Londresko ikasleak

Charlie, Cathline eta Alex unibertsitariak dira. Hirurak Londresen bizi dira eta idazleak izateko lizentziaturako bigarren urtean daude. Beraiekin hitz egin dugu, Londresko ikasle bizimodua gertutik ezagutzeko.
"Astean zehar unibertsitatean ikasten dut eta asteburuetan Knightsbridge-ko jatetxe batean lan egiten dut", diosku Charliek. "Ikasketa ertainak egin nituenetik lanean aritu naiz eta egia esan, ohitu egin naiz". Irabazten duen diruarekin, Charliek matrikula ordaintzeko eta bizitzeko adina du. Hala ere, uda osoa lanean dihardu.
Hiru lagunek ez dute ia azterketarik egiten unibertsitatean. Alexen esanetan, "noizean behin azterketaren bat jartzen digute, baina oso arraroa da. Lan asko bidaltzen digute eta lanon emaitzak dira gure notak". Irakasleek agindutako lanetan ikasleek iruzurtxoak egiten ote dituzten galdetu diegu eta ezetz esan digute,
Hemen ere ostegun gauak ikasle gauak dira, eta unibertsitateak filmak eskaini eta karaokeak antolatzen ditu. Dena den, beraiek ez dute parte hartzen horrelako ekintzetan. "Lagun berriak egiten dituzu unibertsitatean, baina ez duzu unibertsitetik kanpoko giroa ezagutzen. Ni, adibidez, hemen ezagututako lagun baten party-ra joango naiz hurrengo asteazkenean eta bertan ikasleekin eta ikasle ez direnekin izango naiz", dio Cathlinek.
Orokorrean pozik bizi direla diote eta ez dutela oraingoz lanean buru-belarri hasi nahi. Bestalde, Erresuma Batuko gobernuak gero eta beka gutxiago ematen ditu eta ikasleek maileguak eskatu behar dituzte matrikulak ordaintzeko. Cathlinek ere argi ditu gauzak: "ikasketak bukatu ondoren, lehen lana lortzen duzunean, zorrak kitatu behar dituzu eta hilabetero banketxeak soldataren zati bat kentzen dizu. Lan egin eta diru gutxiago jaso? Ikasle izatea nahiago!".