Lotara berandu joaten zarenetakoa bazara, zure geneen errua izan liteke
Goiztiarra izatea ez da lotara goiz joatea bakarrik. Saiatu zaren arren, berandura arte gauzak egiten geratzen zarenetakoa bazara, jakin zure genetikagatik izan litekeela. Zientziak aurkitu duenez, gure geneek berandura arte esna geratzeko gure joera determinatu lezakete.
Louis Ptáček, San Frantziskoko unibertsitateko neurologiako irakaslea, bere lankide Ying-Hui-rekin batera, geneek gure lo joeran nola eragiten duten aztertzen aritu da. PER3 deitutako geneko mutazio bat jo dute erruduntzat. Mutazio hau baldin baduzu, zure erloju biologikoa ohiko ordutegi tradizionalen sintoniatik at dago. Gaualdea iristean, nekatuta sentitu beharrean piztu egiten zara eta orduak behar dituzu lo hartzeko.
Ikerketa Cell aldizkarian argitaratu dute eta aipatu duguna baieztatzeko milaka familia aztertu zituzten. Behatu zutenaren arabera belaunaldiz belaunaldi herentzian jasotzen da joera hau. Zure gurasoak gautarrak badira, ziurrenik zu ere hala izango zara. PER3 geneak erritmo zirkadianoa doitzen du, noiz zauden esna eta noiz nekatuta. Mutazioarekin, neke hori ez duzu sentitzen berandura arte.
Baina gene hau ez da errudun bakarra. Beste ikerketa batek, Nature aldizkarian argitaratuak, 700.000 pertsonen DNAk aztertu zituen eta pertsona bakoitza goiztiarra ala gautarra den determinatzen duten 351 aldaera aurkitu zituzten. Aldagai hauek, gure loaren zikloan eragiteaz gain, gorputzean zehar melatonina barreiatzeko moduan ere eragiten dute, eta bai, hormona hori da noiz den lotarako ordua esaten diguna.
Ordu txikietan lanean edo film batez gozatzen zauden hurrengoan gogoratu: ez zara zu, zure geneak dira. Ez zaude bakarrik.
