LOUkeriak

LOUkeriak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/loukeriak/@@download/image/16p18-1.jpg
2002/02/01
erreportajea
Unai Brea
LOUkeriak
Urte hasieran euroa ezezik, aurkako hainbeste erantzun jaso dituen Espainiako unibertsitate lege berria ere, LOU ospetsua, ofizialki ezarri zen Espainian eta Hego Euskal Herrian. Ba al dakizu zuk, laster unibertsitatera joango zaren horrek, edo bertara heldu berria zaren horrek, edo beharbada ikasle beterano eta nazkatua zaren horrek, zertan eragingo dizun? 

Luze joko luke LOU bezalako lege baten zirrikitu guztiak aztertzeak. Luze, era berean, halako legea erditzeko PP alderdiak dituen arrazoi sakonei buruz mintzatzeak. Baina ezin ukatu gaiak gutxieneko arreta merezi duela, gehienetan elkarren aurka aritzen diren era guztietako taldeak ados jartzea erditetsi baitu PPk. Ikus dezagun zeintzuk diren LOUren ezaugarririk esanguratsuenak, eta kritika gehien jasotakoak.

Zentralismo sutsua

Orain arte unibertsitate bakoitzak antolatzen zituen irakasleak kontratatzeko oposizioak. Hemendik aurrera, Madrilen gainditu beharko dira oposizioak. Hautagai guztiak irizpide berdinen arabera neurtuko dituzte, irizpide "nazionalak" zer esanik ez, eta horrekin batera, distrito bakarra ezarriko da estatu osorako. Hau da, Ciudad Realgo batek, demagun, Madrilen oposaketak gainditu eta baliteke EHUra irakaslea joatea. Eta horrek, zuzen-zuzenean, hurrengo puntura garamatza.

Euskara zokoratuago

Diogunez, baliteke Ciudad Realgo irakaslea EHUra etortzea ikasleek euskaraz jaso nahi luketen ikasgai hori irakastera. Esan gabe doa euskaraz hitzik ere ez dakiela, esan gabe doan bezala Madrilen gainditu dituen oposizioetan euskarak Zinbabweko astronomiaren historiak bezainbesteko garrantzia duela, euskara ez delako irizpide "nazionala". Eta, legearen arabera, inork ezingo dio eskatu gure mantxegoari hizkuntza profilik betetzea, euskara jakitea, asko edo gutxi.

Jakina, bi irakasleren artean unibertsitateak euskaraz dakiena hautatu ahal izango du, baina Madrilgo epaimahaiaren aurrean lanpostu horretarako oposizioak gainditu dituztenen artean euskaldunik ez bada? Orain arte gure hizkuntza unibertsitatean baztertu samar egon bada, are baztertuago egongo da LOUri esker. Hainbeste, non Manuel Montero EHUko errektorea bera ere gaiaz kezkati ageri baita, besteak beste, LOUk euskarazko irakaskuntzari oztopo larriak ipiniko dizkiola esanda. Errektoreak berak protesta egitera deitu badu, latza behar du egoerak. Horrexegatik, agian, legearen aurka egin ez duten bakanetakoen artean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkariak daude…

Lehiakortasunaren sustarri

LOUren eskutik, enpresa munduak orain baino askoz garrantzi handiagoa izango du unibertsitateko eginkizunetan. Eta igarri egingo da. Kalitatea handitzea behin eta berriro aipatu du PPk legea justifikatzerakoan. Beste era batera esanda, ikasle lehiakorrak bilatuko dira, eraikitzen ari den, edo beharbada dagoeneko eraikita dagoen gizarte lehiakor honetarako norbanako ezin aproposagoak.

Ikasleak diskriminaturik… beti bezala

LOUk dituen ezaugarrietako bat zehaztasuna da. Ez du uzten interpretaziorako betarik. Ikasleei -baita unibertsitateko beste talde batzuei ere- ordezkaritzaren zati ederra kenduko diete eta, oro har, funtzionariek berenganatuko dute boterearen tartaren zatirik goxoena. Egia esan, orain arte ere halaxe izan da, baina LOU dela eta, proportzionaltasun eza areagotu egingo da: funtzionariek ordezkaritzaren %51 izango dute, gutxienez. Unibertsitatera joan gabe ere asma liteke hori erdia baino gehiago dela.

Euskal Herri osorako lege bila


Urtarrilean Bai Euskal Unibertsitateari taldea aurkeztu zen. Hainbat esparrutako jendea ari da talde horretan eta beraien helburua Euskal Herri osorako unibertsitate legea bultzatzea da. Lege zirriborroa ere egin dute, eta EAEko eta Nafarroako parlamentuetara, Udalbiltzara eta Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilura igorri dute. Ekimen berriak hainbat erakunderen sostengua jaso du: AEK, EHE, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea, Ikasle Abertzaleak… 

Selektibitatearen ordez, selektibitateak


LOUri esker, desagertu egin da selektibitatea. Baina ez dadila inor behar baino arinago alaitu. Orain arte selektibitate izenaz ezagutu dugun azterketa madarikatua eta, aitor dezagun, gehienek gainditzen zutena, hiltzear da. Hala ere, unibertsitate bakoitzak bere selektibitatea ezarri ahal izango du. Zailago edo errazago, bakoitzaren araberakoa izango da, baina badaezpada ez zaitezte baikorregi izan.

Euskaraz ikastea zaila


Azkenaldian EHUko Donostiako campuseko ikasleak protestaldiak egiten ari dira. Besteak beste, hainbat ikasgai euskaraz eman ahal izatea eskatzen ari dira. Ez dirudi LOUk arazo hau konponduko duenik.