Londres azkazalak margotzearen artea

Londres azkazalak margotzearen artea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/londres-azkazalak-margotzearen-artea/@@download/image/2p37-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Maite Larrañaga


Londresko neska gazteak duela bost urte hasi ziren azkazalak margotzeko laka kolore bitxiak erabiltzen eta handik bi urtera "fantasiazko" azkazalak jartzeko dendak ireki zituzten. Gaur egun Londresko auzo guztiak mota honetako dendez josita daude. Bitxia da kontua, Euskal Herrian Frantziako manikura da ezaguna, baina hemengo azkazalak oso bestelakoak dira.
"Nail bar" (edo azkazal barrak) esaten zaie denda hauei. Dendara sartu eta azkazalen diseinu guztiak hormetan jarrita ikus daitezke, azkazal museo baten antzera. Gehien eskatzen diren diseinuek purpurina daramate edo belarritakoena bezalako brilanteak. Beste batzuk berriz, marrazkitxoak: palmondoak, arrosak...
Lehen zitak ordubete irauten du: azkazalak txukun-txukun limatu, garbitu, azkazal akrilikoak itsatsi eta ondoren, margotu egiten dira. Bost mila pezetatik gora balio du honek denak. Garestia da, batez ere gaztetxoenentzat, baina bertako neskek nahiago dute dirua azkazalak margotzeko erabili beste ezertan baino! Hamasei eta hogeitalau urte bitartekoek osatzen dute negozio honen bezeroen ehuneko %70.
Beltzak izan ziren joera honi heltzen lehenak. Ondoren, indiarrak etorri ziren eta orain jatorri guztietako neskak ikus ditzakegu azkazal barren atzean. Dirudienez, Estatu Batuetatik dator moda hau eta Londresen azkazal dendak zabaldu dituzten gehienek New Yorken ikasi dute azkazalak jartzeko teknika.
Larunbat gaua iritsi eta diskoteka guztiak jendez betetzen dira. Neskei erreparatu eta milaka azkazal desberdin ikusten ditugu. Eskuak panpintxoak balira bezala mugitzen dituzte. Zergatik ote? Azkazal akrilikoren bat galtzeko edo puskatzeko arriskua dagoelako. Beraz, behatzak mugitzeko arte berezia asmatu dute, azkazalek asteak eta asteak iraun ditzaten. Zaila izan behar du benetan honelako azkazaltzarrekin bizitzea, baina neska askok eta askok oso ondo hartu dute joera hau, besteak beste, azkazalak jateari utzi baitiote!