Lo hartu ezinik

Lo hartu ezinik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lo-hartu-ezinik/@@download/image/76p50Loa1.jpg
2007/07/06
erreportajea
Eguna bukatu eta atseden hartzeko momentua iritsi da. Izarapean sartu, argia itzali eta begiak itxi. Gure pentsamenduak badatoz eta badoaz… Arnasa sakon hartu… Morfeoren besoetan erortzeko irrikitan gaude; lo egin eta amets goxoak izan nahi ditugu. Baina beti ez dugu erraz lortzen. Ilunpetan, urduri, kezkak ezin burutik kendu… 

Gaua lo hartu ezinik pasatzea oso desatsegina da. Goizean behar bezala atseden hartu gabe jaikitzen gara eta. Ondo lo egitea, beraz, plazerra ez ezik, ezinbestekoa da egunari aurre egin ahal izateko. Are kezkagarriagoa da, arazoak luze jotzen badu. Izan ere, gaixotasun psikikoak sor daitezke —oso muturreko kasuetan heriotza ere eragin lezake—.

Batez beste, zortzi ordutan lo egin behar dela diote adituek. Hori bai, pertsona batzuek gehiago behar izaten dute, eta beste batzuek nahikoa izaten dute gutxiagorekin. Dena dela, garatutako herrialdeetan, ez gara iristen zortzi orduko horretara; batez bestekoa ez da zazpi ordutik gorakoa izaten. Eta horrez gainera, loak emandako atsedenak, benetako atsedena izan dadin, fisikoa eta psikologikoa izan behar du.  

Gaur egun, hala ere, hiru pertsonetatik batek lo arazoak izaten ditu. Urtetik urtera gero eta lo egiteko pilula gehiago saltzea nahiko esanguratsua da. Ondorioak: antsietatea, urduritasuna, apatia, sumintasuna, nekea, ahulezia, logurea egun osoan, depresiorako joera… Insomnioa izaten da gaitzik arruntena; batik bat emakumeei gertatzen zaie. Normalean lokartzeko orduan gertatzen da insomnioa. Baina, behin lokartuta, loari eusteko garaian ere gerta daiteke. Izan ere, insomnio mota ugari dago: lokartzeko denbora luzea behar izatea, gauez sarritan itzartzea, behar baino lehenago esnatzea edota nekatuta jaikitzea… Dena den, insomnioa diagnostikatzeko, arazoak hilabete iraun behar du, gutxienez.

Zergatik izaten dugu lokartzeko arazoa? Edo zergatik lo egiten dugu gaizki? Arrazoi ugari dago: zarata, hezetasuna… Hala ere, arrazoi nagusia arazo pertsonalak izaten dira: lan arazoren bat, senide baten gaixotasuna, depresioa, estresa, antsietatea… Hau da, egunez izandako kezka eta arazoekin oheratzen garenean sufritzen dugu.

Aholku sortatxoa
Zer egin behar da ondo lo egiteko? Lehenik eta behin, lekuak aproposa izan behar du. Logela zaintzea oso garrantzitsua da. Ondo aireztatuta egon behar du; ez beroegi, ez hotzegi. Oheko arropak erosoa eta atsegina izan behar du. Era berean, gela zaratetatik isolatzea komeni da; alfonbrek eta gortinek soinua moteldu egiten dute. Bestalde, logela lo egiteko tokia da; hobe da, beraz, telebistarik ez izatea eta lanarekin edo ikasketekin zerikusia duen guztia ondo gordeta izatea.

Adituen arabera, ohera sartu aurretik, gauero pauso berak errepikatu beharko genituzke: dutxa bero bat, infusio bat edo edalontzi bat esne, liburu arin bateko orrialde batzuk irakurri…

Arratsaldean lo kuluxka bat egin nahi baduzu, lasai. Baina ez itzazu hogei minutu baino gehiago pasatu; oreka apurtuko duzu, bestela.

Afaria goiz egitea ere komeni da; oheratu baino bi ordu lehenago, ahal bada. Arina izan behar du. Helburua: digestioa erraz eta garaiz egitea. Goseak oheratzea ez da komeni, ordea.  

Oheratu aurretik, saihestu beldurrezko edo indarkeria handiko film edo telesailak ikustea.

Egunean zehar ariketa egitea ere gomendagarria da;  paseotxo bat nahikoa izan daiteke. Ariketa fisikoa estresari aurre egiteko lagungarria izaten da.

Aholkuek porrot egiten dutenean

Lokartu ezinik bazabiltza, ez geratu ohean bueltaka. Jaiki eta egin edozein gauza lasaigarri: musika lasaia entzun, irakurri...

Ordu txikietan esnatzen bazara, ez begiratu erlojuari; itxi begiak eta ahalegindu lasaitzen.

Lasaitzeko ariketa batzuk ere egin ditzakezu: zure gorputzaren kontzientzia hartu. Beso bat aurrena, beste bat jarraian, gero zango bat, bestea hurrena… Benetan pisatu egiten dutela konturatu behar duzu, astunak direla. Arnasa sakon hartu; ahal bada sabeletik indarra eginez, lotan dagoen pertsona baten antzera. Eta jarraian utzi arnasketak bere erritmo normala har dezan.

Azkenik, ez itsutu loarekin. Etorriko da eta logurea!