Lor: Sofa erosoetatik urrun

Lor: Sofa erosoetatik urrun https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lor-sofa-erosoetatik-urrun/@@download/image/38p10-1.jpg
2004/02/06
erreportajea
Iñaki Esnaola
Lor: Sofa erosoetatik urrun
Gazteak diren arren, taldearen izena duen lehen diskoa karrikaratu berri du Lor Elorrioko boskoteak. Maketa grabatu eta gutxira, lehen diskoa grabatzera sartu ziren estudiora. Hasiera indartsua, rock metal boskote honena.

1998. urtean hasi zirenetik, zortea bidaide izan du Lor taldeak. Añorgako Utikan taldearen antzera, oso gazte ekin zioten kontzertuak eskaintzeari. "Gure lehenengo kontzertua Elorrioko jaietan eman genuen hamalau urte genituela", esan digu Kimetz taldeko baxu jotzaileak. Talde berri askori gertatu bezala, lehiaketa batek eman zien lehen maketa grabatzeko aukera. "Aldapa izeneko lehiaketa irabazi eta bost abestiz osatutako maketa grabatu genuen Lorentzo Records-en", argitu digu elorriotarrak.

Maketa diskoetxeetara bidaltzen hasi, eta berehala Gor diskoetxeak boskotea fitxatu zuen. "Lorentzotik atera eta gutxira, bertan ginen berriro, hori bai, lehen diskoa grabatzeko", azaldu digu Kimetzek.

Kolaborazio apartak
Diskoan, maketako abestiak birmoldatu eta, denera, rock metal kutsuko 12 kantu bildu dituzte. Kimetzen hitzetan, "hasieran hamaika abesti izan behar zuten, baino azken momentuan Elorrioko gaztetxearen omenez eginiko abestia gehitu genuen". Abestien hitzei dagokienez, argi eta garbi utzi digute gizarteari kritika egin nahi diotela: "Ez gara sofa erosoak, eta gustatzen ez zaizkigun gauzak kritikatzen ditugu".

"Lor" izeneko lan honetan agertzen diren kolaborazioei so eginez gero, Aitor Gorosabel, Iban Gorriti eta Txebi artisten parte hartzea aipatu behar da: "Aitorren kasua bitxia izan zen; egun batean estudioan azaldu eta, elkar ezagutzen ez genuen arren, abesti batean ahotsak sartu zituen eta beste batean, punteo bat".

Mundu honetan jarraitzeko gogotsu daude gazte bizkaitarrak eta baliteke datozen urteetan zeresana ematea. Oraingoz, lehen diskoa kaleratzea lortu dute. Ez da gutxi.