Lotura taldeak 'Erantzunaren zain' lana kaleratu du

Lotura taldearen bigarren estudioko lana da Erantzunaren zain, eta eurek azaldu dutenez, "soinuaren eboluzioa" nabari da lehen diskoarekiko. "Landuagoa, sakonagoa eta sendoagoa" dela nabarmendu dute.
Izenburuak berak iradokitzen duenez, galdera-sorta da lan hau: “Galderen itsasoan galdu nahi dut, erantzunaren zain”. Era berean, zalantzaren apologia ere bada kantuetan, dena argi ez izatearen aldarria egin dute: “Zalantzak askatu nau”.
Bigarrenez, Fruizeko Gaua Estudioan eman diote forma kantuei. Asier Zubelzu ekoizlea izan dute lagun grabaketan, nahasketan eta masterizazioan.
Diskoa aurkezteko kontzertuak ere iragarri dituzte: otsailaren 28an, Gasteizko Parralen izango dira; martxoaren 18an, Tolosako Bonberenean; maiatzaren 5ean, Bergarako Kartzela Zaharrean; maiatzaren 13an, La Botan; eta ekainaren 9an, Bilboko Kafe Antzokian, Kutxa Beltzan.
