Lucia Martinez Odriozola, Berria egunkaria eta 'Pikara Magazine' saritu ditu Emakundek

Lucia Martinez Odriozola, Berria egunkaria eta 'Pikara Magazine' saritu ditu Emakundek Genero-ikuspegia duen kazetaritza egiteagatik hautatu dituzte hiru sarituak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lucia-martinez-odriozola-berria-egunkaria-eta-pikara-magazine-saritu-ditu-emakundek/@@download/image/lucia-martinez_web.jpg
2021/12/22

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Genero-ikuspegia duen kazetaritza egiteagatik hautatu dituzte hiru sarituak.
Lucia Martinez Odriozola, Berria egunkaria eta 'Pikara Magazine' saritu ditu Emakundek

Genero ikuspegia txertatzen duen eta emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konprometituta dagoen kazetaritza aitortu du Emakundek bere sarien bidez. Aurten, Lucia Martinez Odriozola EHUko Informazio Zientzien Fakultateko irakasle eta kazetari izan zena, Berria egunkaria eta Pikara Magazine aldizkaria dira sarituak, "ezinbesteko genero-ikuspegia presente duen kazetaritza prestakuntza izan eta haren aplikazio praktikoa egiteagatik". 

Lucia Martinez Odriozola zenak arlo akademikoari eta kazetaritzari egindako "ekarpen aitzindari eta erreferentziala" nabarmendu du epaimahaiak, eta baita kazetaritza orokorrari eta espezializatuari egindako ekarpena ere. EHUko Informazio Zientzien Fakultateko irakaslea, genero ikuspegia duen kazetarien euskal sarearen sustatzailea, eta Pikara Magazine aldizkariaren sortzailea izan zen. Horretaz gain, Emakundeko Begira publizitate eta komunikazio ez sexistarako aholku batzordeko kidea izan zen 2013tik, eta ordutik "bere trebetasuna eta ezagutza" eskaini izana azpimarratu dute.

Pikara Magazine aldizkari feminista da eta epaimahaiaren arabera, "erreferentziazko gune bihurtu da giza eskubideekiko konpromisoagatik, batez ere berdintasunarekiko konpromisoagatik, emakumeen mugimenduen jardueren dokumentazioarekiko konpromisoagatik, eta emakumeek hedabideetan parte hartzeko, eztabaidatzeko, komunikatzeko trebetasunak hobetzeko eta sare sozialen erabilera deskubritzeko eskaintzen dituen aukerengatik". Era berean, komunikazio eta publizitate ez-sexistarako kode deontologikoari eta autorregulazio-kodeari atxikitzeko sarearen parte dira.

Berria egunkariak berdintasunarekin eta feminismoarekin duen konpromisoa balioetsi du epaimahaiak, "genero-ikuspegia erredakzio-lanean eguneroko praktika gisa txertatzen duen kalitatezko informazioaren bidez". Indarkeria matxisten tratamenduari egiten dioten ekarpena nabarmendu dute bereziki: "Estilo-liburuak egin ditu, berdintasun-planak diseinatu ditu, Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde gisa aitortu du, eta Begira Komunikazio eta Publizitate ez Sexisten Kode Deontologikoaren sareko kide da eta BAI Sareako kide ere bai. Jardunbide egoki horiek guztiak erreferentzialak dira orotariko gainerako komunikabideentzat", azaldu dute.

Era berean, sari honen bidez, epaimahaiak aitorpen publikoa luzatu nahi izan die "egunero berdintasunarekiko konpromisoa erakusten duten komunikazioko beste profesional batzuei eta ikuspegi feminista eta genero-ikuspegia txertatzen duen kalitatezko kazetaritza sustatzen lan egiten duten hedabide guztiei".

Sariaren bidez berdintasunaren arloan egindako lanaren jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea izan du helburu Emakundek. Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 eurokoa da eta, kasu honetan, hiru hautatuen artean banatuko da. Datorren maiatz aldera egingo dute saria emateko ekitaldia.