Lobo electrico: ulu elektrikoa

Lobo electrico: ulu elektrikoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lobo-electrico-ulu-elektrikoa/@@download/image/45o11-1.jpg
2004/10/01
erreportajea
Julen Azpitarte
Tolosarrak dira, eta lehen diskoa labetik atera berri dute: "¿Has visto al lobo electrico?". Ruido de Rabia talde mitikoko bi kide ari dira Lobo electrico taldean: Xanti eta Jorge.

Otso Elektrikoaren uluak 70eko hamarkadako rock & roll-aren iturri odoltsuetatik edaten du, punk-rock-a baztertu barik. Laukoteak Stooges, Iggy Pop musikari ezagunaren talde mitikoaren indarra du, eta energia hori gogor igortzen du kontzertuetan. Zuzenean entzulegoa hipnotizatzeko gai dira.

Duela pare bat hilabete, binilozko single bikaina kaleratu zuten Beleza Malandra zigiluarekin, eta honakoa, estreinako lan luzea da. Bonberenea Ekintzak ekimenak argitaratu du, eta hamar kanta gordin bezain 'gozo' bildu dituzte bertan. Gure artean ezohikoa den musika egiten dute, eta taldearen filosofia ere halakoa da. "Diskoarekin kontzertu gehiago izan beharko genituzke; logikoena da. Baina logika oso arraroa izaten da. Gure helburua jende gehiago ezagutzea da, lagunak egitea, eta gure artean bakean bizitzea. Ondo pasatzea rock-arekin", esan digute Xanti Magma abeslariak eta Capitan Sarraceno bateria jotzaileak.

Garrantzitsuena espiritua

Tolosarrak oso pozik daude diskoarekin:  "Lagunen arteko lana izan da. Karlos Osinaga arduratu da nahasketaz, eta hark indarra ematen die grabazioei. Argi dago gauzak hobe egin daitezkeela, baina baita okerrago ere. Perfekzioa ez da esistitzen. Gainera, garrantzitsuena soinuak eragiten duen espiritua da".  

Bestalde, kanten hitzak aipagarriak dira: irudiz beteta daude; ilunak dira, misteriotsuak. Taldearen doinu sendoek eta Xanti Magmaren hitz iradokitzaileek aparteko sinbiosia osatzen dute. "Neure mamu pertsonalak sormenaren bidez uxatzen ditut. Hitz guztiak ibilbide elektriko misteriotsuan aurkitzen ditudan izakiek eragiten dituzte. Bestalde, irudiok norbaitentzat lagungarriak badira, are hobe", dio Magmak.

"¿Has visto al Lobo Electrico?" Euskal Herriko denda guztietan dago jada. Zure aleak jada jiraka beharko luke. Etengabe.