'Love me tender' filma: ama lesbiana baten sistemaren aurkako borroka

'Love me tender' filma: ama lesbiana baten sistemaren aurkako borroka Semearen zaintza eskubidea ez galtzeko arau eta konbentzio sozialetan kabitzen ez den ama baten borroka eta ezina erakusten ditu filmak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/love-me-tender-filma-ama-lesbiana-baten-sistemaren-aurkako-borroka/@@download/image/Pantaila-argazkia 2026-06-22 181527.png
2026/06/24

Testua: Maitane Legarreta

Semearen zaintza eskubidea ez galtzeko arau eta konbentzio sozialetan kabitzen ez den ama baten borroka eta ezina erakusten ditu filmak.
'Love me tender' filma: ama lesbiana baten sistemaren aurkako borroka

Constance Debrék Love me tender eleberria argitaratu zuen 2020an. Frantzian oihartzun eta eragin handia izan zuen liburuak, eta zinemarako egokitzapena egitea erabaki zuten. Iaz Canneseko zine jaialdian aurkeztu zuten Anna Cazenave Cambetek zuzendutako izen bereko filma, eta zinemetan ikus daiteke orain. 

Liburuko istorioa egilearen beraren bizitzari buruzkoa da. Ordura arteko bizimoldea errotik aldatzea erabaki zuen, eta horrek bere bizitza pertsonalean eta sozialean hainbat ondorio ekarri zizkion. Familiarekin eta generoarekin lotutako konbentzio sozialei aurre egiteak dakartzan ajeak ditu idazgai liburuan. 

Constance Debré Parisen jaio zen 1972an, Frantziako politikaren munduan ezaguna zen familia batean. 40 urterekin abokatu izateari utzi zion, eta literaturari heldu zion. Horrekin batera, ezkontidea utzi eta lesbiana zela azaldu zuen gero. Horren ondotik, semearen kustodia galdu zuen epaitegietan luzez borroka egin ondoren. Bizitza burgesari uko egitearen, amatasunaren eta normatik kanpo bizitzearen inguruan idatzi zuen liburuan.

Orain, Vicky Krieps aktoreak gorpuztu du filmaren pertsonaia nagusia den Clemence. Bertan kontatzen da Clemencek urte dezente daramatzala senarrarengatik bananduta, eta Paul semearen zaintza partekatua duela senar ohiarekin. Harreman orekatua dute senar-emazte izandakoek, baina Clemencek emakumeak gustuko dituela aitortu eta Sarahrekin harremana hastean, aldatu egingo da dena. Bikote ohiaren harremanean tentsio handia sortuko du egoerak, haien arteko ulertezintasuna nabarmendu eta, azkenik, bien arteko komunikazioa etengo du. Horrekin batera, semearen zaintzaren inguruko gatazka hasiko da, senar ohiak Clemence semearen bizitzatik kanpo egotea nahiko baitu. 

Epaiketak, perituen txostenak eta kautelazko neurriak, bakardadea, emakumeekin sexu harremanak, eta estigma sozialaren aurkako erresistentzia ageri da.

Filmak sistemaren bidegabekeriak eta biolentzia, gehien maite duzuna askatu beharra, eta amatasunaren ertz ugari islatzen ditu: gatazka, desioa eta uko egitea.