Loak hartzeko zer musika da egokiena?

Loak hartzeko zer musika da egokiena? Berrogeialdi honetan asko dira lo egiteko arazoak izaten ari direnak, zure kasua bada beharbada musikak lagundu liezazuke. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/loak-hartzeko-zer-musika-da-egokiena/@@download/image/Relaxing-Music-2-100.jpg
2020/05/08

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Berrogeialdi honetan asko dira lo egiteko arazoak izaten ari direnak, zure kasua bada beharbada musikak lagundu liezazuke.
Loak hartzeko zer musika da egokiena?

Musikarekin ohera joatea eta berau entzuten den bitartean lokartzea pertsona askoren ohitura da. Erresuma Batuko Sheffield Unibertsitateko zientzialariek burututako ikerketa batek dioenez, aztertutako pertsonen %62ak melodia eta abestiekin batera hartzen du loak. 

Ikerketako partaideek arrazoitu zutenez lotara joaterakoan play sakatzen dute musikak erlaxatu egiten dituelako, egon daitezkeen zaratak estaltzen dituelako, ohitura dutelako, musikarekiko pasioa adierazi zuten eta beste gauzetatik oharkabetzen laguntzen dituelako. Eta arrazoia dute, izan ere, musikak osasunean onura ugari ditu. Plazera eragiteaz gain, bihotz taupaden maiztasuna gutxitzen du, umorea hobetu eta ikaste prozesuan ere lagundu dezake. 

Hori dela eta, modu terapeutikoan erabili izan da aspalditik: ebakuntza baten ostean, depresioaren eta Alzheimerraren aurkako tratamenduetan... Alta, onura guzti hauek edukita ere duda sor lekiguke: ona al da musikarekin lokartzea? Ez al litzateke hobea isiltasuna? Kalitatezko loaldi bat ez al luke txartuko musikak? 

Lokartu aurretik musika entzutea onuragarria da
Ikerketa ugarik baieztatzen dute hau: musikarekin lokartzea ona da. 2014ko ikerketa batek frogatu zuen nabarmen hobetzen zela loaren kalitatea musikarekin. Horretaz gain, frogatu zen loaren nahastea zuten pazienteetan tratamendu bezala musika erabiltzea lagungarria zela. 

Urtebete beranduago, Danimarka eta Estatu Batuetako ikerlariek beste azterketa bat argitaratu zuten musika eta loezinaren inguruan. Emaitzek erakutsi zutenez musika eraginkorra izan daiteke loaren kalitatea hobetzerako garaian. 

Ikerketa hauetan ateratako ondorioek zentzua dute kontuan hartzen bada haurrak lokartzeko milaka eta milaka urtetatik sehaska kantak erabiltzen direla. Musika ona da lo egiteko jaiotzen garen momentutik eta kultura guztiek izan dute garbi ideia hau. 

Datu hauetan oinarrituta Max Richter musikariak Sleep izeneko zortzi orduko sehaska kanta sortu zuen zuzenean eta gauez jotzeko. Ikusleei eskatu zien lotarako arropekin eta kuxinekin hurbiltzek kontzertura. 2017an aurkeztu zuen Richter-ek bere sehaska kanta luzea Madrilen. 

Hala eta guztiz ere, Richter-enak bezala musikak lo hartzen lagundu badezake ere, behin lo hartuta bere eragina galtzen du. Haatik, badago ideia bat uste duena, behin lo hartuta musikak eragin subliminal bat izan dezakeela. Hala ere, uste hau horixe da, ustea, ez baitu inongo oinarriz zientifikorik. 

Ebidentzia hauetan oinarrituta Estatu Batuakeko Loaren Erakunde Nazionalak ohera musikarekin joatea gomendatzen du, batez ere lo hartzeko zailtasunak dituztenei. Erakundeak nabarmentzen du farmakoen aldean musikaren onurak ugariak direla: merkea da, ez du menpekotasunik sortzen eta ez du inongo ondorio negatiborik. Aipatzen du 45 minutuz, lokartu aurretik, musika lasai entzuten duten helduak azkarrago lo hartzen dutela, gutxiago esnatzen direla gauean zehar eta hobeto deskantsatzen dutela. Horretaz gain, musika entzutean organismoak sentitzen duena (bihotz taupadak jaistea, arnasa lasaitzea, muskuluak erlaxatzea) lo hartzen ari denean esperimentatzen duen gauza bera da. Horregatik, lo hartzeko prestaketa paregabea izan daiteke musika. 


Zer musika entzun lokartu aurretik
Baina zein da lotarako musika onena? Adituek diotenez norberari gehien gustatzen zaion musika litzateke, baina hala ere, egokieneak erritmo motelak dira. Musika klasikoa edo jazz zein folk generoak adibidez. 

2015ean Spotify-ek ezagutzera eman zuenaren arabera Ed Sheeran da erabiltzaileek sortutako sleep playlists-etan (lokartzeko musika zerrendak) presentzia gehien zuena. Hala ere, erritmoa misterio bat da zientzialarientza. Bizitza sortzen den unetik sentiberak gara taupadei, hanka bat edo burua mugituarazten gaituen pultsu horri. Oraindik ordea, inork ez daki zehazki zer dela eta dugun gizakiok musikarekin mimetizatzeko ahalmena. Ziur esan dezakeguna da lo arazoen aurrean musika dela botikarik
osasuntsuena.