Lor: Rocka da bizia

Lor: Rocka da bizia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lor-rocka-da-bizia/@@download/image/2009943438lor_2_1362566521.jpg
2009/09/04
erreportajea
Lor: Rocka da bizia
"LOR" (2004) eta "Bakoitzari berea" (2006) iraupen luzeko bi diskoen ondoren datorkigu Elorriokoen proposamen berri eta gogorrena. Eta zer, rocka bada beraien bizia! 

LOR taldeak rockaren oinarrietara jo du Rock Terapia izeneko hirugarren lana osatzeko. Diskoa Atxeh Independent Records diskoetxeak kaleratu du eta hirukoteak prestatu dituen hamar kantuetan iraganean ohikoa zen metal estiloak ez du lekurik. Egungo norabidea argia da: rock musika.

Elorrioko mutilak ez dira hasiberriak mundu honetan. Izan ere, Kimetz Blancok (baxu jotzailea), Lander Irazolak (gitarra jotzailea eta ahotsa) eta Ramiro Untzetak (bateria jotzailea) 1998. urtean abiatu zuten LOR egitasmoa. Harrezkeroztik, bi disko plazaratu eta ehunka kontzertu eman dituzte; eta orain, Rock Terapiaz erditu dira.

Ibilbide honetan bandak hainbat aldaketa izan ditu, noski. Laukote izatetik hirukote izatera igaro da, Kimetz Zenitagoia Dumy bigarren gitarra jotzailea zena bestelako abenturatan baitabil gaur egun. Horrek eragina izan du LORen lanean eta, zalantzarik gabe, doinuari dagokio aldaketa nabarmenena.  

Iraganeko metal kutsua baztertu eta bete-betean rock esparruan murgildu dira orain, taldekideek diotenez, eboluzio natural baten ondorioz: "Kontzientea izan da, rock aldera egin nahi izan dugu, rock jarrera erakutsi, zuzeneko taldea garela frogatu". Hortaz, nolabait grabazioetako teknika eta kontzertuetako izerdia uztartzen saiatu dira hirugarren lan honetan: "Zuzeneko eta estudioko lana ondo bereizten ditugu, baina, era berean, harmonia gordetzen saiatzen gara, oreka bilatzen dugu".

Taldearen irudian ere sumatzen da aldaketa eta Rock Terapia kantuaren klipa da horren isla fidela. Riff boteretsuak, oinarri erritmiko sendoa eta erotismo puntua dira orain beraien "irudiaren erakusgarri."

Diskoaren izenburuak, beraz, ezin hobeki laburbiltzen du hirukotearen filosofia, Rock Terapia bizitzari aurre egiteko modu eraginkorra eta mundu globalizatuari ihes egiteko baliagarria dela sinesten dute eta.

Laguntzarik ez dute falta izan grabazioan: Kuraiako Fernando Sapo, Kautako Mikel eta Sarkorreko taldekideak aritu dira. Ibai Guridi, Xabi Paya eta Miren Amuriza bertsolarien laguntza ere izan dute hitzak josteko. Queens of the Stone Age edo Kuraiaren zaleek gustura entzuteko moduko lana borobildu dute. Egoera berrira ongi baino hobeto egokitu dira.