Luis Buñuelekin lotura duten bost film Donostian

Luis Buñuelekin lotura duten bost film Donostian Buñuelen bi film, Elaine May-ren beste bi, eta Dušan Makavejev-en bat izango dira ikusgai Tabakalerako zinema-aretoan abuztuan. Lehena larunbatean eskainiko dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/luis-bunuelekin-lotura-duten-bost-film-donostian/@@download/image/sweet-movie.jpg
2021/08/05

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Buñuelen bi film, Elaine May-ren beste bi, eta Dušan Makavejev-en bat izango dira ikusgai Tabakalerako zinema-aretoan abuztuan. Lehena larunbatean eskainiko dute.
Luis Buñuelekin lotura duten bost film Donostian

Luis Buñuel zuzendariari eskainitako atzera begirakoak jarraipena izango du abuztuan eta ikusleek bost film ikusteko aukera izango dute. Horietako bi Aragoiko zinegilearenak izango dira eta beste hiru bere zinemarekin lotura izan zuten bi zuzendarirenak, Dušan Makavejev eta Elaine Mayrenak hain zuzen ere. Nosferatu zikloa Tabakalerako zinema-aretoan proiektatzen da eta saio guztiak 19:00etan hasiko dira. Irailean ez da ezer programatuko eta urriaren 6an bueltatuko da berriro.

Hilaren 7an, larunbatean, Dušan Makavejev zuzendariaren 1974ko Sweet movie filma eskainiko dute jatorrizko bertsioan, euskarazko eta ingelesezko azpitituluekin. Film sailkaezin, probokatzaile eta polemiko hau herrialde askotan debekatu zuten bere estreinaldian. 1984an Miss Mundu lehiaketa irabazi duen Kanadako ordezkariaren istorioa kontatzen du. Honek jasotzen duen saria munduko ezkongabe aberatsenarekin ezkontzea da. Aldi berean, eta beste leku batean, askatasun absolutuaren bila munduan ibaiak eta itsasoak zeharkatzen dabilen Survival-eko kapitainarengana agertzen da Potemkin korazatuko marinel bat. 

Luis Buñuelen La Fièvre monte à El Pao eskainiko dute hilaren 13an, ostirala, hilketa baten ondorioz kartzelako alkaide bihurtu eta presondegiko bizi-baldintzak hobetzen eta gobernu-programa liberalagoa bultzatzen saiatuko den gizonaren inguruko kontakizuna. Frantsesez ikusi ahal izango da euskarazko azpitituluekin. 

Hurrengo filma hilaren 19an izango da, Elaine May zuzendariaren A New Leaf. Bere aita zenak utzitako dirutza guztia xahutu duen ezkongabea da protagonista, osabari eskatutako mailegua ordaintzeko emakume aberats batekin ezkontzea erabakiko duena, hura hil eta zorra kitatzeko. 

The Young One eskainiko dute hurrengo egunean, hilak 20, ingelesez, euskarazko azpitituluekin. Ehiza-barruti baten zaindaria da den Millerren istorioa du ardatz Buñuelen film honek, lagun bakartzat 13 urteko neska gaztea duena. Musikari beltz gazte bat, Traver, iritsiko da, ordea, bortxaketa akusazio bidegabeko batetik ihesi, eta euren bizimoduek beste bide bat hartuko dute. 

Azkenik, Elaine May-ren The Heartbreak Kid eskainiko dute. Bere eztei-bidaiaren hirugarren egunean, hotelean emakume bat ezagutu eta harekin maiteminduko den Lennyren gorabeherak kontatzen ditu. Gauzak horrela, bere emaztearekin haustea erabakiko du, eta eginahal guztiak egingo ditu ezagutu berri duen emakumea konkistatzeko, haren aitak trabak jarriko dizkion arren. 

Sarrerak salgai daude Tabakalerako kanaletan. Leihatila saioa baino ordu erdi lehenago irekitzen da. Aldez aurretik, Tabakalerako Info Puntuan eta online gunean eros daitezke.