Londreseko parrandak

Londreseko parrandak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/londreseko-parrandak/@@download/image/6p35-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Maite Larrañaga
Londreseko parrandak


Ostirala da hemen parrandan ibiltzeko egun nagusia. Honek ez du esan nahi larunbatean tabernak hutsik daudenik, baina gazte gehienak aste osoan ostiral gauaren zain izaten dira eta azkenean, parranda "basati" samarra egiten dute, alkohol gehiegi edaten dute eta.
Pub-a edo taberna lagun guztiak elkartzeko tokia da. Pub-ak hamaikak edo hamabiak arte zabalik daude eta ondoren, klub edo diskoteketara joan behar da. Klub asko dago aukeran eta beraien arteko ezberdintasun nagusia musika mota da, eta normalean 05.00ak edo 06.00ak arte irekita egoten dira. Erresuma Batuko mirari bakarrenetarikoa!
Baina parranda luze hauen alde txarra zera da, dirua! Izan ere, klubetan sarrera ordaindu behar da eta horrez gain, edariak oso-oso garestiak dira.
Sos gutxi gastatzeko, onena "etxeko festa" da eta horrexegatik beharbada, etxean "party"-ak egiteko ohitura handia dago herri honetan. Gonbidatuek edariak ekartzen dituzte eta etxekoak musikaz arduratzen dira. Udan etxeetako atzealdeko lorategiak dantzatoki bihurtu ohi dira.
Badago beste festa mota bat , ingelesek "etxea berotzeko festa" deritzotena. Norbait etxez aldatzen denean,  lagun guztiak gonbidatu eta parranda mundiala egiten da. Hurrengo goizean etxea zerri-zerri eginda dago, baina "girotuta". Dirudienez, britaniarrek gonbidatuek utzitako zikinkeria eskertzen dute!