Loraldiak Sormen Astea egingo du Lekeition, Udako Olarekin bat eginez

Loraldiak Sormen Astea egingo du Lekeition, Udako Olarekin bat eginez Kukaik, Iholdi eta Ibabe Beristainek eta Ruper Ordorikak parte hartuko dute besteak beste. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/loraldiak-sormen-astea-egingo-du-lekeition-udako-olarekin-bat-eginez/@@download/image/loraldia sormen astea.png
2023/07/04
Kukaik, Iholdi eta Ibabe Beristainek eta Ruper Ordorikak parte hartuko dute besteak beste.
Loraldiak Sormen Astea egingo du Lekeition, Udako Olarekin bat eginez

Loraldiak, Gaztea ekimenaren baitan, Udako Olaren bigarren edizioa egingo du uztailaren 10etik 15era bitarte, Lekeition. Gazte sormena piztea du helburu egitasmoak eta parte-hartzaileek erreferente diren sortzaileak ezagutzeko aukera izango dute eta ikastaro trinkoak jasoko dituzte. Kukai dantza taldeko Jon Maya, JMartina, Mixel Etxekopar eta Jean Kristian Galtxetaburu, Oskar Alegria eta Uxue Alberdi izango dira bertaratuko diren sortzaileak.

Honekin batera, Loraldiak publiko orokorrari zabalduko zaion kultur ekintzen egitaraua osatu du, Sormen astea. Programazio honen baitan sei ekintza ezberdin izango dira, diziplina anitzekoak: musika, dantza eta zinema proposamenak. 

Uztailaren 10ean, Kukaik Gelajauziak dantza ikuskizuna eskainiko du San Juan Talakon, 19:30ean. Euria egingo balu, Kontzeiopen egingo dute. Hurrengo egunean, Ruper Ordorika izango da Ikusgarri Zineman, 20:00etan. 2018an, Ordorikak lehen Bakarka diskoa plazaratu zuen eta orain harekin loturiko bigarren lana ari da ontzen, ahots eta gitarraz osatua. 

Mikel Etxekopar eta Jean Kristian Galtxetaburu uztailaren 12an izango dira Ikusgarri Zineman, 20:00etan. Zuberoa eta Nafarroa Beheraren bidegurutzean kokatzen den Etxetaburu ikuskizuna aurkeztuko dute, irri eta ziri, kantu, xirula, flauta, esku-soinu eta perkusioz jantzia. 

Oskar Alegriaren Emak Bakia filma proiektatuko da uztailaren 13an, zineman, 20:00etan. Fikziozkoa ez den lana da eta Man Ray artista surrealistaren Emak Bakia film laburrean agertzen den etxearen bila abiatzen da lan honetan. Biarritz ondoan dagoen etxea aurkitzea ez da erraza izango, ordea.

Iholdi eta Ibabe Beristainek Gazteak, euskara eta beste piztia mitologiko batzuk bakarrizketa musikatua egingo dute uztailaren 14an, 19:30ean, San Juan Talakon. Euria eginez gero, berriz, zineman izango da. Azkenik, hilaren 15ean, Udako Olako gazteek performancea eskainiko dute, Olatz Gorrotxategiren zuzendaritzapean. 

Hiru ekintza doakoak izango dira eta beste hiruretan sarrera erosi beharko da Lekeitioko Zinemazaleen elkartearen webgunean edo Loraldiaren webgunean, Lorazain diren lagunentzat.