Lofi Girl edo nola erabili soinua zarata mentalarekin amaitzeko

Lofi Girl edo nola erabili soinua zarata mentalarekin amaitzeko Frekuentzia baxuko musika idazteko, zarata zuria lo hartzeko, zara arrosa orainaldian sentitzeko, Lofi Girl-en playlist-a lan egiteko... horietakoa zara? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lofi-girl-edo-nola-erabili-soinua-zarata-mentalarekin-amaitzeko/@@download/image/maxresdefault.jpg
2023/05/05

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Frekuentzia baxuko musika idazteko, zarata zuria lo hartzeko, zara arrosa orainaldian sentitzeko, Lofi Girl-en playlist-a lan egiteko... horietakoa zara?
Lofi Girl edo nola erabili soinua zarata mentalarekin amaitzeko

Adituek ohartarazten duten isiltasunak funtsezkoa dela gure garunaren ongizaterako, baina zarata gure bizitzetan finkatu da. Orain, lasaitasuna eskuratzeko, zarata oso zehatzak bilatzea sekula baino ohikoagoa da.

Gaua da, hiria lotan dago eta neska bat ikasten ari da. Bere idazmahaian eserita, idazten dabil etengabe bere katua leihoan lotan dagoen bitartean. Bat-batean, ordea, argi batek dir-dir egiten du eraikin batean. Planoa aldatu egiten da, ez ikaslea, ez bere katua ez daude gelan. Kamerak gamer mutil batean jarri du fokua. Neska bezala, bere txakurrarekin idazmahaian eserita dago. Musikak martxan jarraitzen du. 

Horrela iragarri zuen Youtubeko Lofi Girl 24 orduko musika kanalak pertsonaia berri bat: Lofi Boy. Bertsio berri honek lofi generoko musika igortzen du baina elektronikatik hurbilago dagoena. 

Lofi neskaren inguruan sekulako komunitatea eraiki da. Egun kontuak 12,4 milioi harpidedun ditu eta bere zuzeneko igorpenak gutxitan jaisten da konektaturik dauden 50.000 entzuletik. Milaka eta milaka pertsonek jotzen dute Lofi neskarengana monotoniarekin hautsi eta lanean, ikasten zein etxeko zereginak egiten kontzentratzeko. Batzuetan txatean ere idazten dute konpainia bila, beste aldeko entzuleekin loturak eraikiz. 

Lofi Girl kanalean komunitatearen efektua oso garrantzitsua da. Askok aipatzen dute kontu honi esker modu eraginkorragoan errepasatu ahal izan dituztela euren apunteak eta zoriontasun gehiagorekin egiten dutela lan. 

Musika kanal honen atzean Lofi Records deitutako frantziar diskoetxe bat dago. 2015. urtetik bere ekoizpen propioak erabiltzen ditu, nahiz eta beste konposatzaileen edukiak ere erosten dituen egungo eskaera izugarriari erantzuteko. Kanal hau bera bakarrik 4,6 milioi dolarretan baloratuta dago.

Lofi Girl-en arrakasta mugimendu oso baten isla da. Gero eta ohikoagoa da gure zereginetan kontzentratzen laguntzeko edo lasaitzeko estilo honetako ambient musika erabiltzea. Horregatik koloretako zarata ere oso modan jarri da. Zarata zuria da ezagunena. Zara zuria telebista analogiko bat da adibidez. Honen soinua konstantea da eta ez da aldatzen. Zarata arrosa ere badago, soinu naturalak direnak: hostoen hotsa, euria edo olatuak. Loa eta kontzentrazioa bultzatzen dute. 

Ortzadar musikal honen barruan zarata marroia ere badago, behe-soinua duten frekuentziak dira, ekaitzaren soinua edo ur-jauziak. Zarata grisa, urdina, laranja eta beltza ere badaude. Bakoitzak bere ezaugarri eta onura propioak ditu. 

Alta, soinu-amalgama guztia hau ebidentzia zientifikoaren eta hautemate pertsonalaren artean bizi da. Izan ere, mundu guztia ez da gai Lofi Girl-ekin lan egiteko edo euri artifizialaren soinuarekin lo hartzeko. Baina, hazten eta hazten ari den entzule kopurua behatuta, argi dago pertsona asko eroso sentitzen direla honelako soinuak entzuten. Zaratara ohitu ote gara?

Zarata arazo garrantzitsua da Europar mailan. European Environment Agency-k informatu duenez Europako populazioaren %20 trafiko zarata asko dagoen inguruneetan bizi da. Zarata hau bereziki kaltegarria da. 113 milioi pertsona daude 55 dezibeliotik gorako zarata jarraituaren esposizioagatik kaltetuak. Joera honek ez du murrizketarik pairatu 2012. urtetik. Honi belaunaldi berriko zaratak deitutakoa gehitu behar zaio, hau da, Whatsapp elkarrizketak, sare sozialen jakinarazpenak...

Soinuz inguratuta bizi gara eta isiltasuna praktikatzea zaila da. Alabaina, belarriaren fisiologia ezberdina da pertsona bakoitzean, soinuak batzuk intentsuago bizi dituzte eta beste batzuk ez horrenbeste. Soinu horrek lan egitea edo lo egitea eragozten baditu zarata deitzen diogu, kontzentratu eta lasaitzen laguntzen badigu soinua edo musika. Laburbilduz, inguratzen gaituen zarata gorroto dugu, baina isiltasun erabatekoan egoten ere ez dakigu, zaratara ohitu baikara.  

Zientzia aspalditik dabil sorkuntzarako soinu jakin batzuk onuragarriak diren ala ez jakin nahian. Horretarako hainbat esperimentu burutu dira. Dirudienez, soinu batzuk abstrakzioa eta sormena bultzatu lezakete, baita informazio prozesamendua erraztu ere.

Beste zenbait ikertzailek, ordea, soinuen erabilera eta kontzentrazioa antonimotzat dituzte. Ikerketa batzuk ondorioztatu dute zarata maila altuak, adibidez zarata arrosak, sormena murrizten duela jarduera artistiko bat burutzen ari bagara, nahiz eta ideia berriak inkubatu ditzakeela onartzen duten.

Orduan zer da egokiena? Erabateko isiltasunean lan egitea arrotza zaigu gaur egun. Pertsona batzuk musika entzunez hobeto kontzentratzen dira euren garunak, momentu horietan, dopamina gehiago ekoizten duelako. Honek estresa ezabatzen laguntzen du eta lana zerbait positiboarekin lotzen du. Joera hau pertsona gazteetan da ohikoena. Eta zuk, zein soinu mota behar duzu gaur?