'Luis Gasca, komikia eta zinema' erakusketa zabaldu dute Donostian
Erakusketak bi zati ditu: obra grafikoari eta komikiari eskainitakoa, 270 pieza inguru dituena, eta zinemari lotutakoa, hainbat argazkilarik egindako artista garrantzitsuen 100 bat argazkiz osatua. Argazkiak Luis Gascaren alabetako baten eta komisario baten bilduma pribatukoak dira. Bilduma osoak komikiaren askotariko adierazpenak eta zinemarekin, literaturarekin eta, oro har, sorkuntzarekin zuen lotura biltzen ditu: komikiak, aldizkariak, fanzineak, lan grafiko originala eta komikiari buruzko azterlanak. Koldo Mitxelena Kulturuneak ekoitzitako erakusketa azaroaren 8ra arte egongo da zabalik.

Erakusketaren harira, komikiaren eta sorkuntza grafikoaren arloko adituekin elkarrizketa formatuko hiru topaketa egingo dira Koldo Mitxelena Kulturunearen Areto Nagusian. Borja Crespok koordinatuko ditu irailean eta urrian egingo diren topaketak. Lehena, irailaren 28an izango da, Laura Perez eta David Rubinekin; bigarrena, urriaren 5ean, Fermin Solis eta Paul Urkijorekin; eta hirugarrena, urriaren 27an, Stephan Levallois eta Belen Atienzarekin.
QR kodean materiala
Erakusketari eta agenda hedatuaren informazio guztia QR kodean jarri dute eskuragarri, eta baita online bakarrik ikus daitekeen argazki lanen eranskina ere. Erakusketaren material grafikoak, posterrak eta Alvaro Martinez Bueno artista grafikoari eta komikigileari egindako enkargua ere deskarga daitezke bertatik.

