Lucas Egibar: "Neure buruarekin pozik geratu nahi dut, eta lehen 60en artean bukatu"

Lucas Egibar: "Neure buruarekin pozik geratu nahi dut, eta lehen 60en artean bukatu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lucas-egibar-quotneure-buruarekin-pozik-geratu-nahi-dut-eta-lehen-60en-artean-bukatuquot/@@download/image/20111128965Lucas_egibar1.jpg
2012/12/13
berria
Lucas Egibar donostiarra snowboardeko Munduko Txapelketan lehiatuko da Pirinioetako La Molina estazioan hilaren 17tik 21era. 16 urte dituen arren, han eta hemengo espezialistarik onenen pare ariko da. Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartutako beste donostiar baten urratsak –Iker Fernandezenak- jarraitu nahi ditu. GAZTEZULO.COMeko galderak erantzun ditu maleta prestatu eta bidaiari ekin aurretik.


Ate joka dago Pirinioetako La Molina eski estazioan jokatuko den Munduko Txapelketa. Nola ikusten duzu zure burua?
Oraindik egun batzuk geratzen dira Munduko Txapelketarako, eta beraz, urduritasunik ez dut sumatu oraindik. Neure buruarekin konforme geratzeaz gain, 60 onenen artean sailkatzea poztekoa litzateke, nagusien mailan lehiatuko bainaiz.

Nola hasi zinen kirol honetan?
Txiki-txikia nintzela eskian trebatzen hasi nintzen eta bost urte nituela amak snowboardi jakin beharrekoa irakatsi zidan. Urteak aurrera joan ahala, eskolak jaso nituen eta orain Dani Fernandez entrenatzailearekin nabil.

Non entrenatzen zara?
Candanchu eski estazioan entrenatu ohi naiz, baina Astunen ere trebatzen naiz.

Beste donostiar batek, Iker Fernandezek, bide oparoa egin zuen kirol honetan. Haren parera iristeko asmorik bai?
Jakina, Iker Fernandezek eginiko bidea nik ere egin nahiko nuke, berak hirutan parte hartu baitzuen Olinpiar Jokietan, eta ezagutzen dut, bai, Dani entrenatzailearen anaia delako.

Snowboard neguko kirola da. Udaran eta oro har elurrik gabeko sasoietan beste kirol batzuetan diharduzu, ala snowboardean aritzen zara hemendik kanpora?
Udaran bi hilabete eta erdi Frantziako alpeetara joaten naiz, bertako glaziar batean entrenatzera eta udazkenean Espainiako selekzioko kideekin Suitzako alpeetan aritzen naiz, Europako edo Munduko Kopa prestatzen.

Gaztea izanagatik txapelketa garrantzitsu batzuetan lehiatu zara jada. Zer moduz doakizu aurtengo denboraldia?
Ba bai, sona handiko proba batzuetan parte hartu izan dut. Zeelanda Berriko Munduko Txapelketan, junior mailan, 21. postuan sailkatu nintzen eta denboraldi honetan Europako Kopako bi probatan izan naiz: Cortina d'Ampezzon (Italia) 12. postuan bukatu nuen eta Puy Sant Vicenten (Frantzian) 21. postuan. Sailkapen nagusiko 24. postuan nago.