko eta inpertsonalak: zer hoberik?

6.-
Ez luke interes minimorik, egia esan. Baina ezinbestekoa izanez gero, zergatik tematu eleberri batekin? Mikroipuin sail labur batekin nahikoa litzatekeela iruditzen zait. Edonola ere, imajinazio handiko idazle bati eskaini beharko litzaioke enbaxada, literatura fantastikorako gaitasun aitortuko bati alegia. Eta, hala ere, kostako litzaioke kontakizunei emozioa eranstea….

7.- Azterketak egitean (eta zaintzean)…? Dei baten (edo eskutitz baten, edo mezu elektroniko baten, edo SMS baten) esperoan egotean…? Insomnioak kolpatzen zaituenean…? Kazetarien elkarrizketei erantzutean…?

8.-
Gilbert K. Chestertonen hau: “Nobela on batek egia diosku bere heroiari buruz; baina nobela txar batek bere egileari buruz diosku egia”.