Londresko Notting Hill auzoko bizilagunak etxeak beltzez margotzen hasi dira turistak uxatzeko asmoz

Londresko Notting Hill auzoko bizilagunak etxeak beltzez margotzen hasi dira turistak uxatzeko asmoz Bizilagunak kexu dira sare sozialetarako argazkiak ateratzeko jende asko gerturatzen dela eta batzuek jarrera desegokiak dituztela eta. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/londresko-notting-hill-auzoko-bizilagunak-etxeak-beltzez-margotzen-hasi-dira-turistak-uxatzeko-asmoz/@@download/image/pexels-axp-photography-500641970-30683472.jpg
2025/06/19

Testua: Maitane Legarreta

Bizilagunak kexu dira sare sozialetarako argazkiak ateratzeko jende asko gerturatzen dela eta batzuek jarrera desegokiak dituztela eta.
Londresko Notting Hill auzoko bizilagunak etxeak beltzez margotzen hasi dira turistak uxatzeko asmoz

Auzo ezaguna da Londresko Notting Hill, eta Julia Roberts eta Hugh Grant protagonista dituen izen bereko filmak ere eman zion hauspoa, baina badirudi sare sozialetako joerak jende gehiago erakarri duela bertara azken urteotan. Londresko The Standard egunkariak azaldu duenez, bizilagunak ez daude pozik egunero etxe aurrean izaten dituzten bisitariek ez dietelako lasai bizitzen uzten. Hain zuzen ere, Notting Hell —'hell' hitzak 'infernua' esan nahi du ingelesez— izendatu dute bertan bizi direnek.

Etxe koloretsuz beteta dago auzoa, baina zenbait bizilagunek haien etxea beltzez margotzeko erabakia hartu dute, turistak uxatuko dituzten esperantzan. Lehen kolore arrosa zuen etxe bat eta urdina zuen beste bat beltzez ageri dira orain, Instagramen hain ondo emango ez duen itxaropenez. 

Bizilagunek The Standard egunkariari kontatu diotenez, isiltasuna eta lasaitasuna galdu dituzte. Gainera, hainbat turistaren jarrerak desegokiak izaten direla nabarmendu dute: zarata egiten dute, behar ez diren gauzak esan, zaborra bota, eremu pribatuan sartu, eskaileretan otorduak egin, etxean bizi direnei barrura sartzeko esan argazkia edo bideoa ateratzeko... Influencer batzuek maleta bete arropa eramaten omen dute, eta orduak igarotzen omen dituzte arropak aldatzen eta argazkiak ateratzen. Hori guztia gutxi balitz, kanping-dendak ere ipini izan omen dituzte kalean. 

Sarri-sarri jendea agertzen omen zaie etxe atarian eta horrek zaildu egiten omen die bizimodua, eta baita etxean lan egitea ere. Espaloietan biltzen den jendeak etxera sartzeko zein ibiltzeko oztopoak sortzen dizkietela eta bisitari batzuek modu txarrez erantzuten dutela adierazi dute bizilagunek.

Hori dela eta, etxeen fatxadak kolore ilunagoz janzteko hautua egin dute bertan bizi diren batzuek. Kanpaina ere abiatu dute auzoko gainerako bizilagunek ere bide beretik jo dezaten. Bestetik, isiltasuna errespetatzeko eskatzen duen kartela jarri dute, eta zenbait etxetan kateak edo sokak jarri dituzte eskaileretan. 

Auzoaren izaera koloretsua eta haren xarma gustuko izan arren, bizilagun askok etsi egin dute eta halako neurriak hartu dituzte, egoerari eutsi ezinda. Ikusteko dago neurriak eraginkorrak izango diren ala ez, baina bisitariok badugu zer hausnartu, herri eta hirien izaera eta biztanleen bizimodua kaltetu nahi ez badugu.